Presa betetzeko lanak atzeratu ditu udalak

Ataria 2022ko uztailaren 14a

Erabakia hartzeko bi arrazoi aipatu dituzte Olatz Peon alkateak eta Patxi Amantegi zinegotziak: "Puzgarria betetzeko lanak oraindik ez dira gauzatuko, ur emari nahikoa ziurtatu eta emari baxuaren ondorioz sortu diren legar hondartzetan ugaltzen hasi diren Txirritxo txiki hegaztien espeziea babesteko".

2021eko abenduan izandako uholdeen ondorioz presa puzgarriaren sistema elektronikoa matxuratu egin zen. Tolosako udal ordezkarien esanetan jada sistema konpondurik dago. Bere garaian presa puzgarria instalatu zuen Alemaniako enpresak egin ditu konponketa lanak, azaldu dutenez. "Hainbat froga ere egin ditu enpresak. Azken ikuskaritza eta froga lanak baino ez dira falta; puzgarria puzteko moduan dago", zehaztu du Olatz Peonek.

Patxi Amantegik azaldu duenez, "ur emari baxuaren ondorioz, zenbait Txirritxo txiki hegazti bikote ugaltzen hasi dira Tolosan. Txirritxo txikia espeziea kaltebera gisa katalogatuta dago. Presa betetzeak arrautzak eta txitak galtzea ekarriko luke, eta debekatuta dago ugalketa-lekuak hondatzea eta suntsitzea. Ondorioz, ezinezkoa da presa orain betetzea". Amantegik zehaztu duenez, egoeraren "jarraipen estua" egingo dute, "presa lehenbailehen bete ahal izateko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!