Joseba Lopez izan da indartsuena

Ataria 2022ko ekainaren 18a

Caja Rural taldeko txirrindulariak irabazi du Jose Mari Anzaren Oroimenezko XLIV. Saria. Iñaki Diaz tolosarra (Caja Rural) bigarren izan da etxeko lasterketan.

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen duen afizionatu mailako proba Tolosan hasi eta bukatu da, eta hiru itzuli eman dizkiote Alegia-Ordizia-Larraitz ibilbideari. Hain justu, irabazlea bigarren itzulia egiten ari zela alde egin du bakarrik. Ordurako taldetxo bat ihes eginda zihoan, eta horien artean Caja Ruraleko hiru taldekide zeuden. Lopez bakarrik iritsi da San Frantzisko etorbideko helmugara, eta bigarren postuaren lehian hiru txirrindulari iritsi dira esprintean. Azkarrena Iñaki Diaz izan da, eta hirugarren postuan Andrew Wollmer (Arabay Cycling) helmugaratu da.

Mendiko saria Joseba Lopezentzat izan da eta Tolosaldeko lehen txirrindulariaren saria Iñaki Diazentzat. Taldeka Caja Rural gailendu da. Guztira 128 txirrindulari atera dira, baina oraindik bero handia egiten zuen, eta hainbatek proba utzi egin dute. Azkenean 40 inguru iritsi dira helmugara.

Argazkiak: KARLIS

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!