Izaskungo igoerako saneamendu sarea berritu dute

Ataria 2022ko uztailaren 14a

Aspalditik zetorren arazo bati irtenbidea eman zaiola esan dute Tolosako Udaletik.

Izaskun igoerako aldapako saneamendu sarea berritu eta hobetu dute. Apirilean hasi ziren lanekin, eta uztailean amaitu dituzte.
Saneamendu sare publikoa hobetzeko hitzarmena sinatu zen Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Urak-en eta Asuncion Klinikaren artean. Lanak egin aurretik, azterketa egin zuten, irtenbiderik egokiena zehazteko eta proiektua lankidetzan garatu dute, hiru aldeen artean.

Obra ur kontsorzioak (Gipuzkoako Urak-ek) lizitatu zuen eta Eregi Eraikuntzak enpresak egin du.  Klinikako saneamendu pribatuaren zatia Asuncion klinikak ordainduko du, eta bide batez, goitik behera jaisten diren euri urak eta ur zikinak bereizteko azpiegitura ere jarri denez, sare publikoari dagokion zatia udalaren eta Gipuzkoako Urak-en artean ordainduko dute: Tolosako Udalak euri urei dagokien azpiegituraren gastua ordainduko du, guztira 184.147,09 euro, BEZ barne, eta Gipuzkoako Urak-ek ur zikinei dagokiena.

Egin diren lanen bidez, saneamendu sarea berritu eta hobetuta, aspalditik zetorren arazo bati irtenbidea eman zaiola esan dute udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!