ELKARRIZKETA

«Guk denbora eta soinua saltzen ditugu»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 2a, 07:57
Itxaso Urdanpilleta Tolosan Keylan duen dendan. E. MAIZ

Ez du lanbide ohikoa Itxaso Urdanpilletak (Tolosa, 1984). Sarrailagilea da, eta Tolosan du denda. Ez dago ikasketarik ofizioa ikasteko, eta gurasoen ondoan ikasi du lanbidea. 

Gurasoen lanbideari jarraipena emanez sarrailagilea da Itxaso Urdanpilleta; Tolosan du denda, eta garbi adierazi du ez dela existitzen irekitzen ez den sarrailarik, «ixten den guztia irekitzen da».

Nola iritsi zara sarrailagile izatera?

Nire gurasoek bizi guztian egin dute lana Lejarretan, eta ni txiki-txikitatik bizitza osoan egon naiz Lejarretan. Gero Tolosako denda ireki zutenetik hemen ibili naiz.

Non ikasten da sarrailagile izaten?

Ez dago sarrailagile izateko ikasketarik. Egia esan, orain dela gutxi nire mutilarekin horretaz hizketan aritu nintzen, izan ere, nire amari erretiroa hartzeko hiru bat urte geratzen zaizkio. Ni orain asko kanpoan ibiltzen naiz lanean, eta norbait beharko dugu dendan lan egiteko. Eta nora joango gara pertsona horren bila? Ez da inon erakusten eta ez dago modulu bat; ez da ezer. Pertsona bat zerotik hartu beharra dago eta hemen eduki beharko dugu erakusten. Nik dakidala ez dago inolako ikasketarik.

Era berean, ikastea beharrezkoa den lan bat da zuena.

Ikastea bai, baina azkenean jendearekin dendan egonez ikasten duzu. Ez da liburuen giltza bat hartu eta ikastea. Jendea giltzekin etorri eta zein giltza den ikusiz ikasten da. Ni amarekin urte pila batez egon nintzen lanean, eta nire amak Donostiako denda ireki zuenean, bakarrik gelditu nintzen hemen eta izugarri pila ikasi nuen. Ez nuen beste erremediorik izan. Denbora guztian amari giltza bakoitzari buruz galdetzen ibiltzen nintzen. Whastapp-a iritsi zenean, jada argazkiak bidaltzeko aukera nuen eta berak zein giltza zen esaten zidan. Eta oraintxe bertan pertsona bat beharko bagenu, nik ez dakit nora jo beharko genukeen. Ez dakit nondik hasi; tokatuko zaigu eta uste dut gaizki pasako dugula. 

Jada urte batzuk daramatzazu lanean. Bilakaera handia eman da giltzetan? 

Giltza mota berriak ateratzeaz aparte, lehen esaterako, kotxeko giltzak normalak ziren bezala, orain txiparekin izaten dira. Ikastaroak egitera joan beharra daukagu, eta makina berriak erosi beharra dauzkagu. Denbora guztian gaude makina berriak erosten. Ez baditugu erosten atzean geratzen gara. Giltzez gain, garajeko mandoak direla ere, hori guztia mundu bat da. Denbora guztian gainean egon beharra daukagu, bestela atzera geratzen gara. Giltzen kasuan, hamar modelo berri atera direla-eta, bezeroek eskatu ahala eskatzen ditugu. Ez da zein giltza mota atera diren ikustera joan eta denekin zatozela. Agian, giltza mota horiek Madrilen erabiliko dira, eta hemen ez. Tokiaren arabera ere giltza mota ezberdinak erabiltzen dira. 

Toki guztietan ez da material bera erabiltzen? 

Adibide bat. Ateetako malgukiak ia eskaratze guztietan daude. Adibidez, malgukien arazoa barruan olioa bat dutela da, eta eguraldi aldaketarekin, edo ez dira ixten edota izugarrizko kolpea ematen dute. Bada malguki horiek duela hamabost urte elektrikoak atera zituzten. Madrilen eta Bartzelonan ia-ia denak horrela jarrita daude. Hona, oraintxe iritsi dira. Aspalditik genekien, baina orain dela hiru bat hilabetetik hona jende pila bat hasi da malguki horietaz galdetzen. Oso atzera goaz. Ikastaroetara-eta joaten garenean material pila bat ikusten dugu, eta erosteko esaten digute, baina ez du merezi, hemen jendeak ez baitu eskatzen. Eta arraroa da, sarrailagintzan goian dauden enpresa guztiak euskaldunak dira. Espainian ibiltzen diren enpresa guztiak euskaldunak dira, baina hemen ez gaude hain aurreratuta edo jendeari beldur gehiago ematen diote gailu elektronikoek. Beti deitu izan dit atentzioa.

Adi ibili beharra daukazue, beraz. 

Enpresetako ordezkariak etortzen zaizkigu edota makinak egiten dituzten enpresak. Ikastaroak, azokak non dauden eta nora joatea komeni zaigun... Guk baloratu behar dugu joan edo ez, eta gainera guztiak ordainduta dira. Egon nintzen azkenengoan sarrailak nola puskatzen diren edo irekitzen diren izan zen, hau da, lapurrek zein teknika erabiltzen dituzten. Oso interesgarriak dira, baina oso garestiak ere badira. Adibidez, Malagara oporretara goazela aprobetxatuz, bertan ikastaro bat egin dut.

«Oraintxe bertan pertsona bat beharko bagenu, nik ez dakit nora jo beharko genukeen; ez dakit nondik hasi»

Nolakoa da zure eguneroko martxa?

Normalean nire ama beti dendan egoten da bezeroei erantzuten. Ni ere dendan egoten naiz, baina kanpora ateratzen gara lanera. Abisuen zerrenda bat dugu, eta hurrengo egunerako zerrenda horretatik eguna antolatzen dugu. Baina gure lana aldakorra da. Egun batean irekitzen duzu denda, eta era batera duzu antolatuta eguna, baina dei bat jasotzen duzu lapurreta egin diotela eta etxeko atea puskatu diotela esanez. Orduan dena utzi beharra daukazu, eta bertara joan. Eta azkenean gaur joatekoa nintzen etxe horretara ezin naiz joan, beste lan hori egitera joan beharra daukadalako, eta jende askok ez du ulertzen hori. Jendeak ez du pazientziarik horretarako.

Pazientzia falta sumatzen duzu?

Bai. Hori horrela, azkenaldian, aurreko egunean lotu beharrean libre ditugun momentuetan jendeari deitzen diogu ea beraiek libre dauden. Izan ere, aurreko egunean deitu, gelditu eta gero ez joate hori jendeak oso gaizki eramaten du. Baina jendeak ez duena ulertzen da gure lana horrelakoa dela. Zuk zure etxeko sarraila hobetu nahi duzu, eta aldi berean beste bat etxera sartu ezinda dago. Zu izango bazina etxera sartu ezin duena, nahiko zenuke gu azkar joatea, baina jendeak ez du pazientziarik eta esango nuke pandemia eta gero gehiagora doan kontua dela. Jendeari pazientzia bukatu zaio. Hasieran pazientzia gehiago ekarriko zuela uste banuen ere, ez da horrela izan. Oso geurekoiak gara.

Sarrailagilea esatean giltza dator burura, baina zer gehiago egiten duzue? 

Gehiena sarrailak eta giltzak dira, portaletan malgukiak asko izorratzen dira, garajeetako mandoak, hargailuak, kotxeko giltzak, kotxeetako sarrailak, kaxa fuerteak,... Edo orain geroz eta gehiago etxeko sarrailak mugikorrarekin irekitzeko moduan jarri nahi izaten dute bezeroek. Jendeak ez ditu horrelako gauzak ezagutzen eta guztiz praktikoak dira.

Zerk ematen du lan gehiena?

Etxeko giltzak aldatzeak, eta sarraila-zilindroak aldatzeak. Etxea erosi duzula, giltzak galdu dituzula, lapurtu dizkizutela,... Momentuan saldu eta jendeak aldatzen du, edo guk aldatzen dugu. Sarraila-zilindroa aldatzea tontakeria bat da. Eta agian geure buruari harriak botatzea da, baina guk jendeari beti ea beraiek egin ahal duten esaten diegu. Guk nola egin behar duen azaltzen diegu, eta ez bada ausartzen edo ez badu lortzen gu joaten gara. Gainera, beti entzuten da sarrailagileak oso garestiak garela, hori betikoa da. Guk irteera eta eskulana kobratzen dugu, eta hori ekidin badezakezu, sarraila-zilindroak balio duena ordainduko duzu. Berez txikikeria bat da. Batzuk saiatzen dira eta lortzen dute, eta eskerrak ematen dizkizute, beste batzuk saiatzen dira eta ez dute lortzen eta joan egin behar izaten dugu, eta beste batzuk hasieratik esaten digute ez direla saiatu ere egingo.

«Etxera sartu ezin duen gehiengoak giltzak barrutik jarri dituelako izan ohi da»

Segurtasunari garrantzia ematen zaio? Bada ireki ezin den giltzarik?

Ez, ez dago ireki ezin den eta hausten ez den sarraila-zilindrorik. Guk denbora eta soinua saltzen ditugu. Zuk sarraila-zilindro bat geroz eta gehiago ordaindu denbora gehiago kostako zaie irekitzea eta soinu gehiago atera beharko dute. Sarraila-zilindro merke-merke batekin minutu batean irekita izango dute eta soinurik gabe. Prezioen diferentziak horretan datza, sartu nahi duenak denbora eta soinu gehiago atera beharko dituelako. Azkenean prezioaren igoerak horiek dira. Oztopoak jartzea da, garbi izan behar da sartu nahi duena sartu egingo dela. Ixten den guztia ireki egiten da.

Ateak irekitzera joan beharra ere bada zuen lana.

Etxera sartu ezin duen gehiengoak giltzak barruan jarri dituelako izan ohi da. Sarraila batzuk zuk giltza barrutik jarri arren kanpotik irekitzen dira, baina lehengo sarrailetan ezin da kanpotik ireki. Orduan joan eta txartelarekin irekitzen da. Guk adibidez 60 euro kobratzen dugu eta jendeari garesti iruditzen zaio, eta zerbitzuak hori balio du. 24 orduko bati deitzen baldin badiozu 300 euro kobratuko dizkizu. Hortik dator gu garestiak garela esatea...

Jende asko geratzen da etxera sartu ezinik?

Bai. Eta ez jende ezberdin asko, baita pertsona bera askotan ere. Esaten diegu: «Mesedez, aldatu sarraila». Sarraila aldatzea atea irekitzea beste kostatzen zaio. Eta gu pozik atea irekitzera joatearekin, baina beraiengatik da. Zu zure etxera sartu ezinik geratzea momentuan estutasun handia da, baina batzuk ez dira eskarmentatzen. Jende despistatu asko dago.

Kutxa gotorrak ere aipatu dituzu. Asko jartzen dira?

Lehen garai batean askoz ere gehiago. Orain jada gutxiago. Adineko jendeak dirua etxean edukitzeko ohitura gehiago zeukan. Aspaldian ez zaigu etorri gazte bat kutxa gotor bat nahi duela eskatzen. Tabernetarako bai, baina etxeetan ez. Lehen bai. Askok txikia nahi izaten zuten, eta beti esaten genien tokia izanez gero handia jartzeko. Prezioan diferentzia handirik ez dago. Eta txikia jarri eta asko beste baten bila etortzen ziren txiki geratu zitzaielako. Kaxa bat duzunean sartu eta sartu egiteko ohitura izaten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!