Rondilla 29ko jabeak kexu dira diru laguntzarik ez dutelako jaso

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 21a, 07:59

2019an hasi ziren fatxadako obrekin Rondilla kaleko 29 zenbakiko bizilagunak, eta Tolosako Udalak zuen Alde Zaharra birgaitzeko Erretengibel 2020an desegin eta gero, oraindik ez dute diru laguntzaren berririk.

Rondilla kaleko 29 zenbakiko bizilagunak haserre agertu dira Tolosako Udalarekin. Fatxada berritzeagatik diru laguntza jasoko zutela esan zieten 2019. urte hasieran Erretengibeleko bulegoan, baina oraindik ez dute laguntzarik jaso, eta hori gauzatzeko ordenantzarik ere ez dutela esan diete udaletik.

2019ko urte hasieran eraikineko zati txiki bat erori zitzaien Iratxo tabernaren aurrera, eta ez zela ezer gertatu ekarri dute gogora bertako bizilagunek. Orduan, horrek obra egin beharra aktibatu zuen eraikineko aurrealdea berritzeko. «Arriskuan zeuden gauzak kendu eta paper kontuekin hasi ginen», zehaztu dute bizilagunek.

Orduko administratzailea diru laguntzen berri jakitera joan zen Tolosako Udalak Alde Zaharra birgaitzeko jarria zuen Erretengibel bulegora. Fatxadaren metro karratuen araberako diru laguntzak zituzten zehaztuta Alde Zaharreko etxebizitzak berritzeko. «Aurrekontua egin zenean, gurea obra handia zenez gastuaren %25eko diru laguntza egokitzen zitzaigula esan ziguten», zehaztu dute. Eta gogora ekarri dute orduan esan zietela Erretengibel desegitekoak zirela; «ez zekiten oraindik noiz, baina udalak zuzenean bideratuko zituela laguntza horiek esan zitzaigun».

Paper kontuak tarteko, asko luzatu zitzaien obra. «Lehen proiektua ez ziguten onartu», diote. «80 zentimetro zabaleko balkoiak genituen eta 40koak behar zuten izan eta beste proiektu bat egin behar izan genuen». Zalantza izan zuten konponketa edo berritzea zen erabakitzerakoan, eta azkenean berritzea zela erabaki zutela eman dute jakitera: «Gu txintxo-txintxo joan ginen egiten beraiek esandako guztia».

2019ko bukaera edo 2020ko hasieran hasi ziren obrak egiten, eta 2021eko otsailean bukatu zituzten lanak. Jada, Erretengibel ez zen existitzen; 2020ko abenduan desegin zuen udalak. Harremanetarako zuten kontaktuaren bidez bideratu zuten guztia; «guk udaletxera bidali behar zirela gauzak uste genuen, baina, ez, Eusko Jaurlaritzara bideratu behar ziren». Digitalki guztia aurkeztu zutela kontatu dute; «azkenean, 2021eko apirilean eman zuen ebazpena Eusko Jaurlaritzak, eta guri maiatza aldera iritsi zitzaigun». Ebazpen horretan zehazten da obran gastatu dutena, eta hori da udaletxean aurkeztu behar zutena. Gero, udal bakoitzak bere arauak aplikatu beharko lituzke: «Tolosaren kasuan bere arauek gure obrak %25eko laguntza eduki behar duela esaten zuen». 29.000 euro inguruko laguntza egokitzen zaiela diote.

ORDENANTZARIK EZ ORAINDIK

Bada, udaletxera joan eta «ezustekoa» hartu zuten; «Udaten bertan esan ziguten ordenantzarik ez dagoela». Udalak erabakia hartua zuen Erretengibel desegiteko, baina aurrera jarraitzeko ez dute ezer egin», kexatu dira.

Alkatetzari idatzitako bi gutun aurkeztuak dituzte Tolosako Udalean; lehena 2021eko irailean, eta bigarrena aurtengo apirilean. Bilera bat eskatu zuten, eta teknikari batekin elkartu ziren; «baina aurrera begiratu behar dugula izan da erantzuna».

«Gure obra handia izan da, eta ez dakit gure mailako besterik izango den, baina ziur gaude kaltetu gehiago izango direla», azpimarratu dute. «Ordenantzarik eginik ez badute ere, aurreikusitako erabakiek azkartasun gehiago beharko luketela uste dugu, eta ezin gaituzte urte eta erdiz zain eta baztertuta eduki». Ez zaigu ez bidezkoa eta ezta onargarria iruditzen ere», diote. Udaletik «tolosarron zerbitzura» daudela behin eta berriz errepikatzen dutela gogoratu dute, baina hitzartutako laguntza 18 hilabete pasa eta oraindik ez dutela jaso salatu dute.

Egin behar izan duten obra ez dela nolanahikoa izan azaldu dute, eta hainbat bizilagunek dagozkien ordainketak egiteko «arazoak» dituztela diote. «Diru laguntza izango genuela esan zitzaigun eta batzuk egoera larria ari dira bizitzen».

Guzti honen gainean, «oso kezkatuta» daudela azpimarratu dute. «Ordenantza egiten dutenean, Erretengibelen zituzten irizpide berak ez izateak kezkatzen gaitu, eta agian laguntzarik gabe geratu gaitezkeela da gure beldurra».

Hori horrela, duela hilabete bi pankarta handi jartzea erabaki zuten, Plaza Berrira begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!