'Ombuaren Itzala' film proiektua aurkezteko bertso festa egingo dute

Ataria 2022ko ekainaren 21a

Ekainaren 28an, Pello Mari Otañoren inguruko 'Ombuaren Itzala' filmaren inguruko bertso festa eta aurkezpena egingo dute Tolosako kultur etxean, 19:00etan. Patxi Bisquert eta Anjel Mari Peñagarikanok hartuko dute parte.

Eguzki Art Zinemak denbora luzea darama Ombuaren Itzala filma gauzatzeko ahaleginean. Hainbat oztopo eta zailtasunen artean, aurrera doa proiektua. Ahanzturatik aldenduta, Pello Mari Otaño poeta eta bertsolari handiaren izaera eta bertsogintza berreskuratu nahi dute, "zizurkildarraren bizitzak eta obrak geure memoria kolektiboan merezi duen eran txertaturik iraun dezan". Koldo Izagirreren hitzak jasota, filma hau Otañok merezi duen ikusgarritasuna ematera dator.

Proiektuaren bultzatzaileak sinistuta daude proiektua aurrera atera daitekeela euskaldungoaren laguntzari esker. "Herrigintzan sortzen eta loratzen baitira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe. Horrek eraman gaitu filma Euskal Herritik Argentinaraino zabaldu nahi dugun auzolanean kokatzera. Bideari ekinez, denon artean lortu dezakegu filma amaituta egotea datorren urtean".

Tolosaldera datoz orain proiektua aurkeztera. Ekainaren 28an, 19:00etan Tolosako kultur etxean izango dira Patxi Bisquert ekoizle eta aktorea eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria. Bertso festa eta aurkezpena izango da. "Ausartak garenez, herrigintzan konfiantza osoa dugunez, herritarren eskuetatik jasoko dugu babesa eta laguntza nahikoa filma aurrera ateratzeko. Itxaropen horrekin gatoz Tolosaldera".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!