ELKARRIZKETA

«Oso harro nago pista eta errepidea uztartzen saiatzen naizelako»

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 26a, 07:57
Eukene Larrarte. I.G.L.

Orain dela zortzi denboraldi eman zituen lehen pedal kolpeak Eukene Larrartek (Tolosa, 1998). Pistan eta errepidean lehiatzen da, eta bietan maila altuan gainera. Pistan Tolosa CF klubarekin lehiatzen da hasieratik, gaur egun Gipuzkoa izenarekin, eta errepidean Bizkaia Durango taldean lehen denboraldia betetzen ari da.

Egutegia antolatzea eromena izaten da txirrindulari tolosarrarentzat. Pistan eta errepidean aritzen da eta bi modalitateko probak eta entrenamenduak ezkondu behar izaten ditu. Hala ere, bietan jarraitzeko asmoa du eta dagoeneko lortu duen maila hobetu nahi du.

Nolatan hasi zinen txirrindularitzan?

2015ean hasi nintzen, hamasei urterekin. Ordura arte kirol asko probatu nituen, eta futbolean amaitu nuen, harritzekoa... Laskorainekin hasi nintzen hasieran, ikastola eta geroko eskola kirolean, eta gero Tolosa CF-ra egin nuen salto. Nahiko urte egin nituen Tolosan, eta sekulako urte onak izan ziren, oroitzapen oso onak ditut. Baina gero ez zen izan txirrindularitzagatik aldatu nahi izan nuela. Hasieran plana zen aldaketa bat behar nuela nire bizitzan, beste kirol bat egitea edo. Urte horietan larunbatetan partida banuen, igandetan aitarekin bizikletan ateratzen nintzen. Aita ez da profesionala eta ez da horretara dedikatu inoiz, baina beti ibili izan da. Futbola utzi nuenean, Ainhoa Artolazabalen taldearekin kontaktatu zuen, eta konturatzerako hurrengo urtean dagoeneko lehiatzen ari nintzen.

Ikusten denez, kirola egitea betidanik gustatu izan zaizu.

Egia esan bai, kirola beti egon da nire bizitzan. Mendira asko joaten nintzen. Kirol asko probatu nituen eta gero futbolari bukatu nuen. Beti gustatu izan zait kirola.

Futbolean ze postutan jokatzen zenuen?

Atezaina nintzen. Pixka bat kuriosoa da. Jendeari esaten diodanean, asko harritu egiten da. Aldaketa handia da, bai.

 

«Hasi nintzenean ez nuen ideiarik; bizikletaren mundua oso partikularra da»



Orain futbola jarraitzen duzu? Eta kirola orokorrean?

Kirolak orokorrean bai, baina futbola orain gutxienetakoa. Ez dakit zergatik aldaketa hori, lehen gustura ikusten nituelako partidak, baina egia da aspertu egin nintzela. Eta orain jarraitzen badut, emakumezkoen futbola izaten da. Gustatzen zait, baina, bestalde, asko deskonektatu dut, eta kirol guztien artean futbola da gutxienetarikoa jarraitzen dudana. Atletismoa-eta jarraitzen ditut, eta beste kirol batzuk ere bai; gehiena txirrindularitza.

Txirrindularitzako hasierako urte horietan errepidean eta pistan batera hasi zinen?

Bai, bietan hasi nintzen. Txirrindularitzan hasten zarenean normalean errepidean hasiko zara. Eta nire kasuan, neguan, nire prestatzaileek txirrindulariak pistara eramateko ohitura zuten eta bertara joan nintzen ni ere. Hasiera pixka bat traumatikoa izan zen. Lehenengo egunean erorikoa izan nuen eta taldekide bat ere erori zen nire erruarengatik, eta lepauztaia hautsi zuen. Pentsatu nuen ez nintzela berriro pistara itzuliko, eta gero begira non bukatu dudan. Pistan Anoetako Belodromoan challenge-ak egiten dira, kadete eta junior mailan. Guk junior mutilekin korritzen genuen. Gaur egun asko hobetu da eta neskek bere lasterketa propioa dute. Azken batean, kopurua asko handitu da. Nire aldetik, oso harro nago pistatik etorri naizela esaten dudanean.



Bizikleta gainean edonor ibili izan da, eta errepidean gutxi-asko, baina pistan aritzea beste gauza bat da, ezta?

Ezezagunagoa da, eta kirol gutxitu moduan hartu daiteke. Orain aurrerapausoak egiten ari dira, eta gero eta gehiago ikusten dira pistako lasterketak, baina hasi nintzenean ez nekien pistako txirrindularitza zer zen, Anoetako belodromoa ez nuen ezagutzen. Errepidean, hasieran, aitarekin ez bazen ez nintzen ateratzen, beldur pixka bat nuelako, errespetua ematen duelako. Pista ezberdina izan da beti, gure taldekoak joaten ginelako, eta prestatzaileek pistako talde bat zuten, eta beti oso ondo pasatu izan dugu. Pistatik, zentzu horretan, gusturago ateratzen nintzen.

Noiz jabetu zinen txirrindularitzarekin jarraitu nahi zenuela?

Gogoan dut, txirrindularitzako denboraldia bukatu zenean, prestatzaileei esaten niela gehiago nahi nuela. Denboraldi-aurrean hasi nintzen, eta gimnasio pixka batekin, bizikletarekin ere, eta oso motibatuta hasi nintzen. Gero pistarekin hasi ginen eta segituan ikusi nuen entrenatzen banuen emaitzak hor zeudela, nabaritzen nuen nire prestakuntzak segituan gora egiten zuela. Hamasei urterekin hasi nintzen eta segituan nabaritzen nituen hobekuntzak, eta horrek dena gogo gehiagorekin hartzea eragiten zidan. Pistan hasi nintzen lehiatzen, errepidea ere egiten nuen, eta bietan segituan ikusten nuen hor nenbilela, gustura, eta asko hobetzeko nuela, eta horrek motibatu ninduen batez ere aurrera jarraitzeko. Gero bigarrengo urtean emaitza gehiago etorri ziren, baina lehenengo urtean dena berria izan zen, dena esperientzia berriak.

Zortzigarren denboraldia duzu aurtengoa txirrindularitzan. Gauzak asko aldatuko ziren, batez ere lortu duzun eskarmentua dela eta, bai pistan eta baita errepidean ere.



Bai, asko aldatu da. Eta atzera begira jartzen naizenean, batez ere horrelako elkarrizketetan asko aldatu dela ikusten dut. Hasi nintzenean ez nuen ideiarik; bizikletaren mundua oso partikularra da. Hasi nintzenean dagoeneko junior mailan nengoen, eta normalean txirrindularitzan txikitatik hasten direnak alebinetan edo infantiletan hasten dira, oso gazte. Kadete mailan lasterketetan eskarmentu gehiago hartzen duzu, korritzeko moduak-eta. Eta juniorretan dagoeneko eskarmentu dezentekoa dute, eta ni ez nintzen ezertaz enteratzen. Ni errepidean tropelean joaten nintzen eta askotan ez nekien zer gertatzen zen; agian lehenengo taldean nengoen, karrera lehiatzeko aukerekin, eta ez nintzen enteratzen. Zentzu horretan kategoria txikiagoak galdu ditut, baina ez naiz damutzen. Juniorretan hasi nintzenean ikasketa azkarragoa izan zen; gainera, orduan, elite mailakoekin ateratzen ginen. Orain aldatu egin da eta euren lasterketak dituzte, baina guri elite mailakoekin askatzen gintuzten, agian estatu mailan profesionalak zirenekin. Orduan, azkar ikasi behar izan nuen, nahitaez.

Tolosa CF-ren taldean hasi zinen, eta pistari dagokionez talde berean jarraitzen duzu.

Talde txiki bat gara; batetik emakumezkoetan hiru txirrindulari gaude, Garazi Estebez, Naia Amondarain eta ni; bestalde, Ander Albizu dabil txirrindularitza egokituko modalitatean. Hasieran Tolosan CF-n sartu nintzenean Caja Rural babeslearekin hasi zen taldea, gero Gipuzkoa izatera pasa zen. Lehen kadete, junior eta elite mailan aritu ginen bertan errepidean. Gero proiektua aldatu zen, eta hori alde batera utzi, eta pistako goi mailara zuzendu zen taldea. Hasieratik Tolosa CF klubean hasi nintzen, eskuzabalik hartu ninduten, dena erakutsi didate eta oso harro nago oraindik talde horretan jarraitzeaz. Harro eta oso eskertuta.

 

«Errepidean oraindik ez dakit nire esprinta noraino iristen den»



Errepidean, berriz, talde aldaketak izan dituzu. Tolosa CF-tik Leongo Eneicat Pecafer taldera, ondoren Laboral Kutxara eta orain Bizkaia Durangon zaude.


Eneicat Pecafer taldera joan aurretik Gipuzkoa taldearekin egiten nituen estatu mailako lasterketak, eta nazioarte mailara ez nuen saltorik egin. Pistan nazioarteko maila polit bat hartzen ari nintzen eta errepidean koska hori igo nahi nuen. Unibertsitatean nengoen, eta pistako nazioarteko egutegiak denbora asko kentzen zidan, baina 2020n errepidean pauso hori emateko gogoa nuen, eboluzioa parekoa izan zedin. Eneicaten Eneritz Iturriaga txirrindulari ohiarekin kontaktua izan nuen, nire prestatzaileak ere ezagutzen zuen, eta akordio batera iritsi ginen eta talde horretara joan nintzen. Urtea ez zen onena izan, pandemia iritsi zelako, eta oso urte zaila izan zen, taldean bertan ere zailtasun ugari pasa baikenituen. Etapa bat izan zen, eta ni oso eskertuta nago, oso ondo tratatu ninduten.

Eta gero Laboral Kutxa iritsi zen.

Proiektu berri bat zen, ilusioa pizten zuena, eta horregatik egin nuen aldaketa. Oso urte berezia izan zen iazkoa, batez ere nire taldekideekin oso harreman estuak egin nituen, eta oso ondo pasa nuen. Gero aldaketa bat etorri zen. Egutegi aldetik beste maila bat nahi nuen, errendimenduan gehiago zentratzen zen talde bat nahi nuen. Laboral Kutxan agian ez dute ikuspegi hori oraindik. Bizkaia Durango taldea da Movistarren atzetik egutegi handiena duena estatuan, eta jabetu naiz azken bi urteetan maila bat eman dezakedala errepidean. Beste salto bat emateko aukera ikusten nuen, eta horregatik ari naiz aurten Bizkaia Durangon.

Hiru talde horiek, UCI Continental mailan daude, hau da, bigarren mailan. Hala ere, lehen mailakoekin, UCI World Tourrekoekin, lasterketetan parte hartzen duzue.



Nazioarte mailetan korritzen dugunetan, beti egongo dira World Tourreko taldeak. Lasterketa mailaren arabera, World Tour talde gehiago edo gutxiago egongo dira, baina horiek markatzen dituzte lasterketak. Esaterako, maiatzean lehiatzen egon garen probetan gutxienez hiru World Tour talde zeuden, eta maila asko aldatzen da. Ehuneko ehunean profesionalak diren txirrindulariak dira; asko profesionalizatu da eta UCIk arauak jarri ditu horretarako, gutxieneko soldata bat ezarriz. Eta gure Continental mailarekin tarte handiagoa egiten ari da, eta azkenean errendimenduan ere nabaritu egiten da.

Aurten, errepideari dagokionez, zer emaitza nabarmenduko zenuke?

Belgikan eta Herbehereetan klasikoak korritzen hasi nintzen, eta hor ez nituen emaitza oso onak lortu, baina asko ikasi dut. Espainiako Kopan aritu gara emaitza politak lortuz, eta gero nabarmenduko nuke Burgosko Itzulian lortutako 17. postua. Lehen mailako lasterketa bat zen, World Tourrekoa, beraz, munduko onenak bertan zeuden. Lehenengo taldean ibili nintzen, eta azkenean 17. postuan iritsi nintzen eta pozgarria izan zen. Ez ditut agian lasterketa asko izan nire ezaugarrietara egokitzen direnak, nahiko menditsuak izan baitira.

Eta, noski, nabarmenduko nuke nire lehen garaipena elite mailan, ekainean lortutakoa. Espainiako Kopako proba bat, Rosa Bravo Emakumezkoen III. Valladolideko Trofeoa. Ezuste asko izan zituen lasterketa bat izan zen, geldirik egon ginen eta gero berriro martxan jarri ginen; baina ihesaldia hartu nuen nire taldekide batekin batera eta errematatzea lortu nuen esprint batean, eta oso pozik. Beti oso gertu ibili eta gero garaipena lortzeak konfiantza asko ematen dit eta lanean jarraitzeko gogoa.

Lehen aldiz antolatu den Itzulia Women lasterketan parte hartzekoa zinen, baina azkenean ez zen posible izan.

Andaluzian egon ginen lastertzen, eta uste dut bertan COVID-19a itzuli zela tropelera. Itzulia Women aurretik Nafarroan ere lasterketa bat nuen aste horretan, eta ez nintzen ondo sentitzen; taldean ere positibo bat egon zen, testa egitea erabaki genuen, eta positibo eman nuen. Negatibo atera izan balitz ere, gorputza ez nuen ondo sentitzen, eta bertan behera uztea erabaki genuen. Erabaki nahiko gogorra izan zen, gogo handia nuelako etxeko lasterketan lehiatzeko. Emaitza aldetik zaila izango litzateke, maila handia zegoelako eta baita mendi asko ere. Baina lehenengo edizioa zen, etxeko errepideetan... Dena ondo badoa, datorren urtean izango naiz.

Errepideko lasterketetan zer motako lasterketak egokitzen zaizkizu ondoen?

Oraindik ez dut mugatu neure burua lasterketa mota batera. Errealista naiz eta badakit ez naizela esprinter petoa, igotzailea ezta ere, baina hor tartean aukera ugari daude. Nire lehenengo urtea izaten ari da egutegi oso batekin, eta oraindik ez dakit guztiz nola definitu naitekeen. Klasikoak asko gustatzen zaizkit; mendate batzuk pasa ditzaket eta gero talde txikietan esprint on bat egin. Ihesaldiak ere asko gustatzen zaizkit; nahiko txirrindulari erasokorra naiz, betidanik horrela erakutsi didatelako. Hor jolasean, aurkituko dugu zein lasterketa datozkidan ondoen.

 

«Saiatzen naiz ahal dudan heinean psikologoaren figura normalizatzen eta ikustarazten»



Esprintetan nabarmendu izan zara, eta ezaugarri horrek zerikusia izan dezake pistarekin.

Hasi nintzanean ez nintzen batere azkarra. Beste modu batera irabazten nuen, arnas luzekoa nintzen eta agian itzuli bat irabazten nuen edo ihes eginda ibiltzen nintzen. Agian, lasterketa gogortzen denean, orduan nire esprinta gainontzekoena baino indartsuagoa da. Horregatik esaten dut errepidean ez naizela esprinter petoa. Askotan gertatzen den moduan, pistan onak direnak errepidean esprint handiak irabazteko gaitasuna dute. Ni, agian, zentzu horretan ez dut neure burua ikusten. Bestalde, pistako eta errepideko esprintak ez dira berdinak. Dinamika eta trikimailuak ezberdinak dira. Esan daiteke bizitasun hori badudala, baina oraindik errepidean nire distantzia aurkitzen ari naiz, eta oraindik ez dakit nire esprinta noraino iristen den.

Errepidean baduzu helburu jakinen bat aurtengorako?

Helburu bezala, errealista izanik, ahal dudan lasterketa guztietan egotea eta pila bat ikastea. Oraindik asko geratzen zait. Maiatzean korritu ditudanekin asko ikasi dut. Gruppetta hartzen ikasi behar duzu, metara iristen, egun txarra pasatzen, bidoiak igotzen... Gauza asko daude ikasteko. Emaitzei begira ez dut jarri helburu jakin bat. Nahigabe ere iritsi zait, eta World Tour mailan lehen hogeiren artean sailkatzea polita da, eta nazioarteko lasterketa batean aurreneko hamar lehenengoetan sailkatzea polita izan daiteke. Gainontzekoetan ahalik eta ihesaldi gehienetan egotea eta erasokorra izatea lortzen badut nazioarte mailan, niretzat garaipen bat da.

Pistari dagokionez, nola hartzen da kontuan denboraldia eta zer helburu dituzu?

Pistan urte osoa hartzen da kontuan. Izan dezakezu proba bat urtarrilean, gero uztailean, eta gero azaroan eta abenduan. Esan dezakegu urte osoko modalitate batean bilakatzen ari dela; etengabe egutegia aldatzen ari dira. Errepidearekin alderatuz, helburuak ez datoz bat. Pistan, adibidez, nazioarteko lasterketetara joaterakoan nire helburua lehiatzea da. Pistan trikimailuak hartuta dauzkat, maila ere ezberdina da. Urtea Portugalen hasi nuen, eta bertan garaipena lortu nuen scratcheko proban, nazioarte mailakoan. Lehen aldiz Portugalera 2016an joan nintzen, oraindik juniorra nintzenean, eta ia bizikletatik jaitsi nintzen eguna izan zen; eta urte batzuetara bertara joan eta lasterketa hori irabazteak uste dut islatzen duela emandako saltoa. Amsterdamen ere izan nintzen eta bertan hirugarren postua lortu nuen; ia irabaztekotan egon nintzen baina azkenean ez zen posible izan. Alemanian, Bahnen-Tournee proban hirugarren postua lortu nuen ekainaren hasieran, omniumean, eta egia esan oso pozik lortutako emaitzarekin. Nazioarteko proba bat zen, maila handikoa, eta denak Munduko Txapelketarako puntu bila gindoazen. Azkeneko proba irabaziz puntu asko lortu eta sailkapenean gora egin nuen hirugarren posturaino. Inoiz egin dudan postu onenetarikoa da maila horretako proba batean, azken batean proba olinpiarra baita. Munduko Kopako proba batean izan nintzen taldekako jazarpenean, baina egia da aurten Munduko Kopan ez naizela guztietan egon. Errepideko egutegiarekin ezin izan naiz bertan egon, baina gainontzeko proba batzuk eginez biak uztartzen ari naiz, eta udan pista gehiago egiteko aukera izango dut.

Eta zer helburu duzu pistan aurtengoan?

Europako eta Munduko Txapelketak dauzkat. Oraindik zehazteko dago Munduko Txapelketak hurrengo Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko balioko duen ala ez. Europako Txapelketan aurreko urtean bosgarren postu bat lortu nuen kanporaketa proban eta nahiko gertu ikusi nuen domina bat. Polita izan daiteke helburu bezala; ez naiz erotuko horretan pentsatzen, baina domina bat lortzea ez dut hain urruti ikusten. Munduko Txapelketa ezberdina da, baina lehengo urtean omnium proba egin nuen, olinpiarra, eta hamabigarren bukatu nuen. Beraz, lehen hamarretan sartzea helburu polita iruditzen zait.

Emaitza horiekin pentsatzen ari zara, eta orain urte batzuk ia ez zenekien nola erabili bizikleta pistan.

Bai, saltoa ikaragarria izan da, eta batzuetan ez naiz kontziente horretaz. Dena azkarregi pasatzen da, eta ez gara geratzen lortutakoaz pentsatzeko. Oso pozik nago egindako bideaz.

Noiz dituzu txapelketa horiek?

Europakoa abuztuan izango da, Munichen. Dirudienez modalitate ezberdineko kirolak bilduko dira bertan, eta pista eta errepideko Europako Txapelketak bertan izango dira, eta baita beste hainbat modalitate ere. Gero Munduko Txapelketa urrian izango da.

Pistan hainbat proba daude eta hor batetik bestera aldatzen joan zara.

Errepidearekin alderatuz, pistan domina gehiago daude, hainbat proba daudelako. Postua ez du inork irabazita txapelketa horietara joateko, eta urte guztiko lana kontuan hartzen da gero nor joango den hautatzeko. Proben artean daude olinpiarrak direnak eta ez direnak. Taldeko jazarpena, omniuma eta madisona dira proba olinpiarrak. Beraz, Olinpiar Jokoetara joateko proba horietan zentratzea da garrantzitsuena. Beste proba batzuk ere badaude, scratcha, puntuazioa eta kanporaketa. Ez dira olinpiarrak, baina horietan ere parte hartzen dugu. Horietan guztietan aritzen gara, baina gero Munduko Txapelketa batera joan eta ezin duzu guztietan parte hartu, aukeratu egin behar duzu; batetik, gehiago zentratzeko, eta bestetik, nekagarriegia izango litzatekeelako. Beraz, hautatzailearekin adostu ahal bada zer egin edo zer ez egin, hobeto.

Ziurtatuta ez badago ere, aukera izango duzu joateko, ezta?

Espainiako selekzioan kontu hori pixka bat zaila da. Eskatu izan dugu irizpide batzuk idatziz jasota egotea, txirrindulariok ere jakiteko zer bete behar dugun hautagarriak izateko. Atletismoan gutxieneko marka batzuk daude, eta badakizu hori eginez gero aukerak dituzula joateko. Txirrindularitzan ez dago horrelakorik, eta batzuetan haserrealdiak ere izaten dira. Nik badakit nirekin kontatzen dutela; oraindik zehazteko dago ze proba egin, baina nahiz eta aurten Munduko Kopara ezin izan dudan joan, dena hautatzailearekin hitz eginda dago. Gainera, ez da pista ez dudala egin, nazioarteko probak egiten aritu naiz. Ez dakit zer proba egingo ditudan, baina dena ondo badoa, bertan izango naiz.



Zer emaitza nabarmenduko zenuke zure ibilbide osoari begira?

Ez nuke garaipenik nabarmenduko. Laugarren postu bat eskuratu nuen 2020an, 23 urtez azpiko Europako Txapelketan, omnium proban. Bi edo puntu batera geratu nintzen brontzezko dominatik. Aurreko urtean, txapelketa berean nahiko esperientzia txarra izan nuen. Ez nuen zorterik izan eta pixka bat traumatikoa izan zen. Ordudanik psikologo batekin ere hasi nintzen; nahiko urte txarra pasa nuen orokorrean, pertsonalki ere bai, eta Europako Txapelketa trauma bat bezala izan zen niretzako. Eta urtebete beranduago joan eta gainera pandemia tarteko zela, eta omniumean laugarren postua lortzea... Oraindik sekulako ilusioa pizten zait. Ikusi nuenean laugarren bukatu nuela ez nuen sinisten. Niretzako sekulako lorpena izan zen, baina batez ere hazkunde pertsonala izan zelako. Oso garrantzitsua izan zen neure buruarekiko konfiantza sendotzeko balio izan zidalako.

Kirolean gero eta garrantzia gehiago ematen zaio buruak duen eraginari. Besteak beste, presio handia jasaten duzuelako kirolariek.

Bai, batetik jartzen dizuten presioa dago, bestetik zuk zeure buruari jartzen diozuna, eta zoritxarrez nik psikologoan bukatu nuen neure buruak eztanda egin zuelako. Zoritxarrez hori izan zen arrazoia. Nahiago izango nuke lehenago joan izan banintz, prestatzaile fisikoarengana joaten zaren moduan. Nire ibilbidean hartu dudan erabakirik onenetarikoa izan da. Eta egia da geroz eta gehiago entzuten den gai bat dela, psikologoarena, baina oraindik talde askotan-eta, World Tour mailan, psikologoaren figura ez da oso nabarmena. Eta iruditzen zait psikologoarekin lan egiten duten eta ez dutenen artean alde handiak egon daitezkeela. Nire kasuan oraindik asko dut hobetzeko, baina izugarria izan daiteke psikologoarekin egin dezakezun lanak izan dezakeen eragina ondoren errendimenduan.

Eta ikusten duzu geroz eta kirolari gehiagok izaten dutela horrelako zerbitzua?

Bai, eta nik horregatik saiatzen naiz ahal dudan heinean psikologoaren figura normalizatzen eta ikustarazten. 2019an izan nuen Europako Txapelketa horretan, omnium proban lehiatu nintzen. Lau proba dira, eta lauretan lortzen dituzten emaitzen arabera sailkapen orokor bat ateratzen da. Lehenengo proban azkeneko postura bidali ninduten, nahiko modu bidegabe batean, baina horretan ez gara sartuko. Atzean duzun prestakuntza guztia, eta iritsi eta lehenengo proban horrela hastea... Mentalki ez nengoen prest horretarako, ez nekien hori kudeatzen. Bigarrengo proban berriro ere gaizki joan zen, eta dena buruarengatik izan zen. Jakin izan banu hori kudeatzen, bigarrengo proban nire maila eman ahal izango nukeen. Baina ez nituen tresnak horri aurre egiteko. Gero, arratsaldean, sekulako negar saioa egin nuen, gainera nire ama etorri zen lehenengo aldiz ikustera... eta horregatik dena traumatikoa izan zen. Baina gero hirugarren probarako buelta eman nion, eta pila bat borrokatu nuen, eta laugarrengoan ere bai, eta postuak hobetzen joan nintzen. Hor konturatu nintzen agian zerbait falta zitzaidala. Horrelako mila egoera pasa ahal zaizkizu, lesio bat izan dezakezu, gaizki hasi baina gero jarraitu behar izatea... Ni horregatik hasi nintzen psikologoarekin, baina lehenago jakin izan banu, lehenago hasiko nintzatekeen.

Parisko Olinpiar Jokoak 2024an izango dira. Bertan lehiatzeko aukerarik?

Ziur aski, azken aldiz Tolosaldeko Atarian elkarrizketa batean izan nintzenean, ez nuen ezta aipatuko Olinpiar Joko batzuetara joatea. Eta oraindik pentsatzea luzarora begira helburu bat izan daitekeela, kostatu egiten zait sinistea, baina hori da errealitatea. Nire egutegia orain moldatzen ari naiz 2024ko Olinpiar Jokoetara joateko. Lehenengoz saiatuko naiz sailkatzen, eta prozesu hori ere ikasi egin beharko dut. Agian ez da izango oraingoetarako, baina hurrengoetarako ikasketa bezala balioko dit. Oraingoz neure buruari ez naiz presiorik jartzen ari. Saiatuko naiz oraingoetan egoten, eta ez badut lortzen, saiatuko naiz hurrengoetarako.

Tania Calvorekin ari zinen madison proba prestatzen. Aurrera begira hori izan daiteke helburua?

Bai, aukera bat izan daiteke, madisonerako sailkatzea lortuz gero, omniuma korritzeko aukera zabaltzen delako. Aukerarik idealena taldeko jazarpen probarekin izango litzateke. Hor selekzio baten inbertsioa sartzen da. Selekzio batek taldeko proba horretan sailkatzea lortzen badu, hortik automatikoki madison eta omnium probetarako sailkapenak lortzen dituzu. Orain berriro hobekuntza dator, baina Espainiako selekzioa ez da orain urte batzuk bezalakoa. Domina bat lortu zuten Atenasen. Azken urteotan alde batera utzita egon da taldekako jazarpena, eta aurten hasi gara berriro horretan lan egiten. Baina ez gara iristen 2024ko Olinpiar jokoetara, luzarora begirako lan bat da. Orduan, saiatu behar dugu beste probetarako, madison eta omniumerako sailkatzen.

Nola uztartzen dituzu errepidea eta pista, batera prestatzeko?

Ni ez nintzen oso kontziente bi modalitateak egiteak ekartzen zuen zailtasun horretaz. Azken batean bi modalitatetan maila altuan zabiltza, helburu ezberdinekin, eta porrota ere bikoitza izan daiteke... Hasi nintzenetik bi modalitatetan ikasi nuen entrenatzen, lehiatzen, eta orduan nahiko normalizatuta daukat. Euskal Herrian denok dakigu neguak nolakoak diren, eta belodromoa aprobetxatzen dugu errepidean bi ordu ezn dituzunean egin. Abenduan elkartu, egutegia begiratu, programatu, kalkulagailua atera eta horrela ibiltzen gara. Zaila da, eta asko hitz egin behar da pistako selekzioarekin eta errepideko arduradunarekin. Pixka bat konplikatua da, baina posible da, eta oso harro nago biak uztartzen saiatzen naizelako. Espainian ez dira beste modalitate batzuk egitearen oso aldekoak, eta ikusten ari gara ziklokroseko izar asko gero errepidean izarrak direla, eta baita pistakoak ere. Nik demostratu nahi dut hemen ere biak uztartzeko aukera erreala dela.

Emakume kirolariak profesional izatearen gaia mahai gainean dago gero eta indar gehiagoz. Zure kasuan, maila altu batean ari zara, baina ez zara horretaz bizi.

Zaila da. Nik pistari esker Basque Team eta Kirolgiren diru laguntzak jasotzen ditut, baina ez dut hilero soldatarik jasotzen. Bizitzen ari garen unea txirrindularitzan orain arteko onena da, hazkunde handia izaten ari da. Gaur egun World Tour mailan gutxieneko soldata dago, eta horretaz bizi diren emakume txirrindulari asko daude. Egia da, bestalde, horrek ere aldea handitzen ari duela irabazten dutenen eta ez dutenen artean. Nire helburua ere bada luzarora begira soldata bat izatea errepidean. Pistan orain dudana, errepidean izatea talde profesional batean. Eta iruditzen zait orain aldaketa asko etortzen ari direla pixkana, eta agian Continental mailan gutxieneko soldata hori ere ezarriko dela luzarora begira.



Etorkizunera begira, zentzu horretan, gauzak hobetuko direla uste duzu?

Bai, ni positiboa naiz, eta ikusten ari naiz aldaketa; geroz eta aldarrikapen gehiago daude, eta ikusgarritasun gehiago. Ez zait iruditzen gure lehentasuna izan behar duenik soldata bat izatea eta listo. Iruditzen zait, esaterako, oso garrantzitsua dela telebistak ematen duen ikusgarritasuna. Esaterako, Burgosko Itzulia Teledeporte kate publikoan botatzea eta ikusteko aukera izatea oso garrantzitsua da, gure babesleek ikusgarritasuna izan dezaten. Marka berriak eta inbertsio berriak erakartzeko garrantzitsua da telebista izatea. Bestalde, sariak ere kontuan izatea: duela gutxi arte, emakumezkoetan, Giroko irabazleak 6.000 euro irabazten zituen; pentsa zer diru den hori. Gai horietan aurrerapausoak izaten ari dira eta telebista, askotan, oinarrizko bidelaguna izaten ari da.

Soldatarik ez baduzue ere, materialentzako-eta laguntzak izango dituzue Continental mailan zaudetenak, ezta?

Ni orain nagoen taldean bi bizikleta ditut, bat entrenatzeko eta bestea lehiatzeko, eta leku batera eta bestera eramaten naute. Azkenean dirua da falta dena. Bizkaia Durango bezalako talde bat, Euskal Herrian hainbeste urte daramatzanak, diruz oso justu dabil, zoritxarrez. Eta orain ezin da bat-batean ezarri gutxieneko soldata bat Continental mailako taldeentzako, bestela talde gehienak desagertu egingo lirateke. Horregatik ikusten du egokiagoa pauso normalak egiten joatea, telebistaren jarraipena, esaterako. Agian hurrengo urtean interesa pizten zaie zenbait enpresa edo markei, Teledeporten ikusi dutelako talde hori, eta bertan inbertitzea erabakiko dute. Pausoak progresiboak izan behar dira, pixkana egin behar den gauza bat da.

 

«MUNDUKO TXAPELKETA IRABAZTEA DA NIRE AMETSA»

Txirrindulari bat?

Lotte Kopecky. Orain boladan dagoen txirrindulari bat da, errepidea eta pista egiten dituena. Strade Bianche irabazi du aurten. Asko gustatzen zaidan txirrindularia da; pistan ezagutu nuen lehenengo, eta gero ikusi dut errepidean zer pauso eman dituen. Jendeak agian orain deskubritu du, baina nik aspaldi ezagutzen nuen.

Errepideko proba bat?

Paris Roubaix gustatzen zait. Espero dut egunen batean bertan lastertzeko aukera izatea. Aurten Ronde van Drenthe proban parte hartu nuen, klasiko bat harbidearekin, eta asko gustatu zitzaidan. Hori bai, izugarrizko eskuko minarekin bukatu nuen. Baina oraingoz nire karrerarik kuttunena bilakatu da.

Errepideko ibilbidea entrenatzeko?

Txirrindularitzan asko kanpora joaten dira entrenatzera, neguan Altea inguruetara eta orain Sierra Nevadan. Ni oso Euskal Herrikoa naiz, etxeko errepideak asko gustatzen zaizkit. Mendia ere gustatzen zait, eta hemen igotzea gustatzen ez bazaizu, gaizki moldatuko zara. Kostara joatea ere asko gustatzen zait. Etxeko edozein errepidetan gustura aritzen naiz.

Belodromo bat?

Anoetako belodromoa da nire gustukoena. Egia da geroz eta baldintza okerragoetan dagoela, eta luzarora begira ea zer gertatzen den; pena izango litzateke pistarik gabe geratzea. Bestalde, egurrezko bat eta azpiegitura berritzaileekin-eta aukeratzekotan, Portugalgo Anadia belodromoa asko gustatzen zait. Beti joaten gara bertara nazioarteko probak korritzera, eta lotura emozional bat ere badut, bertan lagun batzuk egin ditugulako, eta lo egiten dugun hotelean oso ondo tratatzen gaituztelako. Herrialde bezala ere asko gustatzen zait.

Pistako probaren bat?

Gehiena madisona gustatzen zait. Nahiko proba arriskutsua da, oso bizia, eta oso teknikoa. Eta erakutsi zidaten moduagatik, nola ikasi nuen eta, asko gustatzen zaidan proba bat da, eta uste dut ona naizela horretan. Kanporaketa proba ere asko gustatzen zait.

Amets bat?

Gehien amesten dudana Munduko Txapelketa bat irabaztea da. Pistan, edozein modalitatetan, munduko txapeldun izan eta bertan izatea nire prestatzailea, nire ama, nire familia edo behintzat etxean ikusten egon daitezela. Eta errepidean ere, Munduko Txapelketa bat irabaztea. Nahiko nuke noizbait errepideko World Tour mailako talde batean egotea, munduko lasterketa onenak korritzeko, eta irabazi edo irabazten laguntzeko. Olinpiar Jokoetara joatea edozein kirolarirentzako amets bat da, baina Munduko Txapelketa bat irabazi ahal izatea da oraingoz zirrara gehien sortzen didana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!