Auzolana arautzeko beharra

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 1a, 14:39

Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan, auzolana arautzeaz eta egungo erregulazioa egokitzeaz aritu da Begoña Garmendia Tolosako udal idazkaria, eta Andoni Zulaikak bakardade egoeran dauden adinekoak auzolanaren bitartez komunitatean integratzen laguntzeko Teknoadineko proiektuaz hitz egin du.

Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan, prestakuntza tailerra izan dute gaur Tolosako kultur etxean. Bertan, Tolosako udal idazkari Begoña Garmendiak eta Bogan talde kooperatiboko ordezkari Andoni Zulaikak hartu dute parte.

Begoña Garmendiak auzolanari eragiten dioten alderdi juridiko eta legalen inguruan hitz egin du. Egokitu gabeko erregulazioa dugula, eta auzolana arautzea beharrezkoa dela uste du idazkariak, "segurtasunagatik eta bakoitzaren eskubideak, ardurak eta erantzukizunak zeintzuk diren jakiteko". Izan ere, bere ustez, herri batean auzolana garatzeko markorik ez baduzu, arriskuak edota nahasmenduak sortu daitezke: "Zerbait gertatzen bada norena da ardura? edota, auzolanean ari direnak zer lan harreman dute?".

Bada, ordenantza moduan zerbait garatu beharko litzatekeela dio Garmendiak, lehendabizi garbi uzteko zer den auzolana. "Auzolana boluntarioen bitartez interes publikoko gauzak egiteko herritarrengandik sortzen den ekimena da". Hori "erregulatu eta babestu" behar dela azaldu du, eta nahikoa lege oinarri badagoela gaur egun arau hori egiteko ziurtatu du.

Andoni Zulaikak, bere aldetik, Teknoadineko proiektua aurkeztu du. Adinekoen bakardade eta zaurgarritasun egoerak goiz detektatzea eta komunitatean integratzera laguntzea du helburu, zaintza komunitarioa eta teknologia berriak uztartuz.

Zulaikak esan du, adineko pertsonetan osasunean gehien eragiten duen faktoreetako bat dela bakardadea, eta horri aurre hartu eta sortzen dituen eragin negatiboak arindu edota atzeratzea bilatzen duela proiektuak. Hiru lan lerro nagusi ditu ekimenak. Lehena informazio sistema integral bat da, gizarte zerbitzuetan instalatzen dena; bigarrena aktibazio komunitarioa eta hirugarrena akonpainamendu sozioedukatibo eta komunitarioa. "Lehen lerroarekin bakardade egoerak detektatzen ditugu, eta behin detekzio hori egitean, aktibazio komunitarioa sustatzen dugu, bakardade egoeran bizi den pertsonaren inguru naturala aktibatuz". Hala, boluntario sare bat sortzen dute, tresnak eta formakuntza ematen diete boluntarioei, eta esku hartze profesionalarekin batera, babes sare bat eraikitzen dute. "Bakardade egoeran egotetik bere komunitatean inklusio egoeran egoterainoko trantsizioan bidelagun izaten da boluntarioa".

2016tik ari dira proiektuarekin, eta "oso gustura" daudela orain arte egindakoarekin azaldu du. "Emaitzak oso positiboak dira, ez soilik aktibazio komunitarioa bultzatzeagatik, baizik eta egoera horretan dauden pertsonak detektatzeagatik, eta beraiekin kontaktatzeagatik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!