Iurreamendi auzoan alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko lanean ari da Tolosako Udala

Ataria 2022ko uzt. 7a, 15:59

Iurreamendi pasealekuko birpartzelazio proiektua onartu berri dute, eta orain, obra-lizentziak emateari ekingo dio, lanei hasiera emateko; 848.022,16 euro jasoko ditu dirutan, eta baliabide horiek erabiliko ditu bizitokiak eraikitzeko.

Tolosako udal gobernuak herrian dagoen etxebizitza eskariari erantzuteko lanean jarraitzen du. "Iurreamendiko azpiesparruaren baitan, urrats bat gehiago eman dugu", adierazi dute. Behin betikoz onartu dute Iurreamendi pasealekuko birpartzelazio proiektua. "Dokumentua onartu ondoren, orain, obra-lizentziak emateari ekingo diogu, eremuaren garapenerako obrekin hasi ahal izateko", azaldu du udalak. 

Birpartzelazio proiektu honen eskutik, administrazioari dagokion eraikigarritasunaren %15aren lagapenaren kontura, udalak, Babes Ofizialeko Etxebizitzen lursail bat bereganatzeaz gain, 848.022,16 euro jasoko ditu dirutan eta alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko erabiliko dira baliabideak. "Hori da udal gobernuaren borondate eta proposamena, Tolosako alokairuko etxebizitza babestuen parkea handitzeko helburuarekin. Lehenik eta behin, proiektua idatzi beharko da, ondoren, etxebizitzak eraikitzen hasi ahal izateko", esan du udalak.

Iurreamendiko eremuan, guztira, 114 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute: 23 babestu, 40 tasatu eta 78 libre. 23 etxebizitza babestu horietatik 15, alokairura bideratuko dira, eta gainerakoak salmentara. Etxebizitza tasatuen deialdia udazkenean egitea aurreikusten du udalak.

Berdegune zabala, herritarren eskura

Iurreamendi pasealekuko eremuan etxebizitza aukera berriak sortzeaz gain, Iurreamendiko berdegunea eskuratu eta herritarren eskura jarriko du udalak. Guztira, 61.365,02 metro karratuko espazioa urbanizatuko dute eta %89 herritarren aisiarako eta gozamenerako izango den berdegune eta parkea izango da.

Etxebizitza alorra, lehentasunezkoa

Udal gobernuarentzat "lehentasunezkoa" da herrian dagoen etxebizitza eskariari erantzutea eta tolosarrei herrian bizitzeko aukera bermatzea. "Etxebizitza hutsak merkaturatzeko ekimenak sustatzeaz gain, legealdi hasieratik ari gara auzo-gune berriak sortzeko hirigintza garapena bultzatzen, udalerriko etxebizitza babestuen parkea handitu eta herritarrei etxebizitza alorrean aukera berriak eskaintzeko helburuarekin", adierazi dute.

Gauzak horrela, jada abian daude ondorengo hirigintza garapenak: Amarotz auokoa (lehen fasean, alokairu babestuko 111 etxebizitza; eta bigarren fasean, 185, 81 babestu eta 104 libre), San Kosme eta San Damian eremukoa (20 etxebizitza tasatu eta 30 libre), San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakikoa (23 etxebizitza libre) eta Alde Zaharrekoa (36 etxebizitza). Aurrera begira ere lanean dihardu eremu hauetan: San Esteban auzoan, Zubizarreta eremuan eta Miserikordia Zaharrean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!