Irmoki salatu dute asteburuan Tolosan izandako sexu erasoa

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 11a, 20:22

Igande goizaldean izan zen erasoa, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du; talde feministek eta erakundeek deituta elkarretaratzea egin dute gertakaria salatzeko.

Asteburuan Tolosan izandako eraso matxista salatzeko eta erasoa jasan duen emakumeari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Plaza Zaharrean. Erakundeetako ordezkariez gain, herritar ugarik egin du bat deialdiarekin.

Tolosako Asanblada Feministatik biolentzia matxista ez dela urruneko kontua adierazi dute, «ezta isolatua ere, gertu dago, gertuegi», eta sistema heteropatriarkal kapitalistaren eskema nabarmendu dute: «menpekoak batetik eta menperatzaileak bestetik, gainetik, eta binomio horretan indarkeria matxistak ez du mugarik». Era berean, «bortxaketaren kulturan» bizi garela adierazi dute: «mezu zapaltzaileak nonahi, ospatzen ari diren sanferminetan kasu, emakumeak objektu bihurtuz». Horrek guztiak jomuga bakarra du euren ustez: «zapalkuntza, erasoa, indarkeria».  

Bada, Asanblada Feministaren arabera, errealitate hori iraultzeko, «ezinbestekoa» da eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa. «Hitzetatik ekintzetara pasatzea, puntu moreak behatz erakusleagatik aldatzea, pribilegiatudun gizonei azkura eragitea, beraiek atzera egin eta guk lekua hartzea, beldurra eta ardura aldez aldatzea, izen abizenak erasotzaileari eta ez erasotuari jartzea, eta gertatutakoa behar den moduan izendatzea».  

Tolosako Udaletik, emakumeak aske sentitzen diren herria nahi dutela, eta azkenaldian gertatutako eraso sexisten gorakadaren aurrean herritarren inplikazioa «ezinbestekoa» dela adierazi dute. «Ezin dugu beste aldera begiratu, gizartearen jarrera aktiboa funtsezkoa da behin betikoz indarkeria matxistarekin amaitzeko». Bide horretan gizonezkoak deitu dituzte, «matxismoaren aurkako itun bat egiteko, haien erantzukizunaz ohartarazteko, indarkeria matxista errotik ezabatzeko ez daitezen konplize izan erasoen, tratu txarren eta sexu indarkeriaren aurrean».

Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun teknikariak gogoratu du emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa «eskubide urraezinak» direla. Hala, indarkeria matxistaren existentziaz jabetu eta bakoitzak bere erantzukizunaren esparruan konpromiso aktiboa hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Tolosaldeko Itaiak, bere aldetik, erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin du Trianguloa plazan. "Indarkeria matxista areagotzen ari den honetan, gizartearen gehiengoa berdintasunaren alde egonda ere, argi dago emakume langileok babesgabe geratzen garela, eta erantzun eraginkorrak hedatzeko bitartekoak antolatzea dagokigu", esan dute.

Ikerketa abian 
Igande goizaldean izan zen sexu erasoa. Biktimak salaketa jarri zuen, eta biktima artatzeko protokoloa jarri du martxan Tolosako Udalak. Protokolo Mahaian dauden zerbitzuak gertatutakoari erantzuna eta jarraipena ematen ari dira, emakumeari behar duen laguntza emateko, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!