Amaiurko gudaren urteurrenean izango da Udaberri

Ataria 2022ko uzt. 14a, 07:58

Urteurrenaren harira hainbat ekitaldi izango dira, eta dantzari tolosarren kasuan, bordondantza dantzatuko dute, Euskal Herriko hainbat dantza talderekin batera.

Amaiurko gazteluaren erorketaren 500. urteurrena ospatzeko urte osoan zehar hainbat jarduera eta ekitaldi ari dira egiten Amaiurren. 1522 urteko uztailaren 13tik 19ra ehun nafarrek astebetez eutsi zieten Espainiako armadaren bonbardaketei eta erasoei, eta gudaren urteurrena aintzat hartuta, larunbat honetarako ekitaldi sorta antolatu dute, tartean eskualdeko parte hartzaileak izango direlarik.

Izan ere, Ezpata-dantzarien biltzarra egingo dute Amaiurren 11:00etan hasita, herritik gazteluraino joango dira, lore eskaintza egingo dute guda oroitzen duen monolitoaren aurrean, eta ondoren dantza ikuskizunak izango dira, eta Tolosako Udaberri dantza taldeko kideak izango dira dantzatuko dutenen artean. Beraiekin batera, Baztandarrak (Baztan), Duguna (Iruña), Amaiur (Iruña), Iurretako ezpata-dantzariak (Bizkaia), Aurtzaka (Beasain), Begiraleak (Donibane Lohizune), Jare (Gasteiz), Arrola (Baigorri) eta Zuberoako dantzariak izango dira.

Xanti Nazabal Udaberriko kideak azaldu duenez, ehun ezpata-dantzari baino gehiago elkartuko dira Amaiurren. «Tartean, gu bordondantzariak izango gara, Tolosako bordondantzarekin». Segizio moduko bat izango dela esan du Nazabalek: «Amaiurko elizatik abiatuko gara gaztelu aldera, eta ibilbidean, talde bakoitzari egokitzen zaion puntuan norbere dantza egingo dugu». Euskal Herri osoko ordezkari politikoek ere parte hartuko dute, eta haiei jarraituz iritsiko dira gaztelura. Bukaeran zenbait ezpata-dantza taldek banderak astinduko dituzte. Bordondantza Tolosatik kanpo ez dela askotan egin nabarmendu du Udaberri dantza taldeko kideak: «Ateratzeko moduko ekitaldia zela iruditzen zitzaigun, duen esanahiagatik; eduki sinboliko handiko lekua da Euskal Herriarentzat eta guretzat bertan izatea ohore bat da».

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!