Elkarrizketa

«Linzan zalantzak nituen, hankak oso nekatuta nituelako»

Imanol Garcia Landa 2022ko uzt. 14a, 07:59

Bere buruari erronka berezia jarri zion Sarah Ugartek, bide batez osasun mentalaren garrantzia aldarrikatzeko, eta baita lortu ere, bizikletaz eta korrika 227 kilometro eginez.

Tolosa eta Linza bitartean bizikletaz, eta tartean korrika San Donato eta Hiru Erregeen Mahaia gailurrak igotzea. Hau da, bizikletaz 200 kilometro eta 3.200 metro positibo, eta korrika 27 kilometro eta 2.300 metro positibo. Hori dena 15 ordu eta 9 minutu baino lehen. Horri Erronka1509 deitu zion Tolosan bizi den Sarah Ugarte kirolariak (Donostia, 1986), eta baita bete ere, aurreko larunbatean, 14.32ko denbora eginez.

Nolatan pentsatu zenuen erronka egitea?

Duela sei hilabete inguru nuen buruan erronka hori egitea, eta ez nekien zer izenburu jarri. Orain hilabete inguru Asics etxeak atera zuen ikerketa bat, eta bertan esaten zen 15 minutu eta 9 segundoz egunero kirola eginez gero, zure osasun mentala hobetzen dela. Beraz, pentsatu nuen minutuak ordu bihurtzea eta segundoak minutu.

Ez zenuen erronka makala aukeratu.

Nafarroako bi tontor berezi igo nahi nituen, eta San Donato eta Hiru Erregeen Mahaia aukeratu nituen. Eta etxetik, Tolosatik, hastea pentsatu nuen.

Mendi lasterkari moduan zara ezaguna. Nolatan bizikletarena?

Zerbait ezberdina egin nahi nuen. Normalean korrika aritzen naiz, eta horregatik bizikleta aukeratu nuen, baina aurretik ez nituen eginak hainbeste kilometro. Pentsatzen nuen hamasei ordutik gora beharko nituela, baina erronka denbora horretan ezarri nuen, eta azkenean lortu nuen.

Alde dezenterekin gainera.

Bai, 14.32ko denboran egin nuen, nahiko ondo.

Proba nola izan zen?

Lehenbizi 51 kilometro egin nituen bizikletaz, Uharte Arakileraino. Nire taldeko jendea hor zegoen zain. Arropa eta zapatilak aldatu eta San Donatora igo nintzen ordu bat eta lau minututan, kilometro bertikalaren bidea eginez. Jaitsiera 33 minututan egin nuen. Bizikletatik korrika egiterako aldaketa zaila da, pixka bat mareatuta sentitzen zarelako. Entrenatuta neukan eta banekien horrela izango zela.

Gero berriz bizikleta hartu eta Linzara.

Hor beste 150 kilometro izan ziren. Irurtzuneraino aldaparik gabe izan zen eta nahiko ondo zati horretan. Gero gehiago kostatu zitzaidan Linzan aldatu eta berriro korrika hastea. Hor hamar minutuz-edo nahiko mareatuta egon nintzen.

Eta Hiru Erregeen Mailara igo eta jaistea falta zen.

Bai, eta hori gogorra da: 1.500 metro positibo dira eta bederatzi kilometroko igoera Pirinioetan, harri askorekin. Jende asko zebilen menditik jaisten eta gu igotzen, eta esaten ziguten ea zertan ari ginen, ez zirela orduak mendira igotzeko. Oraindik arratsaldeko lauak ziren, eta eguzkia bazegoen.

Noiz konturatu zinen denboraz ondo ari zinela eta erronka lortuko zenutela?

Linzan zalantzak nituen, hankak oso nekatuta nituelako. Baina bi ordu eta bederatzi minututan Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean geunden, eta hor konturatu nintzen posible zela, oraindik beste bi ordu nituelako jaitsiera egin ahal izateko. Hankak gaizki nituen, baina oso motibatuta nengoen eta jaistea bakarrik geratzen zen. Gailurrean negar asko egin nuen, ordurako asko sufritu nuelako. Gero, Linzara iristean, oso kontentu, baina jaitsieran asimilatzen joan nintzen. Linzan familiarekin-eta ospatu nuen, eta oso polita izan zen.

Laguntza izan zenuen erronka egiteko.

Nire familia zegoen, eta hainbat lagun furgonetekin. Oso garrantzitsuak izan dira, bestela ezingo nuke egin. Jenderik gabe atzetik, erronka hau oso zaila da: nondik atera ura, janaria... San Donato eta Hiru Erregeen Mahaian nire ahizpa eta koinata izan nituen ondoan, eta Uharte Arakileraino lagun batek lagundu zidan bizikletaz.

Ingurukoek zer esan zizuten erronkaren berri ematean?

Oso zaila zela, eta erotuta nengoela esaten zuten. Baina nik hor nuen pentsamendua eta orain bi hilabete zehaztu genuen data, eta aurrera.

Osasun mentalak garrantzi handia du kirolean, ezta?

Bai, oso garrantzitsua da. Horregatik egin nahi nuen horrelako erronka bat osasun mentalaren alde. Hainbeste orduz zure kabuz esfortzu handi bat egitea ez da erraza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!