Hiriburu zaharrean egin dute, Gipuzkoako Batzar Nagusiaren osoko bilkura ibiltaria

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 2a, 13:01

Gipuzkoako Batzar Nagusiak gaur Tolosako udaletxean egin du osoko bilkura ibiltaria. Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen dituzten politikari guztiak Tolosan elkartu dira, eta Olatz Peon alkateak harrera egin die Plaza Zaharrean. Peonek aginte makila eman dio Batzar Nagusietako lehendakari den Xabier Ezeizabarrenari.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak osoko bilkura ibiltaria Tolosan egin du gaur goizean. Markel Olano Gipuzkoa Ahaldun Nagusia buru dutela, batzarkide guztiak bertan izan dira. Hasteko Tolosako alkate Olatz Peonek harrera egin die, eta agurraren ostean, Peonek aginte makila eman dio Batzar Nagusietako lehendakaria den Xabier Ezeizabarrenari.

Guztiak pleno aretora igo dira, eta bertan Olatz Peon izan da hitza hartzen lehena. Gogora ekarri du Gipuzkoako parlamentua osatzen duten Batzar Nagusiak sortu zuela gobernu egonkor bat: "Gaur egun, foru aldundia deritzoguna, Tolosan 1550. urtean hartuko xedapen baten arabera". Antzinatik, Tolosa hiribildu erabakigarria izan dela azpimarratu du alkateak "lurraldearen bilakaeran". XIX. mendetik aurrera, "modu ibiltari eta iraunkorragoan korrejidoreen eta Gipuzkoako diputazioaren kokaleku egonkor izan zelako". Horren lekuko direla herriko zenbait gune esan du, eta besteak beste, egungo kultur etxea den, garai bateko foru aldundia izan zena. 

Duela hogeita hiru urte egin zen azkenezkoz batzar nagusien osoko bilkura ibiltaria Tolosan, eta "denbora honetan asko aldatu dira gauzak", argitu du Peonek. Gipuzkoan 88 udal direla aurrera begirako erronkei heltzeko adierazi du, eta "pertsonak ardatz hartuta, tokikotasunetik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko konpromisoari eutsi nahi diogu, datozen belaunaldiei herri hobeagoa eskaintzeko". Horretarako, ezinbestekoa dela azaldu du "erakundeak sendoak izatea" eta "erakundeen artean etengabeko elkarlanean eta lankidetzan aritzea". 

"Etorkizuna guztion artean eraiki behar dugu", nabarmendu du, eta azpimarra jarri du euskararen kaleko erabileran: "Gaur-gaurkoz euskaraz aritzen gara Tolosako kaleetan inoiz baino gehiago, eta gazteen arteko erabilerak igoera nabarmena izan du azken bost urtekoan". Bukatzeko, "bide onetik goaz, beraz, eraiki nahi dugun herria euskaratik eraikitzeko bidean", zehaztu du Olatz Peon alkateak batzarkide guztien aurrean. 

Jarraian, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakari den Xabier Ezeizabarrenari eman dio hitza. "Atsegin handia eta poza da niretzat Tolosan egotea aurtengo osoko bilkura ibiltarian", adierazi du, eta arlo pertsonalean ere pozgarria dela esan du, eskualdearekiko duen lotura hunkituta kontatuz: "Tolosaldeko mendietan izan nituen lehen harremanak euskararekin aitari esker. 70. hamarkadan aita urtero etortzen zen Albizturrera euskara ikastera Agerre baserrira, Mendikute gailur aurrean".

Aita ez zela euskara ikastera euskaltegira edo barnetegira joan esan du: "Baserri batera, betiere lan egitera eta horrekin batera euskara ikastera". Ume koxkor bat zen arren, ondo gogoratzen ditu Albizturko Joxe, Milagros eta Maitere: "Beraiekin eta aitarekin bota nituen euskarazko lehenengo hitzak. Bertan ezagutu nituen baserriak, abereak, baserritarren lanak eta naturarekiko loturak. Denboraren poderioz, mendian ere, aurkitu genuen Ezeizabarrena baserria, Albizturtik oso gertu dagoena, Urkizuko igoeran".

Tolosaren garrantzia azpimarratu du, eta luze aritu gai ezberdinen gainean, baina azken batean, "katea ez da eten", adierazi du Ezeizabarrenak, eta bidea eta herria elkarlanean egiten jarraitzeko deia luzatu du: "Ezina, ekinez egina".

Jarraian, osoko bilkurari hasiera eman diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!