Bertako usain eta zaporeak exotikoak direnean

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko uzt. 9a, 12:51

Tolosako hiru azokak Maite Arregi gidaren laguntzarekin eta Klara Thoren, Sanna Hultberg eta Pauline Fahlström suediarren begietatik bisitatu ditu Ataria-k.

Tolosako Turismo Bulegoak bisita gidatu aukera zabala du urte osan zehar eta udan areagotu egiten da turismorako proposamena. Gaur larunbata izanik, Tolosan azokek duten nagusitasunak jantzita, Tolosako hiru azokak –Berdura plaza, Euskal Herria plaza eta Zerkausia– bisitatzeko eguna izan da.

Ohiko bisita gidatuak ordubeteko iraupena izaten badu ere, gaur, ordu t'erdi baliatuta salmentarako hiru kokaguneak bisitatu dituzte Klara Thoren (Stockholm), Sanna Hultberg (Malmö) eta Pauline Fahlström (Uppsala) suediarrek. Gazteak Donostian hartu dute ostatu eta eguna pasatzeko asmoz Tolosara gerturatu dira, bisita gidatua adostuz. "Uztailean ditugu oporrak eta Donostia ezagutzeko aukera aprobetxatu dugu", esan du Klara Thoren. Bost egun baliatuko dituzte Gipuzkoako hiriburua eta inguruak ezagutzeko eta ondoren iparralderantz joko dute euren bidaiarekin jarraitzeko: "Biarritz aldera joango gara".

Honela, suediar emakume hauen bidaiaren geltokietako bat Tolosa bihurtu da. Turismo bulegotik bertatik abiatu dute ibilaldia 11:30ean. Eta Maite Arregi tolosarrak lehen azalpenak Plaza Zaharrean eskaini dizkie. Izan ere, lehen azokaren kokagunea plazan honetan bertan zehazten dute historialariek. Eta historiari tira jarraitu du Arregik kontakizuna, bisitariek Tolosa hiribilduaren kokaleku estrategikoaz jakitun izan zezaten. Horrek noski, bere eragina ere izan zuen Tolosa komertziorako hiri izateko. Nafarrek ezinbestean ordainsaria ordaindu behar zuten Tolosara sartzeko eta horrek guztiak bere eragina izaten zuen bertako ekonomian.

Historia datuak entzuten zituzten bitartean turista suediarrek askotan begirada altxatzen zuten eraikuntzak behatu ahal izateko; erreferentzia ere egiten zieten, edertasuna azpimarratuz eta eraikuntzen datei buruz galdetuz.

Pausoz pauso bisitariek Tolosako Alde Zaharrean barrena murgiltzen hasi dira; Plaza Zaharretik Santa Maria eliza aurrera lekualdatu dira. Bisitarien eta gidaren arteko harremana gutxika-gutxika, herabeki, askatzen joan da eta alde bien arteko kontakizunak aberastu dira; bakoitzak azokekin, produktuekin duen harremanari erreferentzia eginez. Esaterako, Euskal Herria plazan lehen erosketa egin dute Thoren, Hultberg eta Fahlström turistek. Gereziak erosi dituzte. Eta gereziak erosteko ez da geldiune bakarra izan: "Suedian oso-oso garestiak dira gereziak. Zoragarriak dira. Uztailean gure herrian egiten den azoka berezi batera urtero eramaten dituzte eta urtero erosten ditut", argitzen zuen Hultberg-ek gereziz betetako poltsari erreparatzen zion bitartean. Saltzaileak pozik, gerezi belarritakoak zituela: "Have a good day" bat eskaini die. Zerkausian, beste horrenbeste egin dute, gerezi gorriak erosi dituzte eta bisita gidatuak iraun duen denboran zehar jan dituzte eta zaporeari buruzko iruzkinak egin dituzte.

Zapore ezberdinak dastatu dituzte gaurko egunean suediarrek. Bisita gidatua hasi aurretik ere, gazta eskaini dietela aitortu diote Arregi gidari. Saltzaileen eskuzabaltasuna azpimarratuz. Eta horrelaxe jarraitu dute postuz postu, saltzaileekin, batzuetan lotsa handiagoz eta besteetan trufarako aukera gehiagoz, galderak eginez, elkarrizketa motzak osatuz, betiere gidaren laguntzarekin.

Ibarrako piperrek eta Tolosako babarrunek noski, Maite Arregiren azalpenetan txoko berezia izan dute. Bertakoari buruzko azalpenak luzatuz. Garai bateko animalia azoka eta pilota partidei buruzko azalpenak ez dira falta izan. Suediarrek bazuten bertakoari buruzko jakin-mina, Tolosa eta Tolosaldeko euskararen egoeraz ere galdetu dute, esaterako.

Eta horrela, Tolosako kaleetan barrena, historia usainduz eta azoketan murgilduz zein zaporeak dastatuz gertu-gertuko bisita gidatua eskaini die gaurkoan Maite Arregik Klara Thoren, Sanna Hultberg eta Pauline Fahlström-i.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!