Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz dira txapeldun berriak

Imanol Garcia Landa 2022ko ekainaren 18a

II. Emakumeen Binakako Euskal Pentatloi Saria irabazi dute Arrutik eta Arbelaitzek, Tolosako zezen plazan. Marka berria ezarri dute, 24.01 eginez. Bigarren izan dira Lucia Orbe eta Garazi Arruti (26.52) eta hirugarrenak Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi (27.39).

Orbek eta Arrutik pixka bat lehenago bukatu dute harri-jasotze proba, baina giza proban Arruti eta Arbelaitz aurretik jarri dira, eta bukaera arte mantendu dira lehen postuan. Azken proba, bi kilometro korrika egitearena, abantaila handiz iritsi dira, baina bikote txapeldunak ahal duen guztia eman du eta marka berria ezarri.

Oso pozik zeuden txapeldunak behin proba bukatuta. "Gure helburua ahalik eta ondoen egitea zen, eta oso ondo ikusi dugu gure burua hasieratik", esan du Nerea Arrutik. Harria altxatzerakoan aurreko urteko irabazleengandik, Orbe eta Garazi Arruti, paretsu ateratzeak konfiantza handia eman die. "Korrika dosifikatzen joan gara, eta banekien estu ibiliz gero, Nereari esango niola bi buelta gehiago emateko", esan du Arbelaitzek. "Izugarrizko pozarekin" amaitu dute proba, eta "oraindik sinistu gabe" ere bai bi irabazleek.

Garikoitz Etxeberria amasarra da euskal pentatloi probaren antolatzailea, eta beldur pixka bat bazutela esan du proba hasi aurretik: "Arratsaldean egiten zuen beroarekin zalantza handiak genituen, ekitaldia atzeratuko ote genuen, baina aurreikuspenak bete dira, eguraldiak hobera egin du, eta aurreikusitako orduan hasi gara". Balantze oso ona egin du Etxeberriak: "Plazan maila on batean aritzeko gaitasuna dutela erakutsi dute, eta sei partaideek saio izugarria egin dute".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!