Batzar Nagusiek Osoko Bilkura ibiltaria egingo dute Tolosan

Ataria 2022ko ekainaren 30a

Tolosako udaletxean izango da, 10:30ean hasita.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Osoko Bilkura ibiltaria egiten dute urtero Gipuzkoako udalerriren batean, eta aurten Tolosan egingo dute. Zehazki, larunbat honetan, uztailaren 2an izango da, udaletxeko batzar aretoan, 10:30ean hasita, eta zuzenean jarraitu ahalko da http://jggipuzkoa.seneca.tv/lives estekaren bitartez.

Bilkurari hasiera eman aurretik, 10:00etan Olatz Peon Tolosako alkateak eta udalbatzak harrera egingo diete udaletxe atarian, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariari, Ernesto Merino, Marivi Eizagirre eta Saioa Bandres mahaikideei eta Markel Olano diputatu nagusiari. Dantzarien harreraren ostean, alkateak aginte makila emango dio Batzar Nagusietako lehendakariari, eta udaletxera sartzean, klarinek Gipuzkoako ereserkia joko dute. Agintariak udaletxera sartuko dira, mazadunek gidatuta, eta bertan, ohorezko liburuak sinatuko dituzte. Lehendakariak eta diputatu nagusiak Tolosako Udalaren ohorezko liburuan sinatuko dute, eta alkateak Gipuzkoako Batzar Nagusien ohorezko liburuan sinatuko du. 

Ondoren emango zaio hasiera bilkurari. Bilkuran, besteak beste 2023ko uztailaren 2an Osoko Batzar Ibiltaria Oiartzunen izatea adostuko dute. Bilkura amaitzen denean, klarinek Agur Jaunak joko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!