52 talde izan dira San Joan Areto Futbol Txapelketan

Ataria 2022ko uztailaren 6a

Tolosako San Joan Areto Futbol Txapelketaren finalak egin ziren igandean. «Oso balantze positiboa egin dugu, parte hartzaileen kopurua eta partidak ikustera joan den jende kopuruarengatik», esan du Ioseba Beloki antolakuntzako kideak.

Alebin eta benjamin mailetan nesken eta mutilen txapelketak jokatu dira. «Guztira 52 taldek parte hartu dute, eta pena da benjamin nesketan bakarrik bi taldek eman zutela izena», esan du Belokik.

Usabalgo kiroldegian jokatu ziren partidak, eta finaleko egunean harmailak gainezka zeudela azaldu du Belokik: «Egia esan, harrituta geratu gara». Alebin nesketan Ausartak taldeak irabazi zuen, eta mutiletan Serreria Salaberriak. Benjamin nesketan Eskorpioiak, eta mutiletan Alegiako Herri Eskola A taldeak.

Aipamen berezia bi neskei egin zieten: Izaro Herrero eta Janire Buldain. «Harmailetan jendeak ez zituen hondakinak jasotzen eta nahiko zikina uzten zuten, egunero mikrofonoetatik kiroldegia txukun uzteko abisua ematen bagenuen ere», esan du Belokik. «Astean zehar, hamar urteko bi neska horiek, inork ezer esan gabe, partida guztiak bukatu ondoren dena jasotzen aritzen ziren. Antolatzaileak harrituta geratu ginen, eta finalen egunean baloi bana oparitu genien».

Kirolagunak Kirol Elkarteak antolatzen du San Joan jaien inguruko txapelketa eta baita Eguberrietan egiten dena ere. Duela urte gutxi hasi dira horretan, aurreko antolatzaileek utzi egin zutelako. «Saltsa guztietan egotea gustatzen zaigun hamar guraso elkartu ginen», esan du Belokik. «Hori bai, ateak zabalik ditugu nahi duen guztiak parte hartzeko antolakuntzan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!