Tolosako merkatariek bisita gidatua egin dute

Ataria 2022ko uztailaren 5a

Merkatariek egiten duten lana ikusarazi eta balioan jarri nahi izan dute, "merkatariak ezinbestekoak ditugulako Tolosan".

Tolosako merkatariak herriko historia, bilakaera eta bitxikeriak ezagutzeko, uda osoan zehar eskainiko den bisita gidatu turistikoa  egiteko aukera izan dute.

Udaletik esan dutenez, "merkatariak herriko enbaxadore garrantzitsuenetakoak dira, baita turismo ikuspegitik ere, gidari bihurtzen baitira askotan, bisitariek euren saltokietara ere jotzen baitute informazio eta gomendio eske, turisten esperientziari balio erantsia gehituz". Tolosak merkataritza "ehun sendoa" duela dio udalak, "hiri-paisaiaren parte dena": "horrek ezinbesteko eragile bihurtzen ditu merkatariak, baita turismo ikuspegitik ere".

Bada, egin duten bisitarekin, merkatariek egiten duten lan hori ikusarazi eta balioan jarri nahi izan dutela azaldu du Xarles Iturbe Pasaban, Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa Saileko zinegotzi arduradunak, "merkatariak ezinbestekoak ditugulako Tolosan".

Bisita gidatuan, besteak beste, Tolosako Alde Zaharreko txoko esanguratsuenen atzean ezkutatzen diren pasarteak ezagutu dituzte: Erretengibel kanalak inguratzen zuenekoa; Azokaren garrantzia eta bere salmenta puntuen bilakaera; suteen ondorioak, edo egungo arkitekturaren arrazoiak… Hain zuzen, uda osoan zehar eskainiko dute bitxikeria horiek guztiak ezagutzeko bisita gidatua, astelehenetik larunbatera. Andre Maria eliza eta bere gangak ere bisitatu ahal izango dira, astelehenetik ostiralera. Eta Azokari buruzkoa, larunbatetan. Topic txotxongiloen museoak eta Rafa Gorrotxategi txokolatearen museoak ere osatuko dute bisitarientzako eskaintza, bisita gidatu eta tailerrekin.

“Tolosako kanpo proiekzioa eta posizionamendua hobetzeko eta indartzeko, eta bisitariak erakartzen eta artatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da eskaintza eguneratzea eta garai berrietara egokitzea. Zentzu horretan lan mardula egin du azken urteotan Tolosak, turismo jasangarriaren aldeko apustuan, aurrez aurreko eskaintza sendotuz, Turismo bulego berria zabalduz, mapa eta panel turistiko berriak sortuz eta digitalizazioaren alde aurrerapauso garrantzitsuak emanez, esaterako, Tolosa ezagutzeko audiogiden bidez. Honakoa beste urrats bat gehiago da, nolabait ere merkatariak engaiatu ditugulako arreta horretan, Tolosako sektore guztiek osatzen, elikatzen eta indarberritzen baitute hiri ekonomiaren ekosistema osoa”, gehitu du Iturbek. Horren harira, Tolosak duen eskaintza borobila ere azpimarratu du zinegotziak: “Natura, gastronomia, azoka, ondarea eta kultura, museoak, merkataritza, alojamendu aukera… Herri bizia gara, gainera, urteko sasoi guztietan. Horregatik, Tolosa ezagutzeko gonbita luzatzen diet tolosar zein bisitari guztiei. Ziur naiz ez direla damutuko”. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!