Elkartzeak on egiten duenean

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 13a, 18:14

Tolosako Udalak adinekoei eskainitako Eguneko Arreta Zerbitzua indartu du Uzturre zentroarekin batera; eskualdera begirako zerbitzua da, eta adinekoak parte hartzera animatu dituzte.

Tolosako Uzturre zentroan Eguneko Arreta Zerbitzua eskaintzan dute adinekoei zuzenduta. Apiriletik egonkortu eta indartu egin dute zerbitzu integral berria eskainiz. Erabiltzaileak gustura daude jasotzen dutenarekin, eta Tolosako Udaleko gizarte zerbitzuetatik gogoratu dute herritarren eskura dagoela zerbitzua. Gaurkoa egun berezia izan dute erabiltzaileek, udal ordezkarien eta langileen bisitaz gain, zentroko langileak eta senitartekoak izan baitira bertan.

Tolosako Udalak apirilean abiarazi zuen adineko pertsonei zuzendutako Eguneko Arreta Zerbitzu integral berria Uzturre Asistentzia Gunean. Bizi kalitatea hobetzea eta zaintza lanak erraztea dute helburu, eta mendekotasun arriskuan edo mendekotasun egoera arinean dauden 70 urte edo gehiagoko pertsonei zuzenduta dago. Adinekoei begira, autonomia mailari eustea, mendekotasun egoerak atzeratzea edo ekiditea, eta bakarrik sentitzen direnei lagunartea eskaintzea du helburu zerbitzuak. Profesional talde batek gidatzen du proiektua, eta erabiltzaileei jarraipena egiten diete.

«BEHARREZKO» ZERBITZUA

Apirilaz geroztik indartutako zerbitzua bada ere, duela hiru urte hasi zen zentrora joaten 88 urte dituen Dolores Mujika Gaztañaga. «Edade handia du, memoria arazoak izaten ere hasten dira, eta normalean etxean egiten ez diren jarduera ezberdinak egiten dituzte», esan du Idoia Etxekonanea alabak. Berarentzat garrantzitsuena, «oso gustura» joaten dela da; «beti ilusioarekin egoten da zentrora joateko». Honela, «okupatuta» egoteaz gain, ama gauza ezberdinak egiten ari dela ikusten du. «Behin adin batera iritsita, behar-beharrezkoa dutela iruditzen zait», esan du.

85 urte dituen Begoña Garmendia Imaz da beste erabiltzaileetako bat. «Amak zerbitzu honi esker, ordutegi finko bat eta egiteko zerbait du egunero, eta bai berarentzat eta baita guretzat ere lasaitasuna da», azpimarratu du Leire Azkolain alabak. 10:00etatik 13:00etara bitarteko betebeharra duela adierazi du, eta beti kontu ezberdinak izaten dituela. Senarra hil eta gero, bakarrik geratu zen etxean Garmendia, eta Eguneko Arreta Zerbitzuari esker ordu batzuetan entretenituta dago: «Onura da berarentzat, eta modu horretan, badakit jendearekin dagoela». Zerbitzuarengatik «eskertuta» agertu da Azkolain, eta «oso ondo» dagoela nabarmendu du.

AUTONOMIA MAILARI EUSTEA

Zortzi pertsona goizean eta beste zortzi daude arratsaldean, eta beste talde bat sortzeko aukera ere badela aurreratu dute. Gizarte zerbitzuetatik bideratzen da eskaintza, eta interesa dutenek gizarte zerbitzuetara jo behar dute. Erabiltzaileari bertan egingo litzaioke balorazioa, eta zein zerbitzu den egokia berarentzat esango liokete.

Bakarrik ibiltzeko gai diren gizon eta emakumeak dira, gaitasun hori baliatu nahi da, eta gaitasun horiek mantentzen lagunduko dien zerbitzua da martxan dagoena.

Gaitasun kognitiboa indartu nahi dute, eta memoriaren galera ekiditea dute beste helburuetako bat. Baina guztiaren gainetik jendearekin sozializatzeko gaitasuna izatea da, eta pertsona nagusiak beraien munduan bakarrik ez geratzea nahi dute.

Taldean hitz egin eta eguneko albisteen errepasoa egin eta gero, egunaren arabera, ariketa ezberdinak egin ohi dituzte; esku lanetatik hasi eta ortografia, matematikak edo ariketa fisikora.

Beharrizan ezberdinei bideratutako eskaintza da. Alde batetik, eguneroko saioak daude astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Baina, interesatuek astean saio batean edo bitan parte hartzeko aukera izango dute. Arratsaldeetako bi saioak 15:30etik 18:30era egiten dituzte. Beren kabuz gerturatu ezin direnentzat, berriz, garraio zerbitzua jarri dezakete. Informazio gehiago nahi duenak 943 65 44 66 telefono zenbakira deituta jasoko du.

«Animatzeko esango nieke etxean dauden denei, eta gainera ikasi egiten dela»


MAITE ZALAKAIN GARAIKOETXEA. TOLOSA, 77  URTE.

Maite Zalakain Garaikoetxeak 77 urte ditu, eta astean bitan egiten du zentrorako bidea arratsaldeko saioetan parte hartzeko. «Oso esperientzia ona da, eta oso gustura nago». Ez du hutsik egin nahi izaten. Asko hitz egiten dutela aitortu du, eta ikasi egiten dutela. Ariketa ezberdinak lagun artean eginez pasatzen dute  15:30etik 18:30erako tartea, eta «erraz» pasatzen dela denbora azaldu du.

 Zerbitzuaz galdetuta, «behar» zela Tolosan, garbi adierazi du. «Animatzeko esango nieke etxean dauden denei, eta gainera ikasi egiten dela. Astean bi egun ez da ezer, eta ni gustura etortzen naiz», dio Zalakainek. Ahal dela, minak albo batera utzi eta atera egin behar dela kontatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!