ERREPORTAJEA

Emakumeak elkarteetara bidean

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 23a, 11:59

Pauso motelean eta tantaka, baina ari dira Tolosako zenbait elkarte gastronomiko emakumeei bazkideen artean lekua egiten; Gure Kaiola eta Txinparta elkarteak dira horren adibide.

Gizonen eremua izan da tradizioz elkarte gastronomikoa. Tolosan udalak lanketa berezia egin zuen elkarteetan, parekidetasunaren bidean, emakumeak ere bazkide izan zitezen, eta egun, bakoitza bere kaxara, baina ari dira pausoak ematen.

Duela hiru urte sartu zen bazkide, lehen aldiz, emakume bat, Gure Kaiola elkartean, eta iaz eman zuten pauso hori Txinparta elkartean, emakume bat bazkide sartzean.

"Bagenuen gogoa gauzak bere onera etortzeko", dio Jon Oramazabal Txinparta elkarteko lehendakariak. Duela urte batzuk emakume batek bere burua aurkeztu zuen Txinpartako bazkide izateko eta ez zuen lortu. Bazkide sartu edo ez gainerako bazkideek erabakitzen dute elkarte horretan, botazio bidez, eta bi herenaren baiezkoa behar da onartua izateko. "Muga-mugan geratu ginen, gehiago ginen baiezkoa ezezkoa baino, baina bi heren izateko bizpahiru boto falta ziren". Emakumeak bigarren saiakera bat ere egin zuen, baina bigarrenean ere ezezkoa atera zen.

Orain "kontuari buelta" eman diote, eta iaz sartu zen lehen emakume bazkidea, aho batez onartuta. "Ari gara pixkana normalizatzen", dio pozez Ormazabalek. Momentuz, emakume bakarra dago bazkide Txinpartan. Hala ere, zehaztu du gertatu direla kasuak gizonezkoak kanpoan geratu direnak ere. Bere elkartean geroz eta emakume bazkide gehiago ikusi nahiko lituzke, eta baikorra da zentzu horretan, baina denbora beharko dela ere argi du: "Ez dakit zenbat denbora pasako den, baina aldaketa badakit etorriko dela; pausoak mantsoegi eta makalegi ematen ari gara, baina pauso seguruak dira eta pixkana lortuko dugu".

Lehen emakume bazkidea

Umetatik sartu-irtenean ibili da Cristina Tolosa Lopetegi tolosarra Gure Kaiola elkartean. Aita bazkidea da eta duela hiru urte eman zuen berak ere bazkide izateko pausoa: "Gazteagoa nintzenean esaten nuen: 'ba gizonak ibili daitezela elkartean eta listo', baina gero pentsaera aldatzen zoaz eta pentsatu nuen nik ere esparru hori bizitu nahi nuela".

Tolosa baino lehen, beste emakume bat bi bider saiatu zen bazkide sartzen, baina ez zuen lortu. "Ordurako buruan bueltaka nuen sartzearena", kontatu du.

Elkarte bakoitzak bere moduak ditu bazkide berriak sartzeko. Gure Kaiolan bi bazkidek aurkeztu eta babestu behar dute bazkide izan nahi duen pertsona, eta urtarrilean egiten den asanbladan bi herenak baiezkoa bozkatu behar du. "Larri-larri" baina sartzea lortu zuen tolosarrak. "Badakit batzuk ez zirela gustura izango erabakiarekin, baina tira, inork ez dit aurpegi txarrik jarri eta ez dut inolako arazorik izan, hasieratik asko lagundu didate". Aitari kontatu zion lehenik bere asmoen berri, eta beste bazkide batzuekin hitz egitean animatu zen izena ematera: "Aitari komentatu nion eta hasieran harrituta geratu zen bera ere, baina ilusioa egiten bazidan aurkezteko esan zidan". Bozketako egunean hautagaiak ez dira asanbladan egoten, eta zorionak emanez whatsapp bat iritsi zitzaionean jakin zuen barruan zegoela.

Kontatu du bera bazkide sartu eta hurrengo urtean emakume eta gizon bat aurkeztu zirela eta emakumea sartu zela baina gizonak ez zuela lortu sartzea. Egun, hiru emakume dira bazkide, eta datorren urtean zuzendaritza taldean egongo da horietako bat: "Lehen emakumea izango da Gure Kaiolako zuzendaritza taldean sartzen, eta beste biak elkartearen ehungarren urteurrenean sartuko gara zuzendaritzara, 2027an".

Geroz eta elkarte gehiagotan daude emakumeak, baina "adin bateko gizonen esparrua izanik, kosta egin zaie pausoa ematea", Tolosaren ustez. "Pena da lehenago hasi ez izana, baina hasi gara", dio. "Iritsi behar zuen momentua Gure Kaiolan ere, eta duela hiru urte iritsi zen gurera", bera bazkide sartzearekin batera.

Tolosak uste du, ordea, beste zenbait elkartetan emakumerik ez dagoela "inork izenik eman ez duelako". Izan ere, "erritmo ezberdina" daramate elkarte gastronomikoek, eta bazkide sartzeko moduak ere ez dira berdinak denetan: elkarte bakoitzak bere arauak jartzen ditu bazkide berriak hartzeko. Elkarte batzuetan, bazkide bat hiltzen denean edo norbaitek bazkidetza uzten duenean familiakoei eskaintzen zaie sartzeko aukera; beste batzuetan, aldiz, zerrendan apuntatu eta txanda iristean sartzen dira; Gure Kaiolaren eta Txinpartaren kasuan, esaterako, gainerako bazkideen onarpena behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!