Kolorez betea dator Amarotz auzoko 24. Antzerki Astea

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 22a, 19:59

Ekainaren 27an hasi eta uztailaren 2an amaituko da; hilaren 29an Iñaki Alonso 'Indio' espeleologoa omenduko dute, 'Heroiek ez dute kaparik' izenburupean.

«Antzerki unibertsoaren erdigunean, auzo txiki batean dago kokatuta». Hala dio Amarozko musikariek osatutako Poprockponpero taldeak auzoko antzerki asterako sortutako kantuaren letrak. Antzezlan bakoitzaren aurretik jartzen dute, auzotarrak plazara gerturatzera gonbidatzeko, eta aurten ere entzun ahal izango da, ekainaren 27tik uztailaren 2ra bitarte ospatuko baita 24. Amarozko Antzerki Astea.

Intujai Teatro konpainiak antolatzen du, Amarotz Auzo Elkartearen babesarekin. 24 urte kolorez beteta da aukeratu duten leloa, eta horri lotuta, kartela egiteko Alpino margoen kaxaren irudia erabili dutela adierazi du May Gorostiaga Intujai Teatroko kideak, 24 margok osatzen dutelako. «Konpainia askoren obren aurre-estreinaldirako plaza izaten da antzerki astea, probak egiteko ezin aproposagoa. Jatorri, pentsaera eta ideia desberdinetako ikusleak biltzen gara eta entretenitzeko, hausnartzeko eta auzoa indartzeko balio du».

Duela 24 urte, sinergia moduko bat sortu zela azaldu du Gorostiagak: «Auzoko bizilagun batzuk elkartu ginen; hiru antzerkian aritzen ginen eta beste bat ipuin kontalaria zen. Auzoko festetarako, antzerkiarekin lotutako emanaldiak proposatzea pentsatu genuen, eta konturatzerako, lau saio desberdin genituen mahai gainean. Handinahiak izatea erabaki genuen, eta horrela sortu zen egitaraua aste oso batez luzatzearen ideia.

Hasiera, harrobiarekin

Auzoko taldeek emango diote hasiera antzerki asteari; Pailaztana Junior antzerki taldearen emanaldia izango da lehena. Gaur egun, 5 gaztetxok osatzen dute eta Berrobin bizi den Ester Poveda aktorea da irakaslea. «Oso gustuko dugu sorkuntza bultzatzea, eta kasu honetan, beraiek sortu dute istorioa, baita gidoia idatzi ere», adierazi du Gorostiagak. Taldeko kide batzuk lehen aldiz ariko dira publiko aurrean. «Energia handia dute, eta ez dira urduritzen», gaineratu du.

Biharamunean, auzoko beste talde baten (Pailaztana Klown) Inproklown saioa izango da. «Lan izugarria egiten dute, eta inprobisazioa ardatz izango duen saioa izango da, gidoi itxirik gabea. Publiko aurrean jarri, eta zuzendariek gaiak jarriko dizkiete. Bat-bateko probak egingo dituzte, gaien arabera».

'Indio' gogoan

Aurtengo edizioa, gainera, oso berezia izango da, Iñaki Alonso Indio espeleologoa omenduko dutelako; hain justu, Indio-k sortutako Akerbeltz Espeleo taldea ere protagonista dira arestian aipatutako kartelean. Hilaren 29a berari eskainiko diote, Heroiek ez dute kaparik izena eman dioten eguna. Goizean, mahai-inguru bat izango da, Mila esker, Indio! lelopean. «Lagun ugari bilduko gara, bakoitzak gure ikuspuntutik, bere figurari buruz hitz egiteko. Oso maitatua zen auzoan eta bere lana balioan jarriko dugu». Arratsaldean tailerrak izango dira, Amaia Covillar gidariaren, Akerbeltz Espeleo taldearen eta Montes Solidarios elkartearen eskutik; Zirkozaurre taldeak zirku tailerra ere eskainiko du.

Egun horretan, Ama-Alu-Lur emanaldia eskainiko dute. «Obra honen prozesuan pertsona oso berezia izan zen Indio. Kobazuloetan egon ginen berarekin, eta obraren gidoian agertzen diren gauza asko berari esker txertatu genituen. Atrezzorako ere bere elementu bat erabiltzen dugu», esan du Gorostiagak.

Ostegunean, azken urteetako arrakastari jarraituz, Pintxopoteatro ekimena izango da. Leioako Umore Azokan Euskal Antzerki Konpainia onena izendatu berri duten Orain-Bi konpainiaren Mute kale ikuskizuna, Diego Calaviak eta David Blancok auzoko tabernetan eskainiko duten Gertuko magia saioa eta Bikustik taldeak rock kantuen bertsio akustikoekin eskainiko duen kontzertua izango dira. «Arratsalde polita igaroko dugu, ohiko pintxo-potea beste modu batera bizitzeko aukerarekin», esan du Gorostiagak.

Auzoko festekin batera

Auzoko festak ospatuko dituzte uztailaren 1etik 3ra, eta beraz, antzerki asteko azken bi saioek bat egingo dute jaietako egitarauarekin. Batetik, Kike Santiago (Kicirke) burgostarraren Souvenirs saioa izango da. «Otsailean estreinatu zuen zirku kutsuko saioa da, oso poetikoa». Bestetik, Bapatean Zirko taldearen Adabaki saioa izango da. «Garai bateko pailazoak ardatz dituen ikuskizuna da, testurik gabea».

Herritar oro gonbidatu du Amarotz auzora Gorostiagak: «Bi urte gogor igaro ditugu, eta hala ere, hor egon gara antzerkilariak, presente. Auzoan, gainera, borroka handia izan dugu botikina lortzeko; bada, esango nuke antzerkia dela gure botikin emozionala. Etorri, ikusi eta gozatu».

EGITARAUA
  • Ekainak 27, astelehena
    • 17:00. Pailaztana Junior taldearen Zirku berezi bat emanaldia, Auzo-etxean, publiko guztiarentzat.
  • Ekainak 28, asteartea
    • 20:00. Pailaztana Klown taldearen Inproklown emanaldia, Auzo-etxean, helduentzat.
  • Ekainak 29, asteazkena
    • 11:00. Mila esker, Indio! mahai-ingurua, Auzo-etxean, helduentzat.
    • 16:30. Espeleologia eta mendi tailerrak kalean, haurrentzat, Amaia Covillar gidariaren, Akerbeltz Espeleo taldearen eta Montes Solidarios elkartearen eskutik.
    • 17:30. Zirku tailerra kalean, haurrentzat, Zirkozaurre taldearen eskutik.
    • 20:00. Intujai Teatro konpainiaren Ama-Alu-Lur saioa, helduentzat, Auzo-Etxean.
  • Ekainak 30, osteguna
    • 17:30. Orain-Bi konpainiaren Mute ikuskizuna, kalean, publiko guztiarentzat.
    • 18:30. Diego Calavia eta David Blancoren Gertuko magia saioa, auzoko tabernetan, publiko guztiarentzat.
    • 20:00. Bikustik taldearen Rock bertsio akustikoak musika saioa, kalean, publiko guztiarentzat.
  • Uztailak 1, ostirala
    • 18:30. Kicirkeren Souvenirs ikuskizuna, kalean, publiko guztiarentzat.
  • Uztailak 2, larunbata
    • 12:30. Bapatean Zirko konpainiaren Adabaki saioa, kalean, publiko guztiarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!