Kalean espazio estali gehiago izatea eskatu dute Tolosako gazteek

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 23a, 13:59

Herriko haur, nerabe eta gazteen egoerari buruzko diagnosia amaitu berri du Tolosako Udalak; orain, ekintza plana osatzeari ekingo dio, etorkizuneko gazte politikak gazteen beharretara egokituta diseinatzeko.

Etorkizuneko gazte politikak diseinatu eta zehazteko, iaz hasi zen Tolosako Udala herriko haur, nerabe eta gazteen egoeraren diagnosia eta plana egiten, herriko eragile eta gazteekin elkarlanean. Dagoeneko amaitu du diagnosiaren fasea eta Haur, Gazte eta Nerabeen ekintza plana osatzen hasiko da orain.

Datu estatistikoen arabera, Tolosan 0 eta 30 urte arteko herritarrak %12,5 hazi dira 2011tik 2021era. Tolosako biztanleria osoa ere %8,7 hazi da epe berean. Hortaz, 0-30 urteko gazteek biztanleriaren %31,2 ordezkatzen dute. Hori horrela, Haur, Gazte eta Nerabeen planaren helburua da herriko haur (0-12 urte), nerabe (12-17 urte) eta gazteen (18-30 urte) egoera zein den ezagutzea, aurrera begira lanean jarraitzeko lan ildoak zehazteko eta bere beharrei egokitutako Gazteriako Udal Plana diseinatzeko.

2021eko aurrekontuetan jasotako egitasmoa da eta prozesua aurrera eramateko Siadeco enpresaren laguntza eta aholkularitza izaten ari da udala. Diagnosia egiteko metodologia eta teknika ezberdinak erabili dituzte, besteak beste, elkarrizketa sakonak eta gazteekin eta hauekin harremana duten eragile eta gurasoekin osatutako talde dinamikak. Hain zuzen ere, 18 elkarrizketa sakon eta 16 eztabaida talde burutu dira. Guztira, 121 lagunek parte hartu dute.

Lanketa horietan jaso den informazio kualitatiboaren azterketan oinarritu da diagnostikoa. Gazteek dituzten premia nahiz aukeren inguruko pertzepzio eta balorazioak jaso dira eragile desberdinengandik: kirol elkarteak, aisialdi taldeak, ikastetxeak, gizarte alorreko elkarteak, kale hezitzaileak, guraso taldeak edota udal teknikariak.

Programa gehiago sustatzeko eskaera

Herriko zerbitzu eta ekipamendu ezberdinen inguruan gazteek duten iritzia jasotzen da diagnostikoan, eta hainbat hobekuntza-proposamen antzeman dituzte. Herriko espazio eta ekipamenduei dagokienean, gazteek ondo baloratzen dituzte Usabal kiroldegiko instalazioak eta Gazte Topagunea, baina ordutegia zabaltzeko eskaera egiten dute, baita kalean espazio estali gehiago sortzea ere.

Aisialdiaren inguruan, Tolosa herri bizi eta aktiboa dela adierazi dute, eta eskolaz kanpoko jarduera antolatuek nerabeen denbora librearen zati handi bat hartzen dutela. Bestalde, hiru ikastetxe nagusien artean bereizketa argia dagoela aitortu dute eta elkar topaketarako gune eta momentu gutxi dutela.

Komunitatearekiko loturari dagokionez, positiboki baloratu dute Haurren Hiria programa, ikasleen parte hartzea eta herritartasuna lantzen duelako. Dena den, haur, nerabe eta gazteei zuzendutako programa gehiago sustatzeko eskatu diote udalari, hala nola, udaleku publikoak.

Lana eta etxebizitza dira 20 eta 30 urte bitarteko herritarren kezka nagusiak. Oso ondo baloratzen dituzte Euskal Herria plazako bizitokiak eta merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko udalak abiatutako dirulaguntzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!