Aurreiritzien aurka borrokatzeko konpromisoa berretsi du Tolosako Udalak

Ataria 2022ko eka. 28a, 18:59

Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexualen eskubideen Nazioarteko Egunean, adierazpen bateratua kaleratu dute Tolosako Udaleko talde politikoek.

Tolosako Udalak LGTBI+ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko konpromisoa berretsi du. "Pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta zaindu behar dugu LGTBI+ bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izatea, horretarako estrukturalak diren politika publiko integralak disenatuz", adierazi dute.

1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewalleko matxinada gertatu zenetik, data hori bihurtu da lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen galerak, aldarrikapenak eta lorpenak gero eta agerikoagoak egiten dituen eguna. "Memoria egitea eta efemeride hura gogora ekartzea ondo dago, atzera begira aurrera egiteko, oraindik lortzeko dagoen guztia nabarmentzeko eta kolektibo horrek oraindik aurre egin behar dien egoeren eta arriskuen salaketa publikoa egiteko, alegia".

Egun, oraindik ere, komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioek zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituztela adierazi dute udaletik. "Duela urte batzuetatik hona, gainera, Espainiako gobernuko transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI+ pertsonen bermerako lege-aurreproiektuaren ondorioz, transen aurkako gorroto-diskurtsoa gogortzen ari da".

LGTBI+fobiaren aurkako behatokietatik eta hainbat txostenetatik (Ikusgune, Berdindu), 2021eko ekaineko gorroto-delituei buruzko inkestaren txostenetik jasotako datuen arabera, gora egin du sexu-genero desberdineko pertsonen aurkako indarkeria fisikoak zein bestelakoak.

Inkestan parte hartu duten pertsonen %40k adierazi du iruzkin edo keinu iraingarriak jaso dituela, horien eragile izanik arrazakeria, xenofobia, antisemitismoa, antigitanismoa edo ideologia, sexu-orientazioa eta genero-identitatea, erlijioa edo ezintasuna. %59k adierazi du mehatxuak izan dituela arrazoi horiengatik, %36k erasoak jasan dituela eta %75ak adierazi du azken 5 urteotan diskriminatua izan dela.

Gainera, beste datu garrantzitsu bezain kezkagarri batzuk ere agerian jarri ditu inkestak, hala nola, kasuen %38an erasotuek erasotzailea ezagutzen dutela (lankideak, eskolako gelakideak, senideak, bizilagunak...), eta kasuen %64an erasotzaileak bat baino gehiago izan direla.

Era berean, gai honetako aditu batzuek kezka agertu dute bizitzen ari garen testuingurua dela-eta. EHUko Zuzenbide Penaleko katedradun Jon Mirena Landaren iritziz, "eliminazioko indarkeria" deiturikoa hasi da azaleratzen. "Dena da serioa, baina eliminazioko indarkeria nukleo gogorra da. Hitzez eztabaidatzetik ekintza tristeetara pasa gara, eta homofobia, argi eta garbi, jo puntuan dago".

Ildo beretik, Laia Serrak (abokatu penalista, genero-berdintasunean eta giza eskubideetan aditua), diskurtsoen eta akzioen arteko lotura baieztatu du. "Mekanika argia da eta beti mekanika bera: kolektibo bat deshumanizatu egiten dute, irudi estereotipatu negatibo batzuk egozten dizkiote, eta, hortik aurrera, horrek erraztu eta sustatu egiten du biztanleriaren sektore jakin batzuek, gero eta handiagoek, beren aurreiritziak praktikan jartzea. Erasotzaileak jada ez dira eskuin muturrekoak bakarrik, eta edozein herritarrek erabiltzen ditu beren aurreiritziak, neurri handi batean diskurtso batzuek legitimatu egiten dituztelako".

Horregatik guztiagatik, Tolosako Udala osatzen duten talde politikoek ondorengo ekintzak gauzatzeko konpromisoa hartzea adostu dute:

  • Beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea II. Udal Protokoloan indarkeria matxista mota guztiei arreta, jarraipena eta erantzun publikoa emateko beharrezkoak diren zerbitzuak sartzeko, tradizionalki esleitutako genero-eskemak hausten dituzten pertsonengan erabiltzen diren espazio fisiko eta sinboliko guztietan: intersex, transgenero, transexual, homosexual, lesbiko eta sexu/genero eskema tradizionala errepikatzeari uko egiten dioten emakume eta gizon guztietan.
  • LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako herri diagnostiko bat egin eta honetan oinarritutako neurri zehatzak izango dituen baino integrala izango den ekintza plan bat abiatzea, hala nola ondorengoak bilduko dituena: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, eta aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan.
  • Lesbofobia, homofobia, bifobia eta transfobiaren kontrako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak garatzea, erreferente positiboak sortzeko maitasun- eta sexu-dibertsitatea bizi ahal izateko, eta kontzientzia kritikoa sortzeko sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari eta sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari buruz. Aurrera egitea herritarren kontzientzia solidario berri baterantz eta berdintasun eta errespetuzko balioetan gizarte-kohesioa segurtatzea, eta diskriminaziorik ezaren kultura zabaltzea kolektibo horiek jasaten dituzten eraso eta aurreiritzien aurrean
  • Jabetze Eskolan, prestakuntza-, hausnarketa- eta eztabaida-jarduerak bultzatzea, berdintasunezko harreman-eredu anitzak sortzeko eta LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten indarkeria matxistei aurre egiteko tresnak izan ditzaten.
  • Tolosako ikastetxeei, hezkidetza-proiektuaren bidez, beharrezko tresnak ematea diskriminazio hori txikitatik jasaten ari diren ikasleei laguntzeko. Gainera, irakasleei, gurasoei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari laguntzea, tresna eta material didaktikoak emanez, maitasun- eta sexu-aniztasunarekiko errespetua behar bezala lantzeko.
  • Herritarrei eskatzen diegu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztiekin bat egin dezatela, eta foro publikoetatik, komunikabideetatik eta sare sozialetatik erakuts dezatela gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela, eta balkoietan eta leihoetan bandera zintzilika dezatela.

Azkenik, Tolosako herritarrak animatzen dituzte Anarquía relacional antzezlan komikoa ikustera joatera. Etzi izango da, Topic-en, eta ekainaren 28ko sentsibilizazio-kanpaina honen barruan antolatu den jarduera ludikoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!