Tolosako Udalak eta Alokabidek lankidetza-protokoloa sinatu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 17a, 18:59
Argazkia: Tolosako Udala

Etxebizitza hutsak merkaturatu eta alokairu babestuko aukerak areagotu nahi ditu udalak; udazkenean informazio saioak egingo dira herritarrekin, eskura dituzten aukeren berri emateko.

Alokabide SA Eusko Jaurlartizako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin lankidetza-protokoloa sinatu berri du Tolosako Udalak. Protokoloaren helburu nagusia etxebizitza hutsen programen kudeaketa sustatu eta indartzea da, baita erakundeen arteko lankidetza indartzea ere, herritarrei erraztasunak emateko etxebizitza eskabideak kudeatu eta bideratzeko orduan udalak Eusko Jaurlaritzako programetan (Bizigune, Asap eta Gaztelagun) bitarketari gisa jardun ahal izango duelako.

Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi duenez, etxebizitza hutsak mobilizatu nahi ditu udalak, alokairu babestuko aukerak areagotzeko: "Bizitoki duin eta egokirako eskubidea bermatu behar diegu herritarrei, eta Tolosan dagoen etxebizitza eskari altuak eta etxebizitza hutsen kopuruak, etxebizitza-sailaren eta udalaren esku-hartze publiko zuzena egitera eraman gaitu, etxebizitza hutsak merkaturatu eta etxebizitza aukerak sustatzeko helburuarekin. Erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da alokairuaren aldeko politika publiko eraginkorrak bultzatzeko eta hori du helburu sinatutako protokoloak”.

Tolosako Udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak abiatuko ditu udazkenean, eta horiek jaso ahal izateko beharrezkoa izango da Alokabideren programaren batean (Asap edo Bizigune) izena emanda egotea. Alkateak azpimarratu duenez, etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak egokitu ditu udalak, helburu bikoitzarekin: "Jabeek aukera gehiago eta baliabide gehiago izatea etxebizitza hutsak birgaitzeko, eta tolosarrek alokairu babestuko etxebizitza aukera berriagoa eta zabalagoa izatea".

Xabier Balerdi etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak azaldu du dirulaguntza lerroaren egokitzapenaren zergatia: “Lehendik udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak ematen zituen, baina eredu hori jarraituta oso etxebizitza gutxi merkaturatzea lortu da azken urteetan, inbertsio oso handia eginda, gainera”.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, Alokabideren bitartez ematen dituen dirulaguntzak osatuko ditu udalak, etxebizitza huts gehiago alokairuan jar daitezen; etxebizitza hutsen jabeek, gainera, Jaurlaritzak ematen dituen berme guztiak izango dituzte. "Alokairuan jartzen diren etxebizitzak ezinbestean Alokabideren programetan txertatuta egongo direnez, herritarrek alokairu babestuko etxebizitza bat izateko aukera handiagoa izango dute, diru-sarreren araberako errenta ordainduz”, adierazi du alkateak.

Hortaz, udalaren eta Jaurlaritzaren laguntzak osagarriak izango dira. Alde batetik, Alokabidek aurrerakina eskainiko du etxebizitzan berriztatze lanak egiteko (%0ko interesarekin), eta udalak, etxebizitza hori birgaitzeko dirulaguntza bat ere emango du, obren kostu osoaren %50 izango dena (BEZ-a eta, oro har, edozein zerga ezin izango da diruz lagundu). Udalaren diru-laguntza 4.000 eurokoa izango da gehienez ere, eta etxebizitza Tolosako Alde Zaharrean kokatuta badago, 8.000 eurokoa.

2019an egindako etxebizitza hutsen azterketaren arabera, gainera, hutsik dauden 253 etxebizitzetatik gehienek birgaitze sakona behar dute bizigarritasun baldintzak bete eta alokairuan jarri ahal izateko. “Horregatik, indarrak batzea eta etxebizitzak eraberritzeko dirulaguntzak osatzea erabaki dugu, jabeek aukera gehiago izan dezaten lanak gauzatu eta etxebizitza horiek alokairuan jartzeko”, gaineratu du Balerdik.

Abantailak, jabeentzat zein maizterrentzat

Udalak ezinbestekotzat jo du Alokabideren etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko programak dinamizatzea Tolosan, herrian dauden etxebizitza huts guztietatik ahalik eta gehien babestutako alokairuan eskuragarri jartzeko. "Bizigune programaren baitan, etxebizitza hutsen jabeek sei urtez Alokabideren esku uzten dute etxea, hainbat bermeren eta abantailen truke. Batetik, Alokabide arduratuko da errentamenduaren kudeaketa integralaz eta etxeko arrisku anitzeko aseguruaz. Bestetik, sei urteko alokairua eta hileroko kobrantza bermatuko dizkio jabeari. Azkenik, %50eko hobaria izango du Ondasun Higiezinen gaineko Zergan", azaldu du zinegotziak.

Asap programa, berriz, bitartekaritza programa bat da. Etxebizitza pribatua, jabeen esku geratzen da baina programan parte hartzeagatik berme batzuk ditu jabeak, ez-ordainketak, kalteak eta laguntza juridikoa barne hartzen dituena. "Jabeei eskainitako bermeen trukean, Eusko Jaurlaritzak alokairuen gehieneko errentak finkatzen ditu, merkatu librean baino prezio baxu eta lehiakorragoak bermatuz. Hala, etxebizitza-eskatzaileek alokairuko etxebizitzak eskuratzeko dituzten aukerak handitzea ahalbidetzen da", azaldu du Balerdik.

Programa horien bitartez, beraz, erabilera soziala eman nahi die udalak hutsik dauden etxebizitzei. Eta ondoren, Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena emanda dauden eskatzaileei esleituko zaizkie bizitokiak, eskatzailearen diru-sarreren arabera, betiere merkatu librean dauden prezioen azpiko alokairu errentekin.

Informazio saioak udazkenean

Tolosarrei arreta eta aholkularitza eskaintzeko helburua ere ezarri duela udalak esan du Peonek: "Herritarrei etxebizitza alorrean zerbitzu integralagoa emateko erakundeen arteko lankidetza indartzearekin batera, protokolo honen bidez, eta bertan aurreikusitako ekintzen bitartez, Tolosako etxebizitza hutsak mobilizatzea lortu nahi dugu, eta aldi berean, Alokabidek zein udalak eskaintzen dituen laguntzen gainean informatzea".

Horri lotuta, herritarrei eskura dituzten aukera guztien berri emateko informazio saioak egingo dituzte udazkenean: Bizigune eta Asap programak, Gaztelagun laguntza programa eta Etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntza programak, besteak beste. "Informazio saio hauetan, etxebizitza hutsen jabeekin lanketa berezia egingo da auzoetan, 2019an egindako Etxebizitza Hutsen Inguruko Azterketan etxebizitza huts gehien antzeman diren herriko guneetan, alegia", azaldu du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!