Uztailaren 15ean iritsiko da Euskarabentura eskualdera

Ataria 2022ko uzt. 7a, 07:58

Euskarabenturako partaideak Maulen.

Hilaren 1ean hasi zen Euskarabentura; 125 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez; Iruñera iritsiko dira gaur, San Fermin eguna bertan ospatzeko.

Pasa den ostiralean hasi zen  Euskarabentura. Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 125 gazteek eta horiekin batera familia urdina osatzen duten antolakuntzako 32 pertsonak Maulen elkartu ziren eta zazpi probintziak zeharkatu eta ezagutuko dituzte. Nahiz eta laugarren edizioa izan, hau izango da abenturak hilabete osoa iraungo duen hirugarren aldia, iaz motzagoa eta mugatuagoa izan baitzen, pandemiaren eraginez. 

Abenturak irauten duen bitartean Jzioquitarrek elastiko laranjak eramango dituzte eta xerpek eta gainontzeko partaideek, aldiz, elastiko urdinak. Tolosako  Libe Martinez de Rituerto da xerpa lanean ari den pertsonetako bat. Lehenengo edizioan jzioquitar gisa ibili zen. Gozatzea du helburu, eta argi utzi du beste urtebetez espedizioari zuku dena ateratzeko asmoz dagoela.
Euskarabentura 2022 espedizioaren ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten du aurrera: bide frantsesa Mauletik Lizarrarantz, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruñeraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino. 

Mauletik aterata Pagola, Duzunaritze eta Donibane Garazi ezagutzeko aukera izan dute egun hauetan. Atzo Zubiriatik irten ziren eta Iruñean izango dira gaur. Urtero bezala, Nafarroa Oinez-eko lagunen txosnan bazkalduko dute eta erromeria izango dute gero. 
Tolosaldera iritsiko dira ere. Uztailaren 14, 15 eta 16an izango da hori. Tolosan izango dira eta Laskorain ikastolan emango dituzte bi gauak. Herria ezagutzeko aukera izango dute. 

Euskarabentura espedizioa
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 125 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da Euskarabentura. 

2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, Euskarabentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.
Baina 2022an Euskarabenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.
Euskarabenturazaleek aldean eramango dute hilabeteko espediziorako behar duten guztia, besteak beste, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dute aterpe.

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural anitzeko gazteak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du Euskarabentura ekimenak.
Bidean, Unesco-k Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!