Udan bi ekimen jarriko ditu martxan udal liburutegiak

Ataria 2022ko ekainaren 23a

Tolosako Udal Liburutegiak bi ekimen jarriko ditu martxan udan irakurzaletasuna sustatzeko eta tolosarren irakurketa ohiturak bultzatzeko: 'Biblioporrak' eta 'udako liburutegia'.

Haur eta gazteek irakurketaz gozatzeko, Biblioporrak izeneko gidak prestatu ditu udal liburutegiak, 0 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Gidan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako adin ziklo bakoitzerako liburu gomendagarriak jasotzen dira.

Gidan jasotzen diren liburuak udal liburutegiko Biblioporrak izeneko gunean egongo dira eskuragarri, Errota eraikineko 3. solairuan dagoen ekintza gelan, irailaren 30era bitarte. Haur liburutegiaren udako ordutegia ondorengoa izango da: ekainaren 22tik irailaren 2ra, 10:00etatik 13:30eara.

Liburutegia, kiroldegian

Udako hilabeteetan liburutegia herritarrengana hurbiltzeko, udako liburutegia irekiko dute Usabal Kiroldegian, uztailaren 4tik irailaren 9ra arte. 15:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera. Publiko guztiari zabalik egongo da, eta bertaratzen direnek mota guztietako materialak aurkitu ahal izango dituzte: egunkariak, aldizkariak, komikiak, eleberriak, bidaietako gidaliburuak, sukaldaritzari buruzko liburuak, haurrentzako jolas liburuak eta baita mahai jokoak ere.

Horrez gain, honako zerbitzuak eskainiko dituzte bertan: kiroldegiko irakurgelarako mailegua eta etxerako mailegua, marrazkiak egiteko margoak eta papera, Tolosa eta bertako liburutegi zerbitzu orokorrari buruzko informazioa, liburutegiko txartelak egiteko aukera eta wifi zerbitzua. Gainera, liburutegiko bazkideek, helduen zein haurren liburutegiko liburuak maileguan eskatu eta hurrengo egunean igerilekuan jasotzeko aukera izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!