Atzerritarren Legea "indargabetzea" eta "bide legal eta seguruak" ezartzea exijitu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 1a, 20:44

Espainia eta Maroko arteko mugan izandako hilketak salatzeko elkarretaratzea egin dute, gaur, Tolosan. Melillako kolektiboek eta komunitate migratzaileek deialdi bateratua egin dute, eta Trianguloa plazan mugetan ematen diren heriotzen aurka egin dute. "Gure begirunea adierazteko, eta Europa Gotorlekuan eta gainerako mugetan hildako pertsona guztiak oroitzeko", elkartu dira kandelak eta loreak hartuta.

Ekainaren 24an Melillako hesira salto egiteko saiakera bat izan zen, eta Espainia eta Maroko arteko mugan izandako hilketak salatzeko elkarretaratzea egin dute, gaur. Hiri Autonomoko Gobernu Ordezkaritzaren arabera, 2.000 pertsona inguru hurbildu ziren muga-perimetroaren ingurura. "Gehienak sudandarrak eta chadiarrak, iritsi ziren, eta, orain, Etorkinentzako Aldi Baterako Egonaldi Zentroan (CETI) daude, Melillan, isolatuta, Nazioarteko Babesa eskatzeko zain", azaldu dute.

Espainiako lurraldera iristea lortu zuten pertsona batzuk, "itzuli egin zituzten bortizki, giza eskubideen arloko nazioarteko legeria urratzen duen praktika erabiliz", salatu dute.

"Poliziaren basakerian eta mugako militarizazioan oinarritutako migrazio-politikek, gutxienez 37 migratzaile eta errefuxiatu hil dituzte", esan dute. Gorpuak Nadorren lurperatzen ari direla zehaztu dute, "balizko ikerketa baterako funtsezko autopsiarik egin gabe, identifikatu gabe eta familiak informatu gabe". Bertaratu diren guztiek elkartasuna adierazi nahi izan diete familia guzti horiei.

300 pertsona baino gehiago ospitaleratu zituzten, horiek artatzeko baliabide nahikorik ez dagoen Nadorreko El Hassani ospitalean. Hori guztia, "tratu krudel eta ankerrez, eta laguntzeko betebeharra ez betez".

Azken asteetan, Marokon areagotu egin direla, "Jendarmeriak komunitate migratzaileen aurkako sarekadak, jazarpenak eta autobusetan nahitaezko desplazamenduak", salatu dute; eta Nador hiritik gertu dauden basoetatik alde egin behar izan dutela. "Etsaitasun gero eta handiago horrek ezinbestean eragin du hesiaren salto horren izaeran".

Hori Espainiako eta Marokoko gobernuen arteko "lasaitasun-tentsuaren" egoera batean gertatzen dela kontatu dute. Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen auziari buruzko “Marokoren autonomia-ekimena babestu ondoren".  Gogora ekarri dute apirilaren 7an Espainiaren eta Marokoren arteko hitzarmen bat indarrean sartu zela, "segurtasunaren eta delinkuentziaren aurkako borrokaren arloko lankidetza areagotzeko, eta migrazioak kriminalizatzen lagunduz".

Ceuta eta Melilla NATOren babespean sartzeko asmoa ere kontuan izan behar dela adierazi dute, "horrek hegoaldeko muga militarizatzen, sekuritizatzen eta kanporatzen lagunduz".


"Giza eskubideen arloko nazioarteko legediaren urraketa salatzen dugu", esan dute, eta bereziki "Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentzioa" eta "mugetan gorputz beltzei erasotzen dien arrazakeria instituzionalaren legitimazioa".

Guzti hori kontuan izanik, "gertatutako heriotzak argituko dituen ikerketa independentea, eta baita biktimen erreparazioa (identifikazioa, aberriratzea eta familiei informazioa ematea) egitea ere" eskatu dute. Era berean, "kalitateko osasuna eta zaurituentzako arreta espezializatua eskuratzea" nahi dute.

Beroan egindako "itzulketak" amaitzea, eta talde parlamentarioek "Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen erreforman mugako errefusak indargabetzea" exijitu dute elkarretaratzean parte hartu dutenek, eta "Giza Eskubideen babesa, bermea eta monitorizazio-mekanismoak hegoaldeko muga osoan, nazioarteko akordioak errespetatuz, eta bereziki Errefuxiatuen Estatutua, eta adingabeen ahultasun berezia kontuan hartuz".

"Gardentasuna" nahi dute Espainiaren eta Marokoren arteko lankidetzaren “etapa berriari” dagokionean, eta "Marokok Europar Batasunetik eta Espainiatik jasotzen duen dirua" zertan gastatzen duen ere jakin nahi dute.

Bukatzeko, "bide legal eta seguruak ezartzea, eta Atzerritarren Legea indargabetzea" eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!