Gardentasunez jokatzeko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari

Ataria 2022ko eka. 21a, 07:59

Likidazioari buruzko informazioa tolosarrei ere zabaltzea exijitu dio; "berriro ere guk egin dugu lan hori", esan dute oposizioko zinegotziek.

Maiatzeko osoko bilkuran, gardentasunez jokatzeko eskatu zion Tolosako EH Bilduk udal gobernuari; udalbatzari 2021eko likidazioaren berri eman zitzaion bezala, herritarrei informazio hori zabaltzea eskatu zien oposizioko zinegotziek. “Baina, berriro ere EH Bilduko zinegotziok egin dugu udal gobernuak egin ez duen gardentasun lan hori, azalpenak emanez, tolosarrek datu guztiak eta errealitatea bere osotasunean ezagutzeko”, esan dute.

Aurreko urtean aurreikusitako inbertsio eta gastuetatik benetan zein kantitate erabili den erakusten du likidazioak. “Beste urteetan gertatu bezala, 27 milioi euroko gastua aurreikusi bazen ere, urte bukaerarako 35 milioietara igo zen kreditu aldaketen bidez. Horrek pentsarazi dezake tolosarron ongizatea areagotzeko inbertsioa handituko zuela gobernuak, baina urte bukaerako kontuei erreparatuz, likidazioari alegia, 26 milioi baino gutxiago erabili dira, hau da, behin betiko aurrekontuaren %74a”, adierazi dute oposizioko ordezkariek.

Inbertsio publikoari dagokionez, udal gobernuak “atzeratutako proiektuak gauzatzen” jarraitzen duela salatu dute. “Hala ere, aurreikusitakoaren %30a bakarrik inbertitu da, 6,6 milioi eurotik 2 milioi besterik ez. Ez dugu zalantzarik legealdiko azken urte honetan argazkia aldatuko dela, eta inbertsioak asko handituko direla, hiru urteko eraginkortasun falta makilatzeko asmoz, beti ere datozen hauteskundeei begira”.

Azken urteak, pandemiaren ondorioak tarteko, “zailak eta latzak” izan direla aitortu du EH Bilduk. “Herritarren erosahalmena geroz eta prekarioagoa da baina, 2021ean tolosarren beharrak areagotu ziren arren, udal gobernuak altxortegia betetzen jarraitzen du”.

Aurten, hainbat diru ekarpen izango ditu udalak: Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2021eko likidazioren ondorioz jasoko diren 2,2 milioi euro gehigarriak, Gipuzkoako Foru Aldundiak Estatutik etorritako Covid-19aren eraginei aurre egiteko bideratuko dituen 670.000 euroak eta ur sarearen kudeaketarako Ur kontsortzioarekin itxitako hitzarmenaren ondorioz bereganatuko dituen beste 2,8 milioi euro. Guztira, aurrekontuetan aurreikusi gabeko 5,7 milioi euro jasoko ditu udalak.

Udala herritarrengandik “gertuen” dagoen erakundea izanik, herritarren “premiazko beharrak” asetzeko, udal gobernuari “esfortzu handiagoa” exijitu dio oposizioak. “Gobernantza eredu berriak ahotan izateaz gain, gardentasunez ere jokatu behar du. Hitzetatik ekintzetara pasa. Tolosarrok eskubidea dugulako herriko kudeatzaileek egiten duten guztiaren berri izateko, herritarrak ahaldundu behar direlako, eta hori delako kudeaketa eraginkorra egiteko bide bakarra: egindakoa ebaluatu, egokitasunak egonkortzeko eta horren ondo joan ez dena zuzentzeko”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!