Amaia Elizaran Irlandan eta Kolonbian izango da datozen egunetan

Ataria 2022ko uztailaren 21a

'Mar' ikuskizuna eskainiko du Kolonbian.

Amaia Elizaran dantzari tolosarraren dantza garaikideko konpainiak Arima lanaren laburpen bat eskainiko du gaur Liam Ó Maonlaírekin batera Irlandako Happy Days Enniskillen Internacional Becket Festivalean. Uztailaren 29 eta 30ean egongo da Kolonbiako Bogota hiriburuko Antzoki Nagusian.

Amaia Elizaran dantza garaikideko konpainiak Irlandan eta Kolonbian eskainiko ditu emanaldiak datozen egunetan. Gaur bertan Irlandako Enniskillen hiriko Happy Days Enniskillen International Becket Festivalean egongo da eta bertan Arima lanaren zati bat eskainiko du. Ez da bakarrik egongo Hothouse Flowers taldeko Liam Ó Maonlaí artistarekin batera ariko baita. Jaialdiko irekiera ekitaldian eskainiko dute lanaren bertsio egokitua. Ó Maonlaík bere kanta arrakastatsuenak eskainiko ditu. Arima Elizaren seigarren lana da, sinpletasunaren edertasuna aldarrikatzen du bertan, azaletik funtsezkora doan bidaia eginez.

Bogotako Antzoki Zaharrean aldiz, Mar pieza eskainiko du Amaia Elizaranek, uztailaren 29an eta 30ean. Etxepare Institutuak sustatutako Euskal Leihoaren barruan eskainiko du lana eta zikloak musika, dantza eta antzerkiko piezak biltzen ditu. Mar eskaintzeaz gain, tolosarrak solasaldi batean eta masterclass batean hartuko du parte. Mar ozeanoaren mugimenduan oinarritzen da, eta mugimenduaren bidez atmosfera berezia sortzen du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!