Tolosaldea IKT, lehen aldiz Euskal Herriko txapeldun

Ataria 2022ko uzt. 6a, 07:59

Euskal Herriko Txapelketako sailkapen bateratuaren sari banaketa. MARKEL SAN JOSE

Junior eta absolutu mailako igeriketa txapelketak jokatu dira, eta sailkapen bateratuan lortu dute lehen postua.

Tolosaldea IKT igeriketa taldeak lehen aldiz lortu du Euskal Herriko Txapelketan lehen postua lortzea sailkapen bateratuan. Junior eta absolutu mailako txapelketak izan dira jokoan Tolosako Usabal igerilekuan asteburuan, eta igerilariek bakarka lehiatzen badute ere, bukaeran sailkapen bateratua egiten da. Mutiletan absolutuan zein juniorretan lehen postua lortu dute eta emakumezkoetan laugarren izan dira absolutuan eta bosgarren juniorrean. «Oso gustura gaude lortutako emaitzekin. Marka politak lortu ditugu eta oso txapelketa polita izan da guretzat», esan du Joseba Zubeldia Tolosaldea IKTko entrenatzaileak.

Erreleboetan ere emaitza oso onak lortu dituzte, gizonezkoetan bostak irabaziz, eta emakumezkoetan 4x200 metro libreetan gailenduz eta beste lauetan bigarren eginez. «Emaitza horiek ere erakusten dute taldearen maila», zehaztu du Zubeldiak.

Markei dagokionez, Nahia Garridok 200 metro bizkarrean 2.08,78 egin zuen, 15 urteko adinean Espainiako errekorra eginez, eta Euskadiko errekor absolutua lortuz. Bestalde, 100 metro bizkarrean 1.00,75 egin zuen, 15 urteko adinean Euskadiko errekorra hautsiz. Mattin Zubeldiak 100 metro bizkarrean 56,61 egin zuen eta 200 metro bizkarrean 2.01,19, eta horiek Euskadiko 15 urteko adineko marka onenak dira, baina 200 metroetan deskalifikatu egin zuten. «Bizkarreko probetan arauak esaten du ezin dela gorputz guztia ur azpian sartu pareta ukitu aurretik. Bideo bat dugu, argi ikusten dena oina uretatik kanpo duela markagailu elektronikoan bere denbora dagoeneko agertu denean. Baina bideoek ez dute balio...», esan du Zubeldiak. Horrez gain, Kepa Oiartzun, Imanol Ezeiza eta Eneko Garmendia beteranoek egindako markak nabarmendu ditu Zubeldiak: «Batez ere, Kepa eta Imanolenak; lana egiten eta masterra ikasten ari dira, eta hala ere orain arteko bere marka onenak egin dituzte. Eredu bat dira gazteentzat».

Orain arteko denboraldi onena izaten ari da taldearentzat, hainbat igerilari dituztelako maila oso altuan. «Azken urte eta erdia daramagu goizeko seietan entrenatzera joaten Usabalera, eta horrek eman digu izugarrizko aukera hobetzeko», esan du Zubeldiak. «Hurrengo ikasturtean aukera hori ez dago ziurtatuta, eta kezkatuta gaude lortu dugun maila hori mantentzeko gai izango ote garen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!