Barakaldoko erailketa matxista salatu dute

Ataria 2022ko ekainaren 13a

Barakaldon izandako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Euskal Herriko hainbat herritan, tartean, Tolosan. Bihar, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian eta Anoetan egingo dituzte.

Tolosari dagokionez, Tolosako Asanblada Feministak deituta egin dute protesta, Trianguloa plazan. Bihar, bi mobilizazio izango dira, bat Aiztondoko mugimendu feministak eta Akain eta Lurgatz talde feministek deituta, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian 19:30etik aurrera; eta bestea, ordu berean, Anoetako plazan bertako mugimendu feministak deituta. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista lelopean egingo dituzte protestak, 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako 114. emakumearen heriotza salatzeko.

Barakaldon ama hil izana leporatuta 53 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak aurreko ostegunean. Emakumea apirilaren 26an zendu zen, Gurutzetako ospitalean. Erietxeko osasun langileek indarkeria zantzuak sumatu zizkioten hilotzari, auzi medikuei eman zieten abisua, eta ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!