ERREPORTAJEA

Gertu dabiltza blues doinuak Tolosan

Irati Saizar Artola 2022ko uzt. 1a, 07:57
2020KO Tolosand Blues jaialdian, The Luckymakers taldearen kontzertuko irudia. J.A.D.

Tolosand Blues jaialdia ari dira ospatzen egunotan Tolosako plaza, txoko eta tabernetan; atzo hasi eta igandera bitarte izango dira kontzertuak, bederatzi guztira. Gaby Jogeix, Nick Moss eta Nico Wayne artistak dira aurtengo karteleko izarrak, antolatzaileen arabera.

Atzo hartu zuten blues doinuek Tolosa eta igandera bitarte, etenik gabe, kontzertuak izango dira herriko zenbait txokotan. Tolosand Blues jaialdia bete-betean murgildu da egunotan Tolosan. Bere hemezortzigarren edizioan, bederatzi kontzertuko egitaraua prestatu dute. Iñigo Martin antolatzaile tolosarrak esan moduan, programazio «askotarikoa eta orekatua» lotu dute.

Blues estiloa Tolosara ekartzen duen jaialdia dela baieztatu du Martinek. 2005ean hasi ziren jaialdi formatua sortu eta ondorengo urteetan egonkortu den Tolosand Blues jaialdia ospatzen: «Lehen edizioa baino lehen, kontzertu solteren bat edo beste ikusten genuen, baina bluesa Tolosarekin benetako lotura izaten jaialdia martxan jarri ondotik hasi zen».

Hiru zaletu aritzen dira guztia antolatzen, eta tartean da Martin. Bera arduratzen da taldeak proposatzeaz, eta bilerara talde posibleen zerrenda bat eramaten duela kontatu du. «Jendeak zer entzun nahiko duen ere pentsatu behar izaten da, ez da nahikoa gure gustukoa den puntako talde bat ekartzea». Entzuleen atseginekoa izatea beti lortuko ez badute ere, horretan ahalegin bereziak jartzen dituztela dio. «Hori bai, jakin badakigu zeintzuk diren gure mugak, beraz, parametro horien barruan ahalik eta programazio onena antolatzen saiatzen gara».

Gaur, bihar eta etzi, zortzi emanaldi izango dira denera. Atzo ireki zuen jaialdia Mississippi Queen & The Wet Dogs taldeak, Euskal Herria plazan eman zuen kontzertuarekin. Bilbotik etorri zen boskotea, Ines Eleuteriaren ahotsa taldearen gidari zela. Datozen taldeak, Euskal Herrikoak zein kanpotik datozenak, estilo ezberdinetakoak izango dira, baina guztiak bluesaren bueltakoak. Besteak beste, swing, rockabilly, blues, soul, jazz edo musika beltza egiten duten puntako taldeak igoko dira oholtzara.

Arratsaldean, esaterako, Sweet Marta & The Blues Shakers taldea ikusteko aukera izango da, 19:30etik aurrera, Ilargi tabernan. Eta afalostean, 22:30ean, aurtengo «sorpresetako bat, izar bat», Bilbon jaiotako Gaby Jogeix gitarra jotzailea, bere taldearekin, Plaza Berrian. Azken diskoa besapean hartuta dator seikotea, lau musikari eta bi koristarekin. 

Zaletasuna pizten

Hemezortzi edizio, bada zerbait. Urtez urte jaialdia jarraitzen ari direnek blues zaletasuna garatu dutela dio Martinek. «Data gerturatu ahala, jendeak badu kuriositate puntua zein talde etorriko diren jakiteko, horrek esan nahi du zerbait. Eta beste zenbait kasutan, esaten dute lehen ez zutela blues musika ezagutzen edo ez zekitela zer zen». Jendea «ikasten eta barneratzen» ari da.

Martinek berak hogeita hamar urte inguru atzera eginda ezagutu zuen blues estiloa, «txiripaz». «Banekien blues musika existitzen zela eta ezagutzen nituen Eric Clapton edota B.B. King bezalako musikariak, baina behin sakontzen hasita, ikusi nuen bi izen handi horiez gain bazeudela talde ederrak, bakarlari bikainak, mundu erakargarri bat zegoela». Zaletasun horrek eraman du jaialdiko antolatzailea izatera eta blues taldeen berri izatera.

Behin taldeak Tolosara etorrita, kanpotik datozenei bertakoa zer den erakusten saiatzen dira. Esaterako, elkarte gastronomikoak. «Ez dituzte elkarteak ezagutzen, eta gure aldetik ezagutu ditzaten nahi izaten dugu, funtzionamendua ere esplikatzen diegu. Haragia parrillan ikusten dutenean eta hemengo kutixiak prestatzen dizkiegunean harrituta geratzen dira eta argazki asko egiten dituzte», kontatu du.

EGITARAUA

UZTAILAK 1, GAUR 

  • 19:30. Sweet Marta & The Blues Shakers, Ilargi tabernan.
  • 22:30. Gaby Jogeix, Plaza Berrian.

UZTAILAK 2, LARUNBATA 

  • 13:00. Bluebird, Lopez Mendizabal plazan.
  • 19:00. Cesar Crespo, Zerkausian.
  • 22:30. Nick Moss Band, Plaza Berrian.
  • 00:30. Armonica Fredy Band, Fronton kafetegian.

UZTAILAK 3, IGANDEA 

  • 13:00. Serious Business, Txurrerian.
  • 20:00. Nico Wayne Toussant, Plaza Berrian.

 

MISSISSIPPI QUEEN & THE WET DOGS

Bilbotik datorren boskotea da, 2015ean loratutako taldea. Aitor Zorriketa eta Ines Eleuteria abeslaria elkartzean sortu zen eta ondoren hazten joan da. Zazpi urteko musika ibilbidea darama boskoteak. Beraien errepertorioan soul, rhythm and blues eta funky bezalako doinuak entzun ahal dira.

 

GABY JOGEIX

Bilbon jaioa, urte luzez Madilen bizitzen. Seikotea dator, tartean, bi korista eta teklatua, kutsu berezia, magia berezia ematen diona. Estatu mailan goi mailakoen artean dagoen taldea da, aurtengo Tolosand Blues jaialdiko izarretako bat. Gospel doinuak, soul, rhythm and blues eta bluesa entzun ahalko dira.

 

BLUEBIRD

Bilbotik, boskote berri xamarra. Abeslaria Jon Gurrutxaga, Arima Beltza taldean aritutako musikaria. Bertsioak jotzen dituzte, gehienbat 60-70. hamarkadetako bertsioak. Soul, rhythm and blues edota rocka bezalako estiloan arituko dira emanaldi interesgarria eskainiz.

 

SWEET MARTA & THE BLUES SHAKERS

Bartzelonatik datoz. 2013an sortutako taldea da. Katalunian eta Espainiako Estatuan dagoen emakumezko harmonika jotzaile bakarra da Marta Suñe, Sweet Marta izenez ezaguna dena. Rhythm and blues, blues indartsua eta Kaliforniako blues doinuak ekarriko dituzte Tolosara.

 

NICK MOSS BAND

Ameriketako Estatu Batuetako blues gitarra jotzailea da Nick Moss. Berarekin izango du Paul San Martin Donostiako organo jotzailea, lauzpabost doinu joaz. Emanaldia aurtengo beste izarretako bat izango da. Denera, sei musikari arituko dira oholtzan, eta tartean harmonika jotzailea ere izango du.

 

CESAR CRESPO

Madrilgo Blues gitarrista gazteak, 2002an hasi zuen musikaren munduan bere bidea, Vice&Vanity punk-rock underground taldea sortuz eta Europan eta AEBetan zehar Opus Dead taldeko baxu jotzaile gisa. Tolosara, laukotean dator, saxoa eta guzti, jatorrizko blues eta rhythm and blues doinuekin.

 

SERIOUS BUSINESS

Zumaia eta Zarautz artean kokatutako laukotea. 2015ean sortutako musika proiektu bat da. Taldeak bluesa eta rockean oinarritzen du bere soinua, baina beste estilo batzuetara ere irekita dago, hala nola funk, R&B, pop edo jazza. The Last Port Sessions izeneko azken diskoarekin datoz.

 

ARMONICA FREDY BAND

Bartzelonatik datorren laukoeta, Fredy Garcia harmonika jotzailearen gidaritzapean. Jotzen duten estiloa blues eta rock'n rollaren artekoa da. Soinu propio eta oso pertsonala duen taldea da, eta beraien konposizioak bertsioekin nahasten dituzte.

 

NICO WAYNE TOUSSANT

Iparraldetik dator harmonika jotzailea, boskotean. Bere belaunaldiko harmonika-abeslari nagusietako bat da. Ibilbide oparoa darama, bi hamarkada inguru daramatza zuzenekoak eskaintzen, eta 1998tik, hamalau disko grabatu ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!