Tolosan batzoki eraberritua inauguratu dute. Irekiera ekitaldian Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu du duela bederatzi urte, 2013ko ekainaren 16an ireki zutela batzoki berria, "oztopo guztien gainetik". Orain batzokian egin duten erreformarekin herritarrengana gehiago hurbiltzeko saiakera egingo dutela aipatu du Peonek: "Aldaketa ez da soilik estetikoa, gure herri proiektua zabaltzen jarraitzeko modu egokiak izateko egin dugu, elkar topatzeko espazio erosoak izateko”.
EAJko kideek dituzten kezka, hausnarketa eta ideiak euskal gizartearekin partekatzeko, "elkarrizketa zuzen eta benetakoa izateko", hainbat ekimen martxan jarriko dituztela nabarmendu du Peonek: "Bizipenetan oinarritutako eta elkarbanatutako herri proiektuak garatzen joateko, herriaren lidergoa izateko, gure proiektua herriarekin garatzen jarraitu beharko dugu ezinbestean".
Ehun bat alderdikidez inauguratu dute Tolosako batzoki eraberritua eta bertan hartu du hitza Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak. Herritarren eskubide pertsonalak, sozialak eta nazionalak garatzea ahalbidetzen duen politika publiko sendoen aldeko EAJren apustua nabarmendu du Egibarrek. "Abertzaletasunaren zutabeetako bat pertsonak eta haien eskubideak zaintzea da, pertsonak indartuz gure herria indartzen delako", arrazoitu du.