Zezen plaza eraberritzeko laugarren faseko lanak hasi dituzte

Ataria 2022ko uzt. 14a, 11:58

Goiko harmaila eta sarrera nagusiko eskailerak zaharberrituko dituzte, eta zortzi hilabeteko iraupena izango dute lanek.

Tolosako Udalak hasiera eman die zezen plaza eraberritzeko laugarren faseko lanei. Goiko harmaila eta sarrera nagusiko eskailerak zaharberrituko dituzte eta zortzi hilabeteko iraupena izango dute lanek. Lanen ondorioz, egitura egonkorragoa izango duela esan dute, eta 200 erabiltzaile gehiagorentzako lekua izango du.

Zetabi arkitektura estudioari esleitu zaio proiektua eta obra zuzendaritza, 37.600 euroan, BEZ barne. Obrak, berriz, 735.753,89 euroko aurrekontua izango du, BEZ barne, eta Iparragirre eraikuntzak enpresak egingo du.

Zezen plazako lehen solairuko forjatuko egituraren erreforma integrala egingo dute, palko eta harmailetako gradak mantenduta. Goiko harmailen egitura egonkortuko dute eta zutabeen eta habeen arteko loturak eraikuntza diseinu berria izango du, zuraren iraunkortasuna are handiagoa izan dadin eta etorkizuneko mantentze-lanak errazteko. Diseinu berriak ura pilatu daitezkeen puntuak ekidingo ditu, zuraren iraunkortasun naturala luzatuz. Gainera, harmailetako 45 zentimetroko eskailerak bikoiztuko dira eta kosora ez jausteko babesa altxatuko dute. Horrekin, behean geratuko den hutsuneak ura ateratzeko hobekuntza ekarriko du. Gainontzeko babes guztiak 90 zentimetrora igoko dira, babes osagarria gehituz.

Bestalde, eraikineko sarrera nagusiaren albo batean kokatzen den eskailera eraberrituko dute. Metro bateko zabaleradun ateak jarriko dituzte eta ebakuazioaren noranzkoan irekiko dituzte, irteera berri bat sortuz. Honek ahalbidetuko du etorkizunean goiko solairuko harmailetan eta palkoetan 200 erabiltzaile gehiago izatea. Horretaz gain, zezen plaza osoaren instalazio elektrikoa eguneratzeko obra egingo dute eta hori amaitu arte ezingo da eskailera berria erabili (suteen aurreko instalazioa dela eta), eta ondorioz, ordura arte ezingo da aforoa handitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!