IV. Kantik musika zikloaren lehen kontzertua, ostiralean

Ataria 2022ko eka. 29a, 16:01

Bueltan da Hodeiertz abesbatzak antolatu ohi duen Kantik musika zikloa. Udazkenean antolatu ohi dute, baina Coro Juvenil de Universidade de Lisboa abesbatza Euskal Herrian dagoela baliatuta, ostiralean izango da zikloaren lehen kontzertua.

Coro Juvenil de Universidade de Lisboa abesbatzak emanaldia eskainiko du ostiralean, uztailak 1, 19:30etik aurrera Tolosako San Frantzisko elizan. IV. Kantik musika zikloaren barruan sartu dute emanaldia, udazkenean egin ohi duten hitzordua aurreratuz. Kantik-eko egitaraua prestatzen ari dira oraindik, baina Lisboako abesbatza Euskal Herrian dagoela baliatu dute, Tolosako emanaldia lotzeko.

Hodeiertz abesbatzak gogoratu du pandemiak gogor kolpatu duela abesbatzen mundua, "baina gauzak hobeto daudela dirudien honetan, eta bi urteko geldialdiaren ondoren, Hodeiertzek aukera ikusi du Kantik musika zikloaren IV. edizioa antolatzeko".

Kantik zikloan ahalegina egiten dute eskualdeko taldeei entzungarritasuna emateko eta, aldi berean, txoko berezi bat eskaintzen diete gazte abesbatzei, "beraiek direlako gaurtik hasita bidea egin behar dutenak".

Coro Juvenil de Universidade de Lisboa

Coro Juvenil de Universidade de Lisboa abesbatzak 2005ean eskaini zuen bere lehen emanaldia. Harrezkero ehunka kontzertu eskaini ditu, bai Portugalen eta bai atzerrian, eta gaur egungo gazte abesbatza ezagunenetako bat bihurtu da, kantatzearekin batera mugimendua eta antzerkia uztartzen dituen lengoaia bat sortuz. Nahasketa horri esker, musika emanaldiez gain parte hartu du orobat antzerki produkzioetan edo zinemako proiektuetan ere.

Erica Mandillo zuzendaria eskarmentu handiko musikaria da. Bere ibilbidea zientzien munduan hasi zuen arren –biofisika ikasketak egin zituen-, piano eta kantu ikasketak osatzea lortu zuen, eta zientzialari ogibidea alde batera uztea erabaki zuen buru-belarri musikan murgiltzeko. Hala, 2005ean Coro Juvenil da Universidade de Lisboa sortu zuen, haur eta gazteekin musika lantzeko modu berri baten bila. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!