Emakumeen Binakako Euskal Pentatloi Sariaren finala, Tolosan

Ataria 2022ko eka. 15a, 14:02

Hiru bikote ariko dira: Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi, Garazi Arruti eta Lucia Orbe, eta Nerea Arruti Amalur Arbelaitz; 18:00etan hasiko da txapelketa.

Emakumeen Binakako Euskal Pentatloi Sariaren finala jokatuko dute larunbatean, hilak 18, 18:00etatik aurrera Tolosako zezen plazan.

Hiru bikote ariko dira: Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi, Garazi Arruti eta Lucia Orbe, eta Nerea Arruti Amalur Arbelaitz. Eta harria jaso beharko dute, giza proba egin, aizkoran aritu, txinga proba egin eta korrika bukatuko dituzte probak. 
Harri jasotzeari dagokionez, 63 kiloko bola jaso beharko dute 20 aldiz, gutxienez 8 aldiz. Giza probarako 250 kiloko harriarekin 2 plaza egin beharko dituzte. Aizkoran 65 ontzako bi egur moztu beharko dituzte. 

Ondoren, txingekin 6 plaza egin beharko dituzte, eta bukatzeko 2 kilometro egin beharko dituzte korrika, hau da, 20 itzuli eman beharko dizkiote zezen plazari. 

Sarrerak
Sarrerak Kantabriko tabernan eskuratu ahal dira jada edota egunean bertan leihatilan, 15 euroren truke.
Gari Etxeberria antolatzaileak esan du emakume kirolari horiek bultzada merezi dutela eta harmailak beteta ikustea merezi dutela. «Merezi dute hartu duten lanarengatik eta gizarte honetan ezinbestekoa delako beraiek egotea». Joxe Anjel Sarasola beste antolatzaileetako batek gaineratu du helburua argia dela, «ez dadila inor harritu emakume bat herri kiroletan ikusten duenean».

Joxe Mari Villanueva Tolosako Kirol zinegotziak bere aldetik, igandeko ekitaldia emakumea gizarteko esparru guztietara iristeko bidean ezinbestekoa dela esan du. «Gure herriaren nortasunaren ezaugarri garrantzitsua dira herri kirolak eta hitzordu hau bide horretan berezia da. Gainera emakumeen presentzia kirol guztietan hauspotu behar dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!