Lehen aldiz, euskaraz dira Tolosako kaleetako solasaldien erdia baino gehiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 15a, 16:59

1985etik erregistratutako datu altuena da: 36 urtetan, 22 puntu egin ditu gora euskarak Tolosan; 2019an gaztelaniaren aurretik kokatu zen, eta aurten %50eko langa gainditu du.

Hizkuntzen Erabileraren 2021eko Tolosako Kale-Neurketaren emaitzak eta ondorioak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta Uemak. 1985etik, urtero egiten dute neurketa Tolosan, eta iaz, 3.176 elkarrizketaren eta 8.092 hiztunen informazioa bildu zuten. «Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du», azaldu du Amaia Doyague Galtzaundiko ordezkariak.

2019ko kale-neurketan, datu historiko bat jaso zen: ehun urtean lehen aldiz euskara gaztelania baino gehiago entzun zen Tolosako kaleetan. Bada, azken neurketaren ondoren, are nabarmenagoa da datu hori. Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 36 urteetan: 1985ean, %29koa zen; 2021ean, berriz, %50,9koa. «Euskararen emaitza hau neurketak egiten direnetik jasotako altuena da, eta lehen aldiz gainditu da %50eko langa», esan du Doyaguek.

Iazko neurketako datuen arabera, %46,7k egiten zuen gaztelaniaz Tolosan, eta %2,4k gainerako hizkuntzetan.  «2019an euskara Tolosako kaleetako hizkuntza nagusia bilakatu bazen, orain, jasotako solasaldien erdietan baino gehiagotan entzuten da. 2019ko neurketak garbi adierazten zuen susperraldia baieztatzen du horrek. Euskarak espazioa irabazten jarraitzen du Tolosako kaleetan», adierazi du Doyaguek.

Haurrak (2-14 urte) dira Tolosako kaleetan euskara gehien erabiltzen dutenak: %72,5. Atzetik heldu-gazteak (25-39 urte) daude: %62. Horiei jarraiki, gazteak (15-24 urte) daude: %54; gero, heldu-nagusiak (40-64 urte): %42; eta azkenik, adinekoak (65 urtetik gorakoak): %35. «39 urtetik gorakoen eta beherakoen artean aldea dago: gazteagoek %65,5eko erabilera erregistratu dute; helduagoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean», nabarmendu du Galtzaundiko kideak.

Adin-tarte bakoitzaren azken urteetako bilakaerak ere azaldu ditu Doyaguek: «Lehen urteetan, igoera handia izan zuen haurren erabilerak; aldiz, azken urteetan igoera txikiagoa da. Gazteen euskara erabilerak igoera nabarmena izan du 2017az geroztik, eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute. Aipatzekoa da ere adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan duela azken bosturtekoan 90eko hamarkadatik lehen aldiz, eta goranzko joeran hasi dela».

Euskararen kaleko erabileran, haurren presentziak «zeresan handia» duela ere azpimarratu du Doyaguek. Haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean, %76koa da nagusien erabilera; haurrak parean ez dituztenean, berriz, %39 aritzen da euskaraz. «Nagusien kasuan, haurren presentzia hutsak %66ra igotzen du erabilera», gaineratu du.

Lorpen kolektiboa

Xabier Balerdi Tolosako Udaleko euskara zinegotziak, azken urteetako berrindartze honen atzean modu desberdinetara bere alea jarri duten norbanako, talde eta eragileen lana goraipatu du: «Lorpen kolektiboa da Tolosako kaleetan euskararen presentzia nabarmen areagotzea».

Abenduan onartu zen herriko eragile desberdinek Euskararen Aholku Kontseiluan diseinatutako 2022-2024 Tolosako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. «Herriko premietara dimentsionatutako plana da, eta euskararen erabilera hauspotzea du helburu. Horretan jarraitzen dugu lanean Euskararen Aholku Kontseiluko kideok», azaldu du Balerdik.

Arnasguneetan apaltzen

Iaz ere Tolosaldeko herri guztietako hizkuntzen kale-erabilera neurketa egin zen. Ikerketa horren arabera, euskararen kale-erabilera indartu egin da eskualdean azken lau urteetan: 2017an, %56,5ekoa zen; 2021ean, berriz, %60,4koa.

Eskualdeko 28 herrietako datuak biztanle euskaldunen portzentajeak kontuan hartuta aztertuz gero, emaitzetan desberdintasun handiak antzeman daitezkeela esan du Garikoitz Goikoetxea Uemako teknikariak: «Euskaldunen portzentajea %65 eta %79 artean duten herrietan, lau puntu egin du gora euskararen kale-erabilerak». 2017an %54koa zen, eta 2021ean %58koa da. «Herri erdaldunenetan euskararen kale-erabilerak goranzko joera duen bitartean, arnasguneetan apaltzen ari da».

Tolosako kale-erabilera neurketa egiterakoan, Tolosako kaleetako elkarrizketak behatzen dituzte, eta ez tolosarren arteko elkarrizketak. «Tolosa eskualdeko buru izaki, eskualdeko herritarren erabilerak ere pisua du bertako emaitzetan», gogoratu du Goikoetxeak.

Halaber, aitortu du eskualdearentzat, eta bereziki herri txikientzat, Tolosan euskara gehiago entzuteak «garrantzia handia» duela: «Urteetan, herri txikien eragina nabarmena izan da Tolosan; esaterako, larunbat goizetan, euskara gehiago entzun izan da. Gaur egun, ordea, eragin hori geroz eta txikiagoa da. Tolosan euskara entzuteko herritarrek ez dute beste herrietatik etorri behar. Beraz, egindako lana txalotzeko, zoriontzeko eta, eskualde ikuspegitik, Tolosa izaten ari den bilakaeraren garrantzia aitortzeko eguna da gaurkoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!