Bederatzi kontzertu, blues doinuez gozatzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 15a, 11:59

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra ospatuko da Tolosand Blues jaialdiaren 18. edizioa; Euskal Herria eta Lopez Mendizabal plazetan, Zerkausian, Plaza Berrian, Frontoi eta Ilargi tabernetan eta Txurrerian izango dira emanaldiak.

Behin sanjoanak pasata, kulturaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute tolosarrek. Ekainaren 30etik uztailaren 3ra Tolosand Blues jaialdia hartuko du Tolosak. 18. edizioa izango da aurtengoa, eta beste urte batez, swing, rockabilly, blues, soul edota jazz doinuek dantzaraziko dute herria, puntako talde eta musikariekin: Mississippi Queen & The Wet Dogs, Sweet Marta & The Blues Shakers, Gaby Jogeix, Bluebird, Cesar Crespo, Nick Moss Band, Armonica Fredy Band, Serious Business eta Nico Wayne Toussant.

Denera bederatzi jaialdi hartuko ditu jaialdiak eta herriko hainbat gunetan izango dira: Euskal Herria eta Lopez Mendizabal plazetan, Zerkausian, Plaza Berrian, Frontoi eta Ilargi tabernetan eta Txurrerian.

Izarne Iglesias kultura zinegotziak azaldu duenez,  herriko agenda kulturalak ez du etenik izango Tolosan: "Tolosak berriro ere bat egingo du blues, soul eta jazz doinuekin udarari ongietorria emateko, maila handiko taldeekin".  Etenik gabe, 2005. urtetik antolatzen den jaialdia da Tolosand Blues, eta "dagoeneko hitzordu garrantzitsua bilakatu da tolosar guztiontzat".

Aurtengo edizioaren programazioa "oso orekatua" prestatu dutela kontatu du Iñigo Martin antolatzaileak: "Denetarik daukagu: soul, rhythm and blues, swing, New Orleanseko doinuak, Chicagokoak... doinu ezberdin asko". Bertakoak zein kanpotik etorriak, guztiek izango dute lekua Tolosan, baina Martinek hiru izar aipatu ditu: Nick Moss Estatu Batuetako blues gitarra jotzailea, bilbotarra den Gaby Jogeix eta Iparraldetik Nico Wayne Toussant harmonika jotzailea.

Egitaraua

  • Ekainak 30, osteguna.
    • 20:00. Mississippi Queen & The Wet Dogs, Euskal Herria plazan.
  • Uztailak 1, ostirala.
    • 19:30. Sweet Marta & The Blues Shakers, Ilargi tabernan.
    • 22:30. Gaby Jogeix, Plaza Berrian. 
  • Uztailak 2, larunbata.
    • 13:00. Bluebird, Lopez Mendizabal plazan.
    • 19:00. Cesar Crespo, Zerkausian.
    • 22:30. Nick Moss Band, Plaza Berrian.
    • 00:30. Armonica Fredy Band, Frontoian.
  • Uztailak 3, igandea.
    • 13:00. Serious Business, Txurrerian.
    • 20:00. Nico Wayne Toussant, Plaza Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!