ELKARRIZKETA

«Hizkuntza bera da gure pentsamendua baldintzatzen duena»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 17a, 07:57

Marijose Ezizabarrena Segurola ikertzailea eta irakaslea. E.MAIZ

Marijose Ezeizabarrena (Tolosa, 1964) ikertzaileak Junkal Gutierrez Mangadorekin batera argitaratu du Hotsetik hitzetara. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek? liburua. Hezkuntzan izan dezakeen erabilerari begira, beraien ikertaldean eta adituekin batera, «Euskal Herri osoan baliagarria izan daitekeen diagnosirako tresna bat garatzen ari gara», esan du.

Marijose Ezeizabarrena EHUko irakasle eta ikertzaile tolosarrak sei urtean egindako lana Hotsetik hitzetara. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek? liburuan argitaratu du; hizkuntzaren balioan jarri du azpimarra. 

Zein da Marijose Ezeizabarrena?

Tolosako auzo bateko baserri bateko alaba naiz. Familia handi bateko senide askoko alaba. Aurreneko ikasketak auzoan bertan egin nituen, eta gero kalera jaitsi nintzen. Unibertsitatera Gasteizera joan nintzen eta handik Alemaniara ere joateko aukera izan nuen. Eta berriz unibertsitatera itzuli nintzen, eta atal guzti horiek dira nire bizitzaren parte.

Unibertsitateko ikasketak eginak dituzu. Familia handi bateko alaba izanik zorteduna izan zinen?

Anai-arreben artean txikiena izatea abantaila bat izan zen. Hamaikagarrena izan nintzen, eta denok ez genuen ikasteko aukerarik izan. Batzuk bai, eta ni izan naiz horietako bat. Beste senide batzuek ere seguruenik aukera izan balute ikasiko zuketen, baina denentzat ez zen posible izan. Zorteduna izan naiz. Aukera horrekin egia esan disfrutatu egin dut.



Garbi izan zenuen zer ikasi nahi zenuen?

Niri dena gustatzen zitzaidan; zaila zen letren eta zientzien artean aukeratzea. Ziurrenik hobeto moldatuko nintzen letretan, baina zientzia asko gustatzen zitzaidan, eta bi esparruak iruditzen zaizkit erakargarriak. Selektibitatea egiteko garaian, handik aurrera ez nekien oso ondo zein eratako ikasketak egin nahi nituen. Hezkuntza interesatzen zitzaidan, Medikuntza, baina baita Filologia ere. Uste dut lau aukera-edo jarri nituela, mutur banakoak. Edozein izan zitekeen, eta uste dut lehen aukera Medikuntza jarri nuela. Gu baby boom garaikoak ginen, eta jende askok eman zuen izena eta ez nuen aukerarik izan. Bigarren aukera Euskal Filologia zen; hori egitea tokatu zitzaidan, eta ez zait damu.

Gasteizen egin zenituen ikasketak.

Gasteizera joatea Euskal Herria deskubritzea izan zen. Euskal Herria zer zen ez nintzen konturatu Gasteizera joan nintzen arte. Konturatu nintzen ze anitza zen gure herria. Ikusi nuen etxean euskararik ikasteko aukerarik izan ez zuten askok, zein ilusioarekin egiten zuten Euskal Filologia, artean, hizketan egitea kosta egiten zitzaienean. Batzuk, karrerarekin batera joaten ziren euskaltegira. Hori niretzat oso-oso berria zen. Ni oso inguru euskaldun batetik nentorren, eta nire ikasketetan sakondu nahi nuen. Hizkuntza zer zen ulertu, baina beraien motibazioa oso diferentea zen, eta niri begiak zabalarazi zizkidan bizipen bat izan zen. Horrekin batera, AEK-n, gau eskolan klaseak ematen nituen, eta han deskubritu nuen euskararik ez zutenek zein interesarekin betetzen zituzten zenbat lan ordu, beraien lanak bukatu eta gero; nik horren erraz izan nuen hori ikasteko. Han deskubritu nuen euskararen balioa, eta ez etxean edo herrian. Eskura nuen, eta ez nuen erabiltzen. Eskola guztia gaztelaniaz egin nuen.



Eta karrera bera?

Euskal Filologia gure garaian, gaur sinestezina iruditzen bazaigu ere, aurreneko urteko bost irakasgaietatik lau gaztelaniaz genituen. Niretzat hori izan zen lehen momentua non euskarazko apunteak euskaraz hartzeko eskatu zitzaidan. Beste aurkikuntza bat izan zen. Zein zaila zen niretzat lan hori, berez inongo esfortzurik eta kontzientziarik gabe erabiltzen nuen hizkuntza batean egitea. Orduan ikusi nuen gela berean, ikasketa berak egiten ari ginenon artean zein baliabide, abilezia eta ezintasun ezberdin genituen. Irakaspen handia eman zidan bizipena izan zen.

Hasieratik izan duzu hizkuntzarekiko jakin-mina?

Hizkuntzak betidanik gustatu izan zaizkit. Gure garaian batxilergoan ez zen ingelesik ikasten, frantsesa izaten genuen. Latinarekin ere gogoratzen naiz ondo moldatzen nintzela. Gustatu egiten zitzaidan hizkuntza zatitzea eta konparatzea eta itzultzea. Ariketa, jolas hori polita edo erakargarria bilatzen nuen.

Noiz hasi zinen ikerkuntzarekin?

Garai hartan lizentziatura bost urtekoa izaten zen, eta bost urte pasa eta motz egin zitzaidan. Doktoretza programa batean apuntatu nintzen, eta unibertsitateko pasillo batean Itziar Idiazabalekin egin nuen topo. Nahi banuen proiektu bat zutela martxan esan zidan. Ez zutela finantzaziorik komentatu zidan, baina laguntzera sartu ahal nuela. Eta nire bizitzako aukerarik onenetariko bat izan zen. Transkribatzen, bideoak ikusten, zuzentzen... aritzen ginen. Guztia musu-truk, jakina. Ez zen burutik pasa ere egiten lan edo ikerketa horregatik inongo konpentsaziorik izan behar genuenik. Interesa nuen eta aukera hori oso-oso berezia iruditu zitzaidan. Noizbait, Itziar Idiazabalek finantzazioren bat lortu zuen, eta handik aurrera beti izan du edo dugu laguntzaren bat; txikiagoa edo handiagoa horretan jarraitzeko. Nahi gabe, hor sartu eta harrez geroz ez diot utzi.

 

«Gasteizen deskubritu nuen euskararen balioa, eta ez etxean edo herrian»



Ondo harrapatu zaitu ikerkuntzak?

Bai. Asko betetzen nau eta aukera asko eman dizkit. Proiektu horretan hasita Alemaniara joateko aukera ere izan nuen. Artean ez nekien asko alemanez, baina moldatu nintzen.



Ikerkuntza lana egitera joan zinen?

Proiektuarekin lotuta zegoen beste ikertalde bat zen, eta hara hemen zeuden materialetako batzuk bidaltzen zituzten. Material hori transkribatzeko norbait behar zuten. Handik lortu zuten diru pixka bat grabatuta zeuden material horiek transkribatu ahal izateko, eta gero beraiek aztertu ahal izateko. Euskaraz eta gaztelaniaz zekiena behar zuen izan; hori zen baldintza bakarra. Orduan, beste gai batean bada ere tesia egiten hasita nengoen, eta hara joan nintzen. Printzipioz urtebeterako zena bost urte bihurtu zen. Han garatu nuen nire tesia, eta han defendatu nuen. Hori egin ostean etxera itzuli nintzen.

Ikerkuntzatik bakarrik bizitzea posible da?

Oso-oso zaila da. Oso gutxik lortzen dute, eta horrela lortzen dutenak oso kualifikatuak edo behin eta berriro gaitasun asko demostratzen dituztenak dira. Humanitateen esparruan gehiengoa irakaskuntzaz gain ikerkuntzan aritzen dena da. Nolabait gehigarri bat da, ez da ezinbestean behar duen zerbait, eta ikerketan aritzeko modu bat da.

Zerk betetzen zaitu gehiago?

Zaila da erabakitzen. Ikerkuntzak asko-asko erakartzen nau, baina gero ikertzen duzun hori hurrengoei helarazteko aukera horrek zure ikerkuntzaren balioa ere apreziatzeko aukera ematen dizu, eta gainera erreferentzia batzuk hartzen dituzu. Zertarako balio dezakeen edo zer izan daitekeen interesgarria edo ez. Batzuetan zuretzat interesgarria dena hurrengo belaunaldiei ez zaie batere interesatzen, eta hor jada beste lan batzuk izaten dira. Batak besteari perspektiba ematen diola iruditzen zait. Ikasleekin lan egiteak entzuteko aukera ematen dizu zein galdera berri edo zein ikuspegi berri dauden gizartean, eta ikerketan aritzeak oraindik ikasi ez duen bati nola azalduko zeniokeen pentsatzeko aukera ematen dizu. Ariketa interesgarria iruditzen zait. Bietan gustura aritzen naiz.

Ikerketaren fruitu izango da kaleratu berri duzuen 'Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek?' liburua. Zein izan da liburuaren abiapuntua?

Junkalek —Gutierrez— proposatu zidan euskararen jabekuntzaren gaineko liburu bat ateratzea, eta nik segituan esan nion baietz, aukera polita zela iruditzen zitzaidan, bereziki, gure ikertaldean. Gaiaren gainean eginak diren pieza txiki horiek batera jartzeko. Beti «egingo dut, egingo dut» horrekin hamarkadak pasa zaizkigu. Junkalek eta biok saiakera bat egin dugu. Batetik, beste hizkuntzetan edo antzerakoak izan diren lanen berri jasotzearekin batera, euskararen gainean eginak dauden lanak biltzeko eta pixka bat ordenatzeko. Ez dago horrenbeste euskaraz, eta ez da konparagarria euskaraz dagoena, edo ingelesez egina dagoena edo ingelesaren gainean egina dagoena, baina horren gaizki ere ez gaude, eta badira zenbait gauza merezi dutenak jendeari azaltzea. Alegia, guk egiten duguna baliagarria baldin bada hezkuntzarako edo irakasleentzako edo hizkuntza arazoak dituzten umeekin esparru klinikoan lanean ari direnentzako edo gurasoentzako, iruditzen zitzaigun bagenuela zer kontatua. Horiek biltzeko saiakera bat izan da, eta modu ulerterraz batean hori kontatzen saiatu gara; ez dakit lortu dugun.

 

 

«Euskara ez da originala, euskara da hizkuntza bat gehiago»



Sei urte pasa dituzue. Nolakoa izan da prozesua?

Asko aldatu da gure hasierako proiektua maila askotan. Egitura, edukiak eta hizkera bera. Edukiak izan eta gero, hizkerari errepasoa ematen pasa dugu urtebete baino gehiago. Jendeak ulertzeko modura jartzeak denbora asko eman digu. Maila askotako erabakiak hartu behar izan ditugu, zeren ez geneukan eredu bat. Guk ez dugu inongo libururik itzuli, ez dugu inongo libururik egokitu, eta iruditzen zitzaigun euskaldunon ikuspegia ere berezia zela. Berezia edo horretara hurbildu nahi genuen. Ez genuen ezer kopiatu nahi, eta orduan sormen lana ere izan dugu. Batetik, guk bagenekien zein zen gure helburua, baina ez genekien oso ondo zenbat material zegoen eta nolakoa zen zegoena, eta bestetik, hizketaren aldetik eta hiztegiaren aldetik ere batzuetan, lan batzuk egin behar izan ditugu zenbait termino erabakitzeko, zenbait termino adosteko, edo esperimentua nola egin den azaltzeko.

Hizkuntza erantzi ezin den txapela dela diozue.

Nahigabe hizkuntza batek pentsatzeko tresna ematen dizu. Eta hori ezin duzu zuk kontrolatu. Ezin duzu erantzi, zeren hori zure parte ere bada. Horrek, onerako edo txarrerako era batera bideratzen du zure ekoizpena, eta baita zure pentsamenduak organizatzeko modua ere. Zure komunikazioa, zure sareak, zure harremanak. Ez da orain beste hizkuntza batean egingo dut, eta beste pertsona bat naiz. Ez da egin dezakezun zerbait. Hori azaldu nahi izan dugu. Ez zara hizkuntza batekin jaiotzen, baina hizkuntza bat daukazun heinean ezin duzu kontzienteki zure burutik kendu. Hori ez dago zure esku.

Galdera bat ere luzatzen duzue: «Zertarako balio du hizkuntzak?».

Gauza askotarako. Hizkuntzak balio du pentsamenduak adierazteko, besteen pentsamenduak ulertzeko edo interpretatzeko, eta pentsamendu berriak izaten ere laguntzen du hizkuntzak. Batetik, tresna kognitibo oso-oso garrantzizkoa da, eta gainera aukera ematen du hizkuntzak beste sentipen batzuk txukuntzeko, antolatzeko. Askotan sentitzen duguna ezin izaten dugu ulertu, ahalik eta hitzetan jartzen dugun arte; batzuetan hizkuntzak sendatu egiten du gure ezinegon hori, nolabait horrek gorputz ematen diolako, eta zentzu horretan hizkuntza oso tresna indartsua da norberaren aldetik —norbanako bezala— baina oso tresna garrantzizkoa da gizartearekin ere, mezu truke horretan edukiaz aparte sentipenak ere partekatzen ditugulako. Hizkuntzak badu gauza bat, eta indarra dauka konpromisoak hartzeko. Hizkuntzak indarra dauka egiak esateko, baina baita gezurrak esateko ere. Hizkuntzak indarra dauka beste batzuen portaera moldatzeko ere. Ez da norberarena bakarrik, baizik eta, besteekin daukagun hartu-eman horretan oso tresna indartsua da, eta ez dakit beti kontziente garen horretaz. Ez dugu askotan pentsatzen hizkuntzarik ez bagenu ezingo genukeela esan: «Aizu, zin degizut hau egingo dudala». Eta konpromiso hori hartzen ari zara beste baten aurrean, baina zure bizitzarako da. Zure portaera ari zara baldintzatzen. Eta hori hizkuntzarik gabe ezin duzu egin. Informazioa helaraz daiteke, pertsona batek beste bati esan diezaioke, «mesedez estutu ezazu nire eskua»; hitzik gabe hori adierazi dezakegu, momentuan gertatzen ari diren gauzak dira. Baina etorkizunean zer gertatuko den, hori oso zaila da hizkuntzarik gabe adieraztea. Edo zaila da adierazten «zer gertatuko litzateke, hau egingo bagenu». Alegia, hipotesi bat beste batekin partekatzea oso zaila da hizkuntzarik gabe. Orduan, hizkuntza bera da gure pentsamendua neurri handi batean baldintzatzen duena, eta gure pentsamendua haratago joan dadin laguntzen digun oso tresna indartsu bat da. Hizkuntzaz orokorrean ari naiz, ez dut esaten hizkuntza letra txikian, hau da, bizkaieraz edo frantsesaz ez naiz ari. Hizkuntza batek gauza askorako balio du, baina besteak beste, neurri handi batean, balio du pentsatzeko eta gure portaerak moldatzeko. Oso lotura handia dago gure jokabidea eta hizkuntzaren artean. Ez dut esaten, esaten dugun eta egiten dugunaren artean, hori beste kontu bat da. Gure portaerak badu lotura handia gure hizkuntza prozesatzeko moduarekin nire iritzian.

Atalez atal banatu duzue liburua: hotsa, hitza, aditza, perpausa...

Zailtasun eta eztabaida asko izan ditugu, eta ikuskizun dago lortu dugun esan nahi genuena. Gure asmoa umeen hizkuntzaren gainean egin diren lanen berri ematea zen, eta hori partekatzea, baina askotan konturatzen ginen batez ere esperimentuak egiten direnean; edo esperimentu psikolinguistikoak oso hizkuntzaren egitura jakin batzuei begira egin direla; adibidez, ergatibozkoari begira edo subjektuari begira edo kasu markari begira. Horren zergatia azaltzeko irakurleak ulertu behar du zer den hizkuntzako elementu hori; orduan, gure erdiko bigarren kapitulu hori idazten ari ginenean konturatu ginen behar genuela aldez aurretik kapitulu bat egitura bakoitza zer den azaltzen zuena. Ahal zela hitz gutxirekin, ahal zela labur, argi eta gainera azaldu nahi genuen aditzaz ari garenean edo galderez ari garenean hizkuntza bakoitzak egitura horiek, elementu horiek, modu batera antolatzen dituela. Horregatik, aukera hori aprobetxatu genuen zein antzekotasun dauzkan euskarak beste hizkuntza batzuekin esateko. Euskara ez da originala, euskara da hizkuntza bat gehiago. Ezaugarri batzuk ditu hizkuntza guztiek dituzten bezala, eta ezaugarri batzuk partekatzen ditu hizkuntza askorekin, eta beste batzuk besteekin. Euskara ez da beste hizkuntzak baino zailagoa edo errazagoa, beste edozein hizkuntza bezain konplexua edo bezain sinplea da.



Eta umeek nola ikasten dute hitz egiten?

Gure lanaren puntuetako bat hitz egitea zer den edo zer den hizkuntza azaltzearena izan da. Batzuetan iruditzen zaigu hizkuntza hitzak esatea dela, eta hitz egitea hitzak esatea dela, eta hori ez da horrela. Badakigu animalia batzuk hitzak esan ditzaketela, baina hori ez da hitz egitea. Eta badakigu pertsona batzuk ezin dutela hitz egin, baina badakite hizkuntza erabiltzen. Orduan, hizkuntza gauza oso-oso konplexua denez eta atal asko dituenez, ume baten hizkuntzaren garapena zer den azaltzerako garaian beti ere esan behar dugu zeri erreparatu behar diogun. Begiratu behar diogu umearen ulermenari, umeak esaten duenari edo nola garatzen duen ume batek hizkuntza bat beste batetik bereizteko ahalmen hori. Ez da berdina erreparatzea hizkuntzaren hotsei, edo erreparatzea hizkuntzaren barruko hitzei, edo hizkuntzaren barruan hitzak nola konbinatzen direnari. Umeek hori dena ikasi beharra daukate eta ikasten dute oso denbora gutxian. Zientziarako edo psikolinguistentzat hori erronka bat da; nola liteke hitzik esaten ez duen hilabeteetako gizaki batek, handik hiru urtetara, inork erakutsi ez dizkion gauza zentzudun zuzenak esateko ahalmen hori izatea? Bizitzako lehenengo hiru, lau, bost urte horiek oso-oso esparru ikaragarri politak eta interesgarriak dira ikusteko nola pasatzen garen hiztuna ez izatetik hiztun izatera. Baina hiztun ez hitzak esaten dituen bezala ikusita, baizik eta, hiztun hizkuntza erabiltzen duen pertsona bat bezala; autonomiaz, bere kasa, mezuak ulertzeko eta mezuak ekoizteko gai den pertsona bat izatera nola pasatzen den. Bide hori niri izugarri erakargarria iruditzen zait. Horren berri ematen saiatu gara.

Gai dira umeak hizkuntzak bereizteko?

Laborategiko ikerketa batzuk erakutsi dute haur elebidunek hilabete gutxirekin edo aste gutxirekin badaukatela ahalmena hizkuntza bat eta bestea zeinek hitz egiten duen bereizteko, eta inongo esfortzurik gabe. Urtebeteren inguruan edo bi urterekin ume batzuk gai dira hizkuntza bat edo biko hitzak nori nola esan behar dizkion jakiteko. Artean beraiek oso gutxi hitz egiten duten garaian. Badakite nork hitz egiten duen hizkuntza bat eta nork hitz egiten duen bestea; nori zuzendu behar zaion hizkuntza edo hizkera batean edo bestean. Hori zoragarria iruditzen zait. Nola gertatzen den hori, eta hori gertatzen da oso baldintza ezberdinetan bizi diren umeen artean. Berdin du zein kontinente, zein maila sozial eta zein bizimodu duten. Hizkuntza askotan urrats bertsuak ematen dituztela ikusi da, eta euskaraz ere bai. Zentzu horretan, berriro ere, ez gara batere originalak.

 

«Bi hizkuntza dituenak ez ditu bi hizkuntzak helburu, asmo eta abilezia berarekin eta testuinguru berean erabiltzen»



Berdina da hizkuntza bat edo bi ikasi?

Berdina denik ezin esan daiteke, baina ezin esan daiteke hizkuntza bakarra ikasten duten bi pertsonek ere berdin ikasten dutenik hizkuntza bera. Berdintasunez ari garenean edo desberdintasunez, idealki hitz egiten ari gara. Hizkuntza batekin bakarrik ari den garun bat edo bi hizkuntzekin ari den garun batek egiten duen lana ezin daiteke berdina izan. Ariketa desberdina da. Ez dut esaten hobea edo txarragoa edo abantaila edo desabantaila denik, ez naiz horrekin ari. Esaten dudana da lana ez dela berdina. Bi hizkuntzekin ari den garun batek egiten duen ariketa oso-oso garrantzizkoa da, eta garun hori moldatu ere egiten du. Edukiak antolatu beharra dauzka, eta neuronek nolabait konfiguratu beharra daukate beren artean modu batera non batzuetan hizkuntza batekin ari den eta beste batzuetan bestean. Garuna ekonomikoki funtzionatzen duen organo bat da; alegia, ahalik eta esfortzu gutxienarekin ahalik eta lan gehiena ateratzen saiatzen den organo bat da. Elebidunen garunak lan berezi bat egin behar du; desberdina. Oraindik ikerketa asko bideratzen ari den esparrua da. Ia berdin edo desberdin garatzen diren garun horiek, ia berdin edo desberdin zahartzen diren garun horiek, ia berdin edo desberdin erabiltzen diren garun horiek.



Baldintza berezietan ematen diren hizkuntza jabekuntzaren atala ere zehaztu duzue. Zer esan haur horien inguruan?

Hemen aitortu beharra daukagu gu ez garela oso adituak. Euskararen jabekuntzaren azalpena egin dugunean, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun batetik azaltzearena zertan den berdin edo desberdin euskararen jabekuntzaz dakiguna beste hizkuntzetan gertatzen denarekin. Hurrena, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun kontuan izatearena euskara bereganatzen duten umeek, gaurko egunean behintzat, ez dutela euskara bakarrik inguruan. Horrek euskararen jabekuntza ere testuinguru berezi batean kokatzen du, eta horren ikerketa ere bai. Baina beste atal bat ere sartu nahi genuen, eta nolabait euskara hizkuntza gutxitua izanik, testuinguru batzuetan behintzat horrela hartu daiteke. Beste hizkuntza batzuekin batera ukipenean bizi den hizkuntza izanik, eta gainera zentzumenen batek nolabait ehuneko ehunean bere lana egiteko gauza ez den umeen hizkuntza garapena nolakoa izango den; hori ere kontuan izan beharrekoa gertatzen zitzaigun. Asko dago horretaz egiteko, eta kezka handia dago gizartean zer gertatzen den hizkuntza arazoak dituzten umeak euskararekin edo hizkuntza batekin edo gehiagorekin aritzen direnekin. Horregatik sartu genuen atal bat, baina egia esan ez dugu asko sakondu. Ahozko hizkuntzarako baldintza okerragoetan gertatzen diren umeen ikerketaren isla batzuk aipatzen saiatu gara; baina aipua bakarrik egin dugu. Arlo bakoitzak bere aldetik, beste ikerketa esparru handi bat zabaltzen duela iruditzen zaigu.



Guraso askoren kezka izan ohi da noiz hasi umeei beste hizkuntzak erakusten?

Lan askok erakutsi dutenez gizakiaren garuna prestatuta dago hizkuntza batekin baino gehiagorekin aritzeko esfortzurik gabe, berez. Badira esaten dutenak hizkuntza askorekin aritzeko prestatuta dagoela, eta horrelako aukerarik ez dutenek hizkuntza batean espezializatzen dutela garuna. Baina normala ez da batekin aritzea. Normala da hizkuntza askorekin aritzeko gaitasuna izan, eta ezin baduzu zure inguruan ez dagoelako, orduan, batera mugatzea. Lehen pentsatzen genuen normala dela elebakarra izatea eta salbuespena dela elebidun izatea, baina kopuruek esaten dute munduan elebidun edo hirueledun edo lau edo bost hizkuntza dituztenak askoz ere gehiago direla hizkuntza bakarrarekin bizi direnak baino. Afrikan elebakarrak aurkitzea oso zaila da, eta milioi batzuk bizi dira. Joan Asiara, eta han elebakarrak bilatzen ez da kontu erraza, eta Ameriketara bazoaz, Mexikon bakarrik 70 hizkuntza inguru daude. Normalagoa da bi, hiru edo lau hizkuntzarekin bizitzea, bakarrarekin baino. Zentzu honetan gure fokua aldatu beharra daukagu.

Baina zenbat eta umeago hasi hobea da?

Hizkuntza bakarrarekin ari direnek ere ez dute hizkuntzaren oinarri osoa bereganatzen bukatu oraindik zortzi edo hamar urterekin, eta ikusi da hizkuntza batzuetan umeek ez dituztela zenbait gauza interpretatzen helduek bezala. Horrek esan nahi du hizkuntza batekin ere umea lanean ari dela. Garun horrek gauza asko ikasi behar ditu. Bi hizkuntzarekin aritu daiteke eta hirurekin ere bai. Gauza da testuinguruan horrela baldin badago, baina beste galdera da, testuinguruan egon ez, eta, guk nahi dugun kanpotik beste hizkuntza bat sartzea. Perspektiba zeharo diferentea da. Gauza bat da inguru horretan, gizarte horretan funtzionatzeko ume horrek dituen beharrak, eta bestea da etorkizunari begira edo, ume bati kanpotik etxera ekartzen zaizkion beste hizkuntzak. Egoera oso-oso diferentea da. Eta nik uste dut galdera ezin dela erantzun hori kontuan izan gabe. Ume batek kanpoko hizkuntza bat bere ikasketa prozesuan sartzeko, bere emaitzak hobeak izango dira, baldin eta bere inguruko, hau da, egunerokotasunerako behar dituen hizkuntza horietako gaitasunak sendotuagoak baldin badauzka. Oraindik sendotu gabe baldin badauzka hizkuntza batean edo bian, bere inguruko hizkuntza erabilera horretarako baliabideak, orduan, kanpotik beste hizkuntza bat sartzeak ez dio lagunduko. Eta gainera ez du bermatzen kanpoko hizkuntza hori ere behar bezala ikasiko duenik. Oso-oso kontuz izatekoa da noiz hasi behar den hirugarren edo bigarren hizkuntza hori; ez da noiz, da nola eta zergatik edo zertarako ere bai. Esatearena zenbat eta goizago hobe, denerako ez da horrela, eta hizkuntzaren kasuan oraindik eta kontuago izateko zerbait da.

ç

Esana duzu beraiei hizketan utzi egin behar zaiela.

Askotan helduok joera daukagu umeei esateko zer esan behar duten beraiek esan baino lehen; eta hori pasatzen zaigu umeekin eta helduekin ere bai. Askotan hitza hartzen diogu hizkideari. Eta umeek behar dute esperientzia. Hizkuntza garatzeko garaian ume batek hitz egin egin behar du. Guk hitza aurretik hartzen baldin badiogu edo esaten baldin badiogu esan, orduan, umeak berak komunikatzeko behar dituen baliabideak ez ditu behar bezala garatzen. Umeak behar ditu testuinguruak non hizkuntza entzuten duen, erabilera normalean beste batzuk nola erabiltzen duten ikusten eta entzuten duen, hau da, ereduak izateko, baina behar du berak ere aukera izan ikasi duen hori ere kanporatzeko. Ezagutza pasiboa eta ezagutza aktiboa oso-oso desberdinak dira. Eta zerbait ulertzen jakiteak ez du bermatzen hori esaten jakitea. Hori askotan pasatzen zaigu ikasle izan garenean; ulertu duzu irakasleak zer esan duen, baina zuk esan behar duzunean beste kontu bat da. Bi gaitasun zeharo diferenteak dira. Eta guk hizkuntzan nahi duguna da hiztun aktiboak garatu. Bermatu behar da haur horiek ekoizten dutela, esaten dutela, hitz egiten dutela eta gauza direla beraien pentsamenduak, beraien esan nahiak era egoki batean kanporatzeko, adierazteko, eta ez ulertzeko bakarrik.

Lan mardul horretatik zer azpimarratuko zenuke?

Oso garrantzitsua da hizkuntzaren balioan pentsatzearena. Hizkuntza bat izateak edo bi edo hiru, ondare bat da. Patrimonio bat da. Hizkuntzak baratzeak bezala jabetzak dira, materiarik ez dutenak, neurtu ezin daitezkeenak, baina ondare dira. Elebidun izateak bi motatako ondareak izateko aukera ematen digu, eta beti pentsatu behar dugu ondare hori izateak ematen digula komunikaziorako, harremanetarako eta pentsamendurako bi baliabide izateko aukera. Hori, ume txikiek esfortzurik gabe bereganatzen duten ondare bat izanik, iruditzen zait merezi duela hori zertan datzan, nola garatzen den eta nola hobetu daitekeen ulertzea. Eta hau saiakera bat da. Gurasoei esan ez dugula kezkatu behar umeek zer ezin dutenarekin, baizik eta, zer ahal duten horri atera behar diogu ahalik eta etekinik handiena. Hizkuntza batean zein bestean. Batzuetan batean aritzeak bestean ere lagundu dezake, eta hizkuntza arazoak dituzten umeek, elebidunen kasuan, oso ohikoa izaten da, arazoak baldin baditu, hitz egin diezaiogun hizkuntza batean bakarrik. Lan askok erakutsi dute horrek ez duela onurarik. Zeren bi hizkuntza dituenak ez ditu bi hizkuntzak helburu, asmo eta abilezia berarekin eta testuinguru berean erabiltzen.



Ez da komeni hizkuntza bat baztertzea, beraz.

Hizkuntza bat erabiltzen duzunean gauza batzuk garatzen ari zara, eta bestea erabiltzen duzunean beste batzuk, eta batzuetan batean ikasten duzuna bestearentzako ere lagungarria izan daiteke. Ez du oztopatzen, eta askotan, eta bereziki mugak dituzten, hau da, zentzumen, entzumen edo adimen urritasunak dituztenen kasuan bi hizkuntzarekin aritzeak berez ez dio lan gehiago ekarri behar. Beste kontu bat da zein hizkuntzatan egin behar den tratamendua, behar baldin bada. Hori kasu bakoitzean baloratu behar den zerbait da, baina pentsatzea bi hizkuntzatan ari denak eta zailtasunak dituelako batean aritzeak arinduko dionik, hori ez dago argi. Zeren batzuetan ari garena da mozten hizkuntza horretan besteak lagundu dezakeen baliabide batzuen erabilera. Hori gero eta gehiago ari da ikusten ez dela biderik egokiena. Beraz, pentsatu behar dugu elebitasuna gaitasun eta tresna batzuk eskura izateko aukera dela beti. Lagundu egiten du kalte egin baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!