Tolosako 49 urteko gizon bat hil da Idiazabalen, basoan lanean ari zela

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 17a, 10:46

Astearte goizean Tolosako 49 urteko gizon bat hil zen Idiazabalgo Urtsuaran basoan lanean ari zela. Pinudi batean ari zen lanean, enborrak mugitzeko makina batekin; dirudienez, pinu bat erori zitzaion gainera. Gaur elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Tolosako Trianguloa plazan, Kontseilu Sozialista Tolosaldea mugimenduak deituta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, Idiazabalen lanean ari zen Tolosako 49 urteko gizon bat hil zen asteartean, lan-istripu batean. Ezbeharra Urtsuaran basoan gertatu zen, 11:00ak aldera. Enborrak mugitzeko makina bat erabiltzen ari zen istripua gertatu zenean; dirudienez, pinu bat erori zitzaion gainera. 

Larrialdi zerbitzuetako langileak, anbulantzia bat eta helikoptero bat joan ziren istripuaren tokira. Larrialdi zerbitzuetako langileak gizona suspertzen saiatu ziren, baina, berehala zendu zen. Hilotza Donostiako Auzitegiko Medikuntzako Institutura eraman zuten autopsia egiteko.

Gertatutakoa salatzeko, Kontseilu Sozialista Tolosaldea mugimenduak elkarretaratzea egingo du, gaur 19:00etan, Tolosako Trianguloa plazan, Miseria kapitalistari aurre egin! lelopean. Mugimenduko kideen arabera, "soldatapeko lanean" ari zen gizonezkoa. "Lehenik eta behin, gure doluminak eta besarkada bana helarazi nahi dizkiegu langilearen senide eta lagunei".

Kontseilu Sozialista Tolosaldeako kideek helarazitako datuen arabera, urtea hasi zenetik, gutxienez 38 langilek galdu dute bizia Euskal Herrian, haien lanpostuetan edo lanera bidean. "Azken adian, erritmo izugarrian hazi dira soldatapeko lanaren adierazpen
bortitzena diren lan-heriotza kasuak; azken hilabetean hamar dira jada gertatutako kasuak.

Salatu dutenez, "irabazien logikak soilik gidatzen duen ekoizpen eredua" inposatzen du kapitalismoak. "Logika horren ondorio gisa ulertzen ditugu honelako gertakariak, sarritan erantzule diren enpresaburu eta politikarien parte hartze zuzena izaten dutenak. Basoko lanak dira aipatzen dugun logika krudelaren adierazpen argienetako bat, arrisku bereziak dituzten lanak izanik, segurtasun neurri handiagoak eskatzen baitituzte. Kapitalismoan aldiz, prebentzio neurri horiek ez dute lekurik, eta aurten sektore horretan eman diren istripu eta heriotza guztiak horren erakusle dira", gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, gogora ekarri dituzte iazko urtarrilean Lizartzako enpresa batentzat Ezkion basoko lanetan ari zela hil zen langileari eta aurtengo urtarrilean Ikaztegietan altuerako lanetan zebilela erori eta hil zen amezketar gazteari gertatutako ezbeharrak. Pertsona ororen beharren arabera eta irabazien logikaz kanpo antolatuko den gizartearen eraikuntzan jarraitzea dagokigu, kapitalismoa borrokatzearekin batera. Jarraitu dezagun antolakuntza komunista hedatzen".

LAB-ek "neurri bereziak" eskatu ditu

Idiazabalen gertatutakoaren ondotik, LAB sindikatuak instituzioen “arduragabekeria” salatu du laneko heriotzen aurrean. Basogintza sektorearen hilkortasun tasak “marka guztiak garaitzen” dituela esan du sindikatuak, eta Osalani eta Eusko Jaurlaritzari sektore horrentzako “neurri bereziak” eskatu dizkie berriz ere. “Oraingoan berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela”.

Ohar bidez adierazi du Gipuzkoako kasuan basogintza enpresen bideragarritasuna “mugatua” dela, “nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru araua eduki”. Egur ustiapen intentsiboa “etekinak lortu ahal izateko lan harreman prekarizatuetan" oinarritzen dela gehitu du: “Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ez egokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean”.

Euskal Herrian 48 ordutan bi lan istripu hilgarri izan ziren. Idazabalgoaz gain, astelehenean Nafarroako Argedasen 26 urteko NACEX enpresako langile bat hil zen in-itinere istripuan. “Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza, eta beraz, martxan jarri daitezela behingoz", exijitu du LAB-ek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!