Tolosa CF mendeurrena

Tolosa CF-ren mendeurreneko egutegiaren irabazlea Manex Civico izan da

Ataria 2022ko uztailaren 15a

Argazki lehiaketa antolatu zuen klubak, mendeurrenaren ekitaldiak jasotzeko egutegia osatzeko, eta sari banaketa egin dute Berazubin.

Guztira hamahiru argazki saritu dituzte, mendeurreneko hilabeteak hamahiru direlako, 2022ko ekainetik 2023ko ekainera. Izan ere, Tolosa CF klub bezala ekainaren 8an sortu zen, 1922an, eta Berazubi estadioaren inaugurazioa 1923ko ekainaren 24an izan zen. Manex Civico izan da irabazlea, Karrera ondorengo besarkada argazkiarekin, baina ez da egon sari banaketan. Bertan izan dira zenbait saritu: Javier Elola (Segiiii eta Saltoka argazkiengatik), Shrabani Aranzabe (Hazi, hezi, atletismoa gozatu, Minbiziari aurpegia eta Atletismoak ez du adinik argazkiengatik) eta Asun Eguren (Berazubi argazkiarengatik). Beste sarituak ondorengoak izan dira: Eduardo Sukia (Goooola argazkia), Irati Jauregi (Olatua, Mina eta Zuentzat argazkiak), Ibai Gabarain (Ori argazkia) eta Mikel Arribillaga (Piramidean argazkia).

Sari moduan, egutegiaz gain, Tolosa CF-ko kamiseta, banderatxoa eta uztailaren 27an egingo den gizonezkoen Reala eta Osasuna arteko mendeurreneko futbol partidarentzako bi sarrera jaso dituzte. Horrez gain, irabazleak txapela jasoko du. Argazkiak azken hilabetekoak dira, eta batez ere bere esanahiarengatik aukeratu dira. Epaimahaia Iñigo Royo, Iñaki Lopetegi eta Javi Zabala argazkilariek osatu dute. Egutegia mendeurreneko laguntzaile diren dendetan eta Berazubi estadioan eskuratu daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!