Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun ordenantza "aitzindaria" osatu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 15a, 16:00

Kultura politikoa, demokratikoa, herrigintza bera eta administrazioa sustatu eta sendotzeko lagungarria izango dela herritarrak ardatz dituen gobernantza ereduaren arau-oinarri berria adierazi dute udaletik.

Tolosako Udalak "aitzindaria" den Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun ordenantza osatu du. Herritarren parte hartzearekin lotuta, udaletik zehaztu dutenez, hainbat helburu ditu arautegi honek: udalerriko bizilagunen eskubideak zehaztu eta garatzea, gardentasunaren eta herritarren partaidetzaren esparruan; herritarrek gai publikoetan parte har dezaten ahalbidetzea eta bultzatzea, parte hartzeko bideak ezarriz (lankidetzazkoak, elkarrizketa bidezkoak, deliberaziozkoak eta zuzenak); herritarren parte hartzeko tresnak zehaztea eta prozedurak ezartzea (gune egonkorrak, parte hartzeko prozesuak, herritarren ekimenak eta herritarren kontsultak) eta, elkartegintza eta herritartasuna sendotzea eta bultzatzea eta lankidetza publiko-soziala sustatzea.

Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitateko zinegotziak adierazi duenez, udal gobernuak "barneratua" du gobernantzaren garrantzia. "Argi dugulako, komunitate gisa ditugun erronkei elkarlanetik erantzun behar diegula eta komunitatea sendotzeko bide bakarra dela gobernantza eredu berrietan sakontzea”. Hala, azken urteetan egindako ibilbidea eta onartu berri duten ordenantza “gobernuaren konpromisoaren adierazlerik nagusienak” direla gaineratu du. Zentzu honetan, emandako hainbat pauso gogorarazi ditu: “Gobernantza eta Komunitatea saila sortu genuen legealdi hasieran eta Tolosatzen egitasmoaren eskutik, Tolosatzen Eskola Irekia eta herri aliantza garatu ditugu azken urteetan, aurrekontu parte hartzaileekin batera”. Gainera, eskuartean gobernantza eredu berrietan sakontzeko beste proiektu garrantzitsu bat dutela aurreratu du: "Arantzazulab eta OCDErekin (Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundea) elkarlanean garatzen ari gara, Tolosan prozesu deliberatibo ordezkatzaile bat aurrera eramateko". 

Partaidetzaren kultura errotzeko eta sendotzeko

Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun ordenantza "aurrerapauso garrantzitsua" dela adierazi du zinegotziak. "Tolosa aitzindaria izan da horrelako ordenantza baten garapenean: ikuspegi berritzaileak txertatu eta jaso ditugu ordenantzan, komunitatearen garapenean, trebakuntzan, berdintasunean eta ikuspegi feministan azpimarra jarrita. Ez baitago benetako gobernantzarik, herritarrak ez badaude benetan ahaldunduta, beraien eskubideetan eta betebeharretan. Ordenantza hau, beraz, gobernantza indartzeko tresna da. Partaidetzaren kultura Tolosan errotzen eta sendotzen lagunduko diguna. Kultura politikoa, demokratikoa, herrigintza bera eta administrazioa sustatu eta sendotzeko tresna da, alegia". 

Ekindako bideari jarraipena emateko ordenantza, "herritarrekin bat, herritarrekin elkarlanean jarduteko" osatu dutela esan du. "Hori da gure apustua eta konpromisoa. Esanez eta eginez egiten dugulako". Modu parte hartzailean garatu da ordenantza, eta zenbait saio egin dira osatzeko. Legeak eskatzen duen bezala, herritarren parte hartze eskubidea bermatuz garatutakoa da arau berria. Genero perspektiba aintzat hartuz aurre ebaluazio eginez eta euskara eragileen ekarpenak jasoz osatu da, besteak beste. Gainera, maila politiko-teknikoan landua izan da eta horretarako, 30 bilera-saio baino gehiago egin dituzte eta 20 zirriborro osatu dituzte. 

Herritarren eta udalaren arteko komunikazioa indartzea

Alor desberdinetako legeak oinarritzat hartuz, lege esparru zabaletik abiatuz, alor desberdinetako aipamenak dokumentu bakarrean jaso eta Tolosako errealitatera egokitzen den partaidetza eta garapen komunitarioko eredua garatzen duela ordenantza berriak azaldu dute. 

Gainera, udalaren eta herritarren arteko informazio-eskubideari, gardentasunari eta komunikazioari lotutako tresnak eta egiturak definitzen ditu, bai eta herritarren eta udalaren arteko harreman-modu eta partaidetza-bide berriak arautzeko bitartekoak, mekanismoak eta prozedurak ere. "Azken batean, herritarrak ardatz dituen gobernantza ereduaren Tolosako arau-oinarria da ordenantza, eta hiru alderdien arteko elkarlanean, adostasunez eta aho batez sortu du udalak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!