Euskadikoetan «uzta oparoa» lortu dute Irristaka taldekoek

Ataria 2022ko uzt. 5a, 11:45

Aurtengo denboraldian orain arte lortutako emaitzei errepasoa egin die taldeak, eta Espainiako Txapelketetan bost patinatzaile lehiatu direla nabarmendu dute.

Irristaka taldeak 2022. denboraldiko balantzea egin du. Euskadiko Txapelketetan taldeko patinatzaileek «uzta oparoa» lortu dutela azaldu dute, eta nabarmentzeko emaitzak Espainiako Txapelketa eta Frantzian egindako Hiru Pista nazioarteko proba entzutetsuan aipatu dituzte.

Denera 58 domina ekarri zituzten Euskadiko Txapelketetatik, 20 urrezkoak, 25 zilarrezkoak eta 13 brontzezkoak. Zirkuituko Euskadiko Txapelketari dagokionez, Jon Urkizarrek urrezko lau domina lortu zituen, Julen Urkizarrek hiru, eta Oier Alonsok eta Nagore Montesek bana. Zilarrei dagokionez, Ane Alonsok eta Ekhi Civicok lau lortu zituzten, Oier Alonsok bi eta Julen Urkizarrek bat. Brontzezkoak, Julen Pellejerorentzat hiru izan ziren, Jare Urkolarentzat bi, eta Oier Azkarate eta Oier Alonsorentzat bana.

Pistako Euskadiko Txapelketan, berriz, urrezko dominei dagokionez, Julen Urkizarrrek bost lortu zituen, Jon Urkizarrek lau, eta Irati Osak eta Jare Urkolak bana. Zilarretan, Oier Alonsok bost lortu zituen, Ane Alonsok eta Ekhi Civicok launa, eta Irati Osak bat. Brontzezkoak Oier Azkaratek hiru lortu zituen, eta bana Julen Pellejerok, Irati Osak eta Jare Urkolak.

Bestalde, Frantziako Pibracen eta Gujanen jokatutako Hiru pista deituriko nazioarteko izaera duen probetan mundu guztiko patinatzaileak aritu ziren, tartean Kolonbia, Australia, Portugal, Belgika, Italia, Alemania, Holanda, Frantzia, Galizia eta Katalunia. Irristaka taldeko Urko Civico, Markel Arana, Ekhi Civico, Jon Urkizar eta Julen Urkizar patinatzaileak izan ziren bertan, baita egun Amaian ari den baina taldeko bezala hartzen duten Ximon Villalobos patinatzailea ere. «Dotore aritu ziren denak, karrera desberdinak egin ziren hiru egunetan zehar, abiadura probak eta proba luzeak uztartuz», azaldu dute taldetik. Posturik onena Urko Civicok eta Jon Urkizarrek lortu zuten, 6. postua hain justu; Julen Urkizarrek eta Ximon Villalobosek 10. postu bana lortu zuten, eta Markel Aranak eta Ekhi Civicok ez zuten zorterik izan eroriko eta lesioak medio.

Azkenik, Irristaka taldeko bost patinatzailek Espainiako Txapelketetan lehiatzeko aukera izan zuten: Markel Arana eta Ekhi Gibelalde Antoniuttin aritu ziren, Julen Urkizar eta Oier Alonso Txantrean eta Antoniuttin aritu ziren, eta baita Ximon Villalobos ere; Jon Urkizar, berriz, Gijonen eta Antoniuttin jokatu ziren probetan izan zen. «Lau asteburu gogorretan, batzuetan zortea lagun eta besteetan etsai, izugarrizko maila eman zuten Irristakako patinatzaileek. Lehen hamarretan sartzeko borroka bizian ibili ziren karrera luze gehienetan, eta ikasgai bikainak jasota etorri ziren bueltan», esan dute taldetik.

Udarako geldialdiaren ondoren, errepideko proben txanda etorriko da: Belorado, Donostiako 15 kilometroak, Lasarte, Bergara, Behobia-Donostia eta urtea bukatzeko Tolosako Indoor Txapelketa. «Irrikaz gaude bertan gure patinatzaileek zein maila ematen duten ikusteko».

«Uzta bikaina» jaso ondoren, datorren ikasturteari begira lanean jarraitu besterik ez dela geratzen diote Irristakatik: «Taldean ari diren 40 gaztetxoekin beste aurrerapauso bat eman eta taldea zabaltzea da asmoa. Helburu berriak jarri eta benetan ikusgarria gertatzen den kirol hau ikusezin izatetik ikusgarri izateko dinamika berriak garatu beharko dira. Bitartean zorionak patinatzaile denei lortutako emaitzengatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!