Elkarrizketa

«Entzun moduan pentsatzen dut, eta pentsatu moduan idatzi»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 15a, 07:59

Musikeneko bi ikaslek, Jon Esnaolak idatzitako 'Harri eta Herri 'obra interpretatuko dute, etzi, Topic-en, 19:00etan; estreinakoa ez bada ere, lehen aldia baino hobea izango dela esan du.

Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako ikasleak Ikasturte Bukaerako Kontzertu Astea egiten ari dira herriko txoko ezberdinetan. Ostiralean borobilduko dute ekimena, Topic-eko saioarekin. Aurrez, Jon Esnaolarekin (Tolosa, 2000) izan da ATARIA, bere Harri eta Herri obra interpretatuko dutelako. Horrela deskribatzen du bere burua: «Kontzeptuak obra bilakatzen dituen igorle bat besterik ez naiz, nire ideiak melodiaz janzten dituen diseinatzailea»

Zertan aritu zara azken hilabeteetan?

Konposizioa graduko lehen maila amaitu berri dut, eta aurtengo ikasturtean, obra ugari idatzi ditut. Horietatik lau nabarmenduko nituzke; hiru, tribunalarentzat idatzi ditut, eta bestea, jasotako eskari bati erantzunez. Erro II izenekoa da tribunalarentzat idatzitako obretako bat; biolinerako idatzi dut, eta aurrez idatzi nuen Erro (kaxarako) obrarekin abiatutako sailaren bigarren atala da. Euskal tradizioko erritmo eta melodietatik abiatuta sortutako obrak dira. Aurrerago hirugarren obra idaztea gustatuko litzaidake, beste instrumentu baterako.

Beste bi obrak ere euskal kulturarekin lotuta daude. Batetik, baritono eta pianorako obra bat idatzi dut, Arao izenekoa, Mikel Laboaren Baga Biga Higa kantuan oinarrituta. Letra osorik transkribatu dut, baita Laboak bat-batean esandakoa ere. Bestetik, akordeoi, klarinete baxu eta perkusiorako Luz oscura izeneko obra sortu dut; kasu honetan, Eduardo Txillidaren pentsamenduak instrumentuetara eramaten saiatu naiz.

Eskari bati ere erantzun diozula esan duzu.

Iazko udan, Musikeneko Maitane Arretxe ikasle irundarrak eta Sara Mendez ikasle galiziarrak deitu ninduten, obra bat egiteko eskatuz. Oporretan nengoen, Gabriel Arestiren antologia (Harriaren zikloa) irakurtzen, eta tartean, harria eta herria uztartzen dituzten poesia liburuak (Harri eta Herri, Harrizko Herri Hau eta Euskal Harria) ezagutu nituen. Arestik bete-betean bizi izan zuen frankismoa, eta berak esana da Euskal Herria harri bat bezalakoa dela, oso gogorra, baina aldi berean, gainera ur tantak eroriz gero, hauskorra.

Bere ideiak hartuta, herri eta harri hitzekin jolasean aritzea erabaki nuen. Arretxek akordeoia jotzen du, eta beraz, soinuak herria irudika zezakeela pentsatu nuen. Mendezek, bestalde, perkusioa jotzen du, harri desberdinekin perkusioa egin eta erritmoa markatu zezakeela pentsatu nuen. Nik osabarekin egindako harrizko txalaparta txiki bat ere joko du ostiraleko kontzertuan.

Azken hilabeteetan, zenbait talde saio desberdinetan aritu dira zure obrak interpretatzen, ezta?

Bai. Harri eta herri martxoan jo zuten lehen aldiz, baina ordutik hona aldaketak egin dizkiot, guztiak hoberako. Hernaniko Bandak, duela urte batzuk sortu nuen Hernaniko soinuak obra interpretatu zuen apirilean, eta larunbatean berriro joko du; herriko doinu tradizionalak hartu eta nire modura moldatu nituen. Maiatzean, berriz, Arao estreinatu zuten, Donostiako Tabakaleran, Musikenek antolatutako XXI. mendeko musikagileen topaketan.

Ardura handia da zuretzat beste batzuek publiko aurrean zure obrak defendatzea?

Sormen lana nekagarria izan daiteke, eta epeek edo datak markatuta aritu behar izaten dut. Gero, zure obrak nola interpretatzen dituzten entzutea gustagarria da. Nik musika garaikidea egiten dut, eta askori arrotzak egingo zaizkio sortzen ditudan doinuak. Batzuetan ardura handia sentitzen dut publikoak nire musika gustuko izango duen ala ez pentsatzean, baina entzuten dudan moduan pentsatzen dut, eta pentsatzen dudan moduan idatzi. Euskal tradizioa nire obretara eramaten ere saiatzen naiz; euskaldun guztiok dugu barruan Laboa txiki bat, eta guretzat irrintzia ez da doinu arrotz bat.

Inoiz pentsatu duzu zuk sortutako doinuekin disko edo bilduma bat osatzea?

Tolosan tradizio handia dago herri kulturarako, herrigintzarako, eta musikari handiak ditugu; oso polita litzateke nik egindako lana nonbait gordeta geratzea, areto itxietatik kanpo. Hala ere, oraindik hasiberria sentitzen naiz mundu honetan, eta asko dut ikasteko. Musika mota hau dibulgatzea, gainera, oso zaila da, publikoa murritza delako.

Aurrera begira, proiektu gehiago dituzu aurreikusita?

Une honetan, konposizioz beteta dut burua. Urmuga jaialdirako moldaketak egiten ari naiz Estitxu abeslariarentzat, eta Xabier Berasaluze Leturia-rentzat Gure trikitilariak abestia moldatzen ere bai. Horiez gain, Donostiako danborradarako elkarte baterako ereserki bat idazten ari naiz, Irungo bandarentzat bals bat ere bai, Ameriketatik hartutako euskal melodia tradizionalen inguruko beste proiektu batean ere buru-belarri nabil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!