1.150 herritarrengana iritsi da Tolosatzen Eskola Irekia

Ataria 2022ko uztailaren 21a

Tolosatzen Eskola Irekiak amaitu du ikasturtea, eta Tolosako Udaletik balantzen "oso positiboa" egin dute.

Ekainean amaitu zen 2021-22ko ikasturtea eta Tolosako Udaleko Komunitatea eta Gobernantza sailak balorazio "oso positiboa" egin du, "adin ezberdinetako bizilagunek gai anitzen inguruan hausnartzeko espazioa eskaini baitu hirugarren urtez jarraian Tolosatzen Eskola Irekia egitasmoak". Aurtengo ikasturtean 1.150 herritarrengana iritsi da proiektua. 

Datu zehatzei erreparatuz, ekitaldiak jendetsuak izan direla nabarmendu du sailak. Hala, guztira, 22 hitzaldi eta tailer antolatu dituzte, eta 897 pertsonek hartu dute parte ekimenetan: lehen hiruhilekoan Bizitzarako konpetentziak izenburupean, 344 pertsonek eta bigarren hiruhilekoan, berriz, Kontzienteki bizi izenburupean, 553 lagunek. 

Arrastoan egitasmoa ere burutu zuten, Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeen parte hartzearekin. Guztira 11 saio izan zituzten eta 250 haur inguru batu zituen. Halaber, zaintza tailerrean 10 kideko taldea izan zuten. Udala "oso gustura" agertu da ekintza honekin ere eta, beste behin, eskerrak ematen dizkie herriko ikastetxeei Tolosatzen Eskola Irekiarekin bat egiteagatik.  

Saio "arrakastatsuak"

Komunitatea eta Gobernantza sailak 2021-2022 ikasturtean Tolosatzen Eskola Irekian antolatutako eta gazteei zuzendutako hiru jarduera nabarmendu nahi izan ditu. Alde batetik, aurrez aipatutako Jaume Funes psikologo, hezitzaile eta kazetari katalanak eskainitako saioak ekarri ditu gogora. Izan ere, urtarrilean 200 pertsona (160 heldu eta 40 gazte) aritu ziren Funesekin Nerabezaroa, bizikidetza eta emozioak hitzorduetan hainbat gairen inguruan hausnartzen. 

Funesek nerabeengan fokua jarrita, diskurtso positibo, motibagarri eta eraikitzaile batekin jardun zuen, etengabeko ikasketa prozesu indibiduala eta kolektiboa, aldaketara bideratutako bizitza eta bide horretan komunitateak duen papera eta garrantzia, aldaketen kudeaketa, elkarbizitza, emozioak… landuz. Horrez gain, psikologoa herriko nerabe talde batekin solasean aritu zen Tolosako Inmakulada Lanbide Heziketa ikastolan, egungo testuinguruan gazteek dituzten beharren, kezken eta bizipenen inguruko entzute saio batean. 

Bestalde, Bihotzetik elkartearekin antolatutako hitzorduetan bizi amaiera kontziente baten alde hausnartzen aritu dira parte-hartzaileak eta guztira, 243 pertsona izan dira antolatutako zazpi saioetan. Eta amaitzeko, Betikasten elkartearekin elkarlanean antolatutako hiru saioak nabarmendu dituzte, azken hauek ere arrakastatsuak izan direlako: 274 lagunek parte hartu dute.

Herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzean

Tolosako Udalak herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazi zuen Tolosatzen Eskola Irekia. Herritarrak hainbat gaitasunetan trebatzea eta elkar ezagutza sustatzea ditu helburu, horretarako, proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko sinergiak sustatzeko asmoz. 

Hala, tolosarrak hainbat gaitasunetan trebatzeko helburuarekin, 2021eko abendutik 2022ko ekainera bitartean egitarau oparoa landu du, bi ziklotan banatuta, eta Kontzienteki bizi eta Bizitzarako Konpetentziak lelopean. Dolua, bizitza, heriotza, familia, konpetentzia sozioemozionalak eta zaintza lanak bezalako gaiak landu dituzte ikasturte guztian zehar antolatutako hitzaldi eta tailerretan. Eta, bestelako hainbat gai ere landu dituzte, tartean Tolosan klima aldaketari aurre egiteko udalak garatu duen Tolosa Klima 2050 Plana aurkeztu zen Betikasten elkartearekin batera eta tailerrari dagokionean, aldiz, gatazkak eraldatu eta konpontzeko paradigmak landu zituzten Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan. 

Gazteei lotutako hainbat jarduera ere egin dituzte, besteak beste: IKT-en erabilera arduratsu batera bideratutako ikastaroa Hazkunde erakundearen eskutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin elkarlanean garatutako Treba Gurasoak formakuntza, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzera bideratuta, eta Jaume Funes adituaren hitzaldia, nerabeengan fokua jarrita eskaini zuen hitzaldiarekin eta Tolosako gazteekin egin zuen topaketarekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!