Irati Lakunzak hiru urrezko domina lortu ditu Espainiako Txapelketan

Ataria 2022ko uzt. 12a, 07:58

Asteburu honetan Bartzelonan ospatu da Hegats igeriketako Espainiako txapelketa, eta Igarondo Urpekoak taldeak hamasei igerilarirekin parte hartu du.

Irati Lakunza izan da taldearen burua, hiru urrezko domina lortuz, 100 metro eskafandra, 400 metro eskafandra eta 400 metro ur gainekoan. Gainera, azken horretan Espainiako errekorra hautsi du 3.22,88ko denborarekin. Entrenamendu ona izan da datorren astean Calin (Kolonbia) jokatuko den Munduko Txapelketarako. Itxaropentsu daude taldean bertan lortu ahal dituzten emaitzekin.

Junior mailan errelebo politak egin dituzte taldeko neskek, seigarren postua lortuz bai 4x200 metro eta 4x100 metroko probetan. Haizea Izagirre, Maite Gibelalde, Sara Goenaga, Nerea Telleria eta Nora Garmendiak osatu dituzte, eta beraien banakako probetan, bai ur azpikoetan eta bai ur gainekoetan ere, denborak hobetu dituzte.

Seniorrretan Garazi eta Maddi Goenaga urpeko probetan gustura ibili dira, eta Nora Sarasolak eta Jone Gorostidik ur gainekoetan beraien neurria lortu dute. Erreleboetan bosgarren postu polita lortuz borobildu dute beraien txapelketa.

Mutiletan Unai Eraso izan da liderra. 400 metro eskafandran taldeko marka hautsi du 3.19,18 denborarekin eta dominen borrokan egon da bosgarren postua lortuz. 400 metro ur gainekoan ere taldeko marka hautsi du. Aras Karakusek eta Mikel Estebanek abiadurako probetan beraien maila eman zuten, eta Patxi Monge eta Gregorio Mancisidor ere urpeko probetan ez ziren gaizki ibili, Jon Telleria ur gainekoetan bezala. Gainera errelebo polita egin zuten zazpigarren postua lortuz.

Hurrengo erronka Calin izango da, datorren astean egingo den Munduko Txapelketan. Senior mailan Irati Lakunzak parte hartuko du, eta masterretan Patxi Mongek eta Gregorio Mancisidorrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!