Asfaltatze plan garrantzitsua onartu du Tolosako Udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko uzt. 6a, 07:58

2,3 milioi euroko kreditu aldaketa onartu dute ekaineko osoko bilkuran, besteak beste, udalerri osoko 22.000 metro karratu asfaltatzeko; zenbait ordenantza ere onartu dituzte.

Ekaineko osoko bilkuran, Tolosako Udaleko zinegotziek aho batez onartu dute likidazioaren ondorengo lehen kreditu aldaketa, 2,3 milioi eurokoa. Gerakinetatik finantzatuko dute, eta nagusiki, aurtengo asfaltatze planerako (850.000 euro) izango da. Hain justu, 22.000 metro karratu asfaltatuko ditu udalak, Emeterio Arrese, Samaniego, Iparragirre, Oria eta Belate kaleetan, Iruñea etorbidean, Iurreamendi pasealekuan, Monteskue, San Blas, San Esteban eta Iurre auzoetan eta San Frantzisko ibiltokian.

Aipatutako kreditu aldaketako 820.000 euro lanpostuen balorazio berriaren baitan aurreikusitako igoerak aplikatzeko izango dira. 2019an, 2005etik eguneratu gabe zegoen lanpostuen balorazio berria egin zuen udalak; izan ere, aldaketa sakonak izan dira udal eskumenei, administrazio elektronikoari eta sektore publikoko araudiei lotuta. «Horrek guztiak, noski, eragina izan du lanpostuen funtzio eta eginkizunetan», esan du Xabier Balerdi zinegotziak.

Halaber, Balerdik azaldu du sailen organigrama eguneratzeko eta organigrama estrategikoa garatzeko baliatu dutela prozesua: «Egindako lanpostuen balorazioaren harira, 102 langilek balorazio positiboa izan dute, eta ordainsaria igoko zaie; 72 langilek, aldiz, balorazio negatiboa izan dute. Hala ere, ez da jaitsierarik aplikatuko ordainsarietan. Aipatutako igoerak, atzeraeragintasun printzipioarekin aplikatuko dira, eta horregatik egin da 820.000 euroko kreditu aldaketa». EH Bildu kritiko agertu da, kanpo enpresak egindako lan teknikoarekin baino udal gobernuaren jarreragatik.

Nura gizarte elkarteari arlo sozioedukatibo eta psikosozialean esku hartzeko zerbitzu integral berria esleitzea ere onartu du udalbatzak, 833.217 euroko aurrekontuarekin (BEZ kanpo), bi urterako. «Zerbitzu honek familiei zuzendatuko eskuhartze programa, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendutakoa eta arrisku egoeran dauden adingabeentzako ingurune irekiko eskuhartze zerbitzua biltzen ditu, egungo beharrei modu osatuagoan, zuzenagoan, eraginkorragoan eta egokiagoan erantzuteko», esan du Olatz Peon alkateak.

Ordenantzak eta Melillako mozioa

Jarduera ekonomikoa bultzatu eta herritarren ongizatea eta elkarbizitza bermatzeko bi ordenantza ere onartu dituzte. Batetik, bide publikoan terrazak, salerosketarako produktuen erakustokiak eta beste elementu lagungarriak jartzeko arautzen duena; espazio publikoaren erabilera aukera guztiak zehaztu eta arautu dituzte. Bestetik, ostalaritza eta jolas jarduerak baimentzea eta ezartzea arautzen duen ordenantza; aldaketa puntualak egin dituzte jarduera berriak ezartzeko aukerak errazteko, bereziki Alde Zaharrean.

Bilkura berean, etxebizitza hutsak eraberritzeko diru laguntzak arautuko dituen eta alokairu soziala bultzatzea helburu duen ordenantza onartu dute. Horrez gain, bigarrenez, etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatzea onartu dute. Puntu honetan, aurreko lizitazioarekin alderatuta zerbitzua emango duten langileei urteko ordu kopurua handituko zaiela salatu du EH Bilduk.

Pandemiaren ondorioz, Osasun Ministerioak emandako garbiketa protokoloen ondorioz, udal eraikinak eta hiri-altzariak garbitzeko zerbitzu-kontratua aldatzea onartu dute, baita landa auzoetako baserri bideetan elurra kentzeko zerbitzua auzolanaren bitartez ematea arautzen duen ordenantza aldatzea ere.

Amaitzeko, EAJ eta EH Bilduk aurkeztutako Melillan ekainaren 25ean izandako gertakari larrien inguruko mozioa jorratu dute, aho batez onartua. Gertakariak salatu eta deitoratu zituzten, bizitza hobeago bat izatea saiatzeagatik 37 gizakik bizitza galdu zutela gogoratuz.

Ospitale berriaz

Ander Figerido oposizioko zinegotziak suhiltzaile parkearen aurreko kamioien aparkalekuaren etorkizunaz galdegin du: «Badirudi Sagardui anderea lanpetuta dagoela lehen mailako osasun arreta deuseztatzen eta ez duela astirik Tolosalderako Plan funtzionala osatzeko, baina hau amaitzean ospitalea ez den azpiegitura eraikiko da bertan, eta ez dakigu zer gertatuko den aparkalekuarekin». Peonek erantzun dio HAPO-aren aldaketa partziala egitean landuko dela gaia, eta Figueridok berrerantzun dio gobernuak ez duela alternatibarik landu.

Bestetik, EH Bilduk Haragi topaketaren kontratazioan eman diren «irregulartasunak» salatu ditu eta zalantzan jarri du «kanpora begira egiten den azokak Tolosako herriari itzulerarik ekartzen ote dion».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!