Hiru ahots ageri dira Maixa Zugastiren (Tolosa, 1973) Atarian eleberrian, Leandro, Juan eta Paularena. 21 kapitulutan, sei egunetan gertatzen dena kontatzen dute hiru pertsonaiek, elkarri hitza emanez, bata bestearen atarira agertuz.
Zer esan nahi du atariak zuretzat?
Nire bizitzan espazio berezia da. Usabal auzoan hazitakoa naiz eta guretzat ataria zen gure etxearen eta baserriaren arteko lur zatia. Hor ibiltzen ginen jolasten. Atarira ateratzen genituen aulkiak eta bertan biltzen ginen amaren izebak, etxekoak... batez ere emakumeak. Helduen kontuak hor entzuten nituen eta josten ikasi nuen bertan. Badu esanahi metaforiko edo sinboliko bat ere.
Elkar topo egiteko espazioa da.
Elkarren atarian bizi garela uste dut. Eta atea irekitzea da bestearengana gerturatzeko modu bakarra.
Non du sorburua eleberriak?
Niretzat txikitan ezagutu nituen espazioak garrantzitsuak dira. Gure baserria hutsik geratu zen eta niretzat oso mundu itxia izan den hori desagertzen joan da pixkana. Hor abiatu zen istorioa eta aldi berean iruditzen zitzaidan zahartzaroko maitasuna ez dela asko aipatzen den gai bat.
'Atarian' idazterakoan zein izan da ernamuina?
Oinordekotza kontuak dira alde batetik eta maitasunaren aurrean beti bizi izan dudan mundu itxi hori. Baserri mundukoa izan eta kaletar batekin ibiltzeak zekarren guztia ere bueltaka neraman buruan eleberria idazterakoan.
Non kokatu duzu eleberria?
Hernanin dago kokatuta, baina ernamuina berez Tolosan du. Oso gauza bitxia gertatu zitzaidan. Ni konturatu nintzen Tolosan niretzat garrantzitsuak izan ziren espazioak Hernanin agertu zitzaizkidala berriro. Baserria, gure kasuan hutsik geratu zena, Hernanin Buxkando bihurtu zen. Kasualitate hutsa izan zen. Atentzioa deitu izan didate beti etxe berrien artean egoten diren eta bizirik irauten duten baserriek. Gero, agertzen dira, ikastetxeak. Nik Laskorain ikastolan ikasi nuen, harako bidean Iurreamendiko egoitzatik pasatzen ginen eta hango adinekoekin hitz egiten genuen. Kasualitatez, Hernanin lan egiten dudan ikastetxearen pare-parean dago Sandiusterri adinekoen egoitza.
Eleberriak thriller puntua du?
Niretzat estiloa oso garrantzitsua da, baina uste dut irakurleak eskertzen duela hari bat, intriga bat. Nire gustuko idazleek hori asko zaintzen dute. Obsesio moduko bat izan dut gertatu izan zaizkidan gauza batzuekin, eta zehazki, gaizkile mota batekin. Iñaki Piñuel adituak esaten du bizitzan 60 psikopatekin topo egingo dugula. Oso jende kaltegarria da, arrasto handia uzten duena. Nire literatur lanetan ere utzi dute aztarna, itxura denez. Gisa horretako pertsonaiak ageri dira, L.A.A.-n, Ahotsak eta itzalak-en eta orain Atarian-en. Hurrengo nire lanean, ez nuke horrelako pertsonaiarik azaltzerik nahi.
Juan da hori guztia islatzen duen pertsonaia.
Bai. Saiatzen naiz pertsonaia konplexuak egiten, zuri eta beltzak izan ez daitezen, manikeismo horretatik urruntzen. Horrelako pertsonaiak ere gai dira maitatzeko, edo beste norbait maitemintzeko. Bi aurpegi dituen jendea da. Arriskutsuak dira, beldurgarriak, boterearekin jokatzen dute. Horrelako pertsonaiek beraien burua dute helburu nagusia. Juanek, adibidez, limurtzen du inguruko jendea.
Leandro nola definituko zenuke?
Nik asko maite dut. Buxkandoko jabea da Leandro. Bere nahiaren kontra sartzen dute adinekoen egoitzan eta hor azaltzen dira oinordekotza arazoak. Maitemindu egiten da, ume bat bezala. Oso gai interesgarria iruditu zait. Oso material gutxi topatu dut horren inguruan, zahartzaroa idazle gehiagok landu dute, baina maitasuna eta sexua, askoz gutxiagok.
Paula neska gazte bat da. Kontrapisu bezala funtzionatzen al du pertsonaia horrek?
Bai. Pertsonaia horretan daude islatuta nire ikasleak. Nerabe bat da, helduen munduaren atarian dagoena eta lehen maitasuna bizi duena. Hor bizi dituen arazoak, nik ikusi ditut nire ikasleengan. Oso ikasle bereziak dira, asko maite ditut. Jende gehiena atzerritarra da, eta ekonomikoki zailtasun handiak dituena. Oso gai konplexua da.
Txandaka narratzaileek egiten dute kontakizuna lehenengo pertsonan.
Oso kontzienteki dago aukeratuta egitura. Nik miresten ditudan idazleek lortzen dute formalki adieraztea esan nahi dutena. Esanahia eta forma oso lotuta daude.
Ahots horiek ezberdintzea asko kosta al zaizu?
Saiatu naizena da hiru pertsonaia oso ezberdinak direnez, hiru ahots ezberdin eraikitzen. Juanena, bere izaeragatik, intelektualki adierazi nahi duenagatik, jasoagoa da. Paularena egiteko, gazteek erabiltzen dituzten espresioen zerrenda bat pasa zidaten. Bi hizkuntzak nahasten ditut Paularen elkarrizketetan. Ez da erraza asmatzen hori nola egoki adierazi. Gero adinekoen kasuan, hitanoa erabiltzen dut; berreskuratu nahi nituen garai batean esateko moduak. Haurtzaroan entzun dituzun esamoldeak liburu batean bakarrik irakurtzeak ilusioa egiten dizu, baina, aldi berean, gogorra da konturatzea gaur egun ez duzula inor inguruan horrela hitz egiten duenik.
Belaunaldiartekotasuna da eleberriaren beste gaietako bat?
Oso gai garrantzitsua iruditzen zait. Esaten dute adinekoen egoitzek egon beharko luketela haurtzaindegien alboan. Ados nago. Ideia horrekin berriki hasi naiz ipuin bat eraikitzen. Ez dakit zergatik bereizten ditugun hainbeste bi munduak.
Pertsonaia nagusiak trantsizioan daudela esango zenuke?
Hirurak daude maiteminduta eta egoera oso ezberdinetan. Hirugarren adinekoek aurrera begira bizitzeko duten nahiaz hitz egiten dute, baina muga bat badago hor. Zahartzaroak heriotzaren atarian jartzen gaitu, halabeharrez. Nire obsesioetako bat da heriotza eta horri buruz ere aritzen naiz.