35 sorotan erein dute aurten Tolosako Babarruna

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 17a, 17:59

Bi ekoizle berri batu dira Babarrun Elkartera eta, guztira, 35 ekoizlek erein dute aurten Tolosako Babarruna. Iazko ekoizpena eta salmenta mantentzea dute helburu eta, aurten, kalitate goreneko 20 bat tona babarrun biltzea aurreikusten dute.

Tolosako babarrunaren ereitearen atzean dagoen lana ikusarazi eta balioan jartzeko, elikadura balio katea osatzen duten eragile ezberdinek bisita egin dute Gorridi baserriko sorora, bertatik bertara Estitxu Sudupe babarrun ekoizlearen proiektua ezagutu, urteko ekoizpen aurreikuspenak azaldu eta babarrunaren landaketak ikusteko. Babarrun Elkartea, Babarrun Kofradia, Babarruna eskaintzen duten sukaldariak, Gure Kaiola elkarteko kideak, Xarles Iturbe Tolosako Udaleko Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduraduna eta Imanol Zubelzu, ELIKER proiektuaren koordinatzailea izan dira bisitan.

Estitxu Sudupek eman ditu aurtengo zein iazko ekoizpenaren inguruko datuak. Azaldu duenez, iazko ekoizpena oso ona izan zen, eta pasa den urteko babarruna oso ondo saldu zen. “Aurten eguraldi ona dugu eta babarruna kalitate gorenekoa izatea espero dugu, iazko ekoizpena eta salmenta mantentzeko helburuarekin”, azpimarratu du.

Guztira, Gipuzkoan zehar banatuta dauden 35 ekoizle daude, eta aurten, Tolosako Babarruna erein duten bi ekoizle berri batu dira elkartera, bata tolosarra, eta bestea zumaiarra. Guztira, 20-21 hektarea erein dira, 265 kilo hazi, eta aurreikuspenen arabera, 20 bat tona babarrun biltzea espero da.

Ekoizle berriei deia

Xabier Goikoetxea Babarrun Elkarteko kideak azpimarratu du sektorearen eta babarrunaren elkartearen etorkizuna bermatzeko belaunaldi berriak, gazteak behar direla. Horregatik, babarrun ekoizle berriei, gazteei, Tolosako Babarruna ereiteko gonbidapena luzatu die eta babarrun elkartearen ateak zabalik dituztela gaineratu du.

Sukaldariek, bere aldetik, Tolosako Babarrunaren kalitatea eta berezitasuna azpimarratu dute: "Bertako baserriek ekoiztuatakoak, bertakoak, ez du zerikusirik beste babarrunekin".

Elkarlanaren garrantzia

Elkarlana da elikadura katearen etorkizunerako giltzarria eta Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren proiektu berriaren oinarria; indarrak batzea, sinergiak sortzea eta elikadura katea lankidetzan jartzea dira izaera kolaboratiboa duen proiektu honen helburuak, sektorearen erronkei erantzuteko helburuarekin. Horregatik, Tolosako Babarrunaren bueltako eragile guztiak bildu dira Gorridi baserriko soroan egindako topaketan.

Etorkizuneko elikadura ardatz hartuta, Eliker zentroak lankidetza aukera berriak sustatuko ditu. "Aukera paregabea dugu produktu berriak sortzeko, lehiakorragoak eta iraunkorragoak izateko, negozio eta salmenta eredu berriak sortzeko”, adierazi du Zubelzuk. “Sektorearekin elkarlanean egungo zein etorkizuneko behar eta erronkei erantzun nahi diegu, horretarako abiatu dugu Eliker, sektorea etorkizunean kokatzeko eta Tolosa gastronomiaren hiriburu eta erreferentziazko gune bilakatzeko”, gaineratu du Iturbek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!