Gutxigatik ihes egin dio igoerak Laskoraini

Imanol Garcia Landa 2022ko ekainaren 22a

Oso gertu izan du areto futboleko Laskorain taldeak Hirugarren Mailara berriz igotzea. Afantxo taldearen aurka jokatu zuten igoera faseko finala, aurkarien etxean, eta irabazlea bakarrik igo ahal zen.

Gainera, Afantxok abantaila zuen, azkenean erabakigarri bihurtu zena: berdinketa izanez gero, luzapena jokatuko zuten eta hor ere berdinketa suertatuz gero, Afantxorentzat izango zen garaipena, ligan lehen postuan amaitu baitzuen.

Laskorainentzat ondo hasi zen partida, estrategiazko jokaldi baten bidez aurreratu egin baitzen markagailuan. Halere, Afantxok buelta eman zion egoerari. Atsedenaldiaren ondoren 2-3koarekin jarri ziren, eta orduan aurkariek atezain-jokalaria atera eta berdinketa lortu zuten. Laskorainek 3-4koa lortu zuen eta partida amaitzeko hogei segundo falta zirela launakoa lortu zuen Afantxok. Luzapenean berriro aurreratu ziren tolosarrak, baina aurkariek berdinketa lortu zuten, eta 5-5 bukatu zen neurketa.

«Kolpe handia» izan zela esan du Laskorain taldeko Mikel Juaristi jokalariak. «Pena da horrelako denboraldi luzea horrela bukatzea. Ikusi genuen ez zirela gu baino hobeak izan. Esan daiteke guk hobeto jokatu genuela, baina hala ere ez zen nahikoa izan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!